Eusko Jaurlaritzeak euskerearen bizibarritze prozesua azaldu dau Korsikan
2016-09-28 08:24 Euskerea berbagaiPatxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordeak berbaldi bi emon ditu Mediterraneoko uhartean, Linguimondi biltzarrean. Euskerearen Erakunde Publikoko Mathieu Bergé be bertan da.
Korsikako Lurralde Alkargoa bertako hizkuntza politikea zehazteko lanean dabil eta kanpoko esperientzien barri jakin nahi izan dau Linguimondi biltzarraren bidez. Hurrengo urteetan hartu beharreko neurriak eta korsikera bizibarritzeko moduak aztertuko ditu Lurralde Alkargoak, parte-hartzaileen esperientzietatik abiatuta. Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordeagaz eta Euskerearen Erakunde Publikoko presidente Mathieu Bergégaz batera, bretoieraren eta katalanaren inguruko adituak be batu dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza politikearen nondik norakoak azaldu ditu Baztarrikak berbaldi bitan. Marko legala, Euskadiko hizkuntza politikearen antolakuntza-egiturea eta baliabideak izan da sailburuordearen berbaldietako baten izenburua. Bestea, HABEren eta euskaltegien sistemearen ganekoa izan da. Biltzarrean entzule izan dira, Korsikako hizkuntza politikearen arduradunak ez eze, hango gobernuko agintari nagsietako batzuk be, esaterako, Korsikako Gobernuko presidente Gilles Simeoni.
Jaurlaritzeak azaldu dauenez, Korsikako erakundeek eta adituek interes handiz hartu ditue Baztarrikaren berbaldi biak eta, azalpenen ostean, alkarrizketa mamitsuak sortu dira. Euskal Autonomia Erkidegoan 35 urteotan ezarritako estrategiak eta antolamenduak kontuan hartzeko erreferenteak izango dira korsikarrentzat, errealidade soziolinguistikoak desbardinak izan arren.
Korsikako Lurralde Kolektibidadea NPLD sareko kidea da, hau da, Europan hizkuntza aniztasuna bultzatzeaz arduratzen dan alkartekoa. Gaur egun, Jaurlaritzea da, Patxi Baztarrikaren bidez, NPLDko presidentetzea daukan erakunde publikoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!