Soziolinguistika Klusterrak EHUgaz alkarlanean egin dauen 'Jendaurrean erabili' proiektua aurkeztu barri dabe

Bizkaie! 2016-10-03 08:30   Euskerea berbagai

Ekintza eta ikerketea buztartzen dituan proiektu honek, euskerazko komunikazino publikoa errazteko eta hobetzeko alkarlaguntzako sarea jarri dau abian.

Jentaurreko euskerazko komunikazinoa gauzatzeko momentuan dudak edo zailtasunak dituen erakunde eta enpresei, jardun horretan laguntzeko baliabideak eskaintzen deutsez Soziolinguistika Klusterarren eta EHUren arteko egitasmo honek. Praktika-komunidade bat osotu da horretarako, enpresa eta erakundeek alkarrengandik ikasi eta alkarri laguntzeko gunea dana.

2015etik hona bederatzi erakundek hartu dabe parte praktika-komunidadean, horreek dira ADEGI, AEK, Athletic, UPV/EHU, EITB, ELA, Getxoko udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Guggenheim Museoa. Orain, proiektua jentaurrean aurkezteagaz batera, erakunde guztiei zabaltzen jake sare horretara gehitzeko aukerea.

Ekitaldi honetan, beraz, orain arte egindako prestatze lana ezagutzera emon da, eta horregaz batera, proiektuak hemendik aurrera izango dauen ibilbide publikoari hasierea emon jako. Aurrerantzean, proiektuaren ganeko informazinoa www.jendaurrean.eus helbidean eskuragarri egongo da.

Kontuak kontu, lehen fasean parte hartu dabenn erakundeetako komunikazino arduradunek prestakuntza saioak izan ditue, igazko zemendian hasita. Horreen ondoren, gogoeta edo eztabaida saioa izaten eben, eta bederatzi erakundeetako komunikazino arduradunen eretxiak eta ekarpenak batu ditue. Horreek oinarri hartuta ekin deutso ikerketeari EHUko eta Soziolinguistika Klusterreko ikerketa taldeak.

EHUko Euskara errektoreorde Jon Zaratek unibersidadearentzat tresna oso garrantzitsua dala azaldu dau; batetik, etorkizuneko profesionalak izango diran ikasle euskaldunak prestatzen dituelako. Bigarrenik, EHUk badauelako ezagutza zientifiko bat eta adituak diran profesionalak, proiektuari ekarpen handia egin deutsienak. Hirugarrenik, erakundearen beraren komunikazino beharretarako ezinbesteko laguntza izango dalako sarea osotzen daben ganerako erakundeen esperientziak ezagutzea, eta eurek eurenak azaldu ahal izatea.

Proiektua diruz lagundu dabe hainbat erakundek; besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasuneko Zuzendaritzeak. Mikel Irizar zuzendariak parte hartu dau aurkezpenean. Proiektua joan dan hamarkadan sortu zala gogoratu dau, eta hasieratik ezagutu dauela berak. Komunikazinoan euskerea lehenestea bi hizkuntzen arteko orekea lortzeko modua dala azpimarratu dau. Era berean, erakundeen prentsaurreko eta ekitaldi publikoetan euskerea erabilteko protokolo komun baten aldeko aldarria egin dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu