Euskaltzaindiak eta EHUk euskerazko tesien Koldo Mitxelena sariketea antolatu dabe
2016-09-27 08:52 Euskerea berbagaiUrte birik behin egiten da deialdia, euskeraz egindako ikerketea bultzatzeko. Aurtengoa bosgarrena da.
Bost jakintza arlo nagusietan sari bana emongo dabe aurten: Artea eta Giza Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak; Osasun Zientziak; Zientziak; eta Injinerutzea eta Arkitekturea dira bost alorrak. EHUn 2014ko irailaren 1etik 2016ko garagarrilaren 31ra bitartean defendidutako doktore tesiak aurkeztu ahal izango dira. Tesiaren hizkuntzetako bat euskerea izan beharko da.
Antolatzaileek azaldu dabenez, urtero 400 tesi inguru aurkezten dira EHUn, horreetatik 40 bat euskeraz. Euskaltzaindiak azpimarratu dauenez, euskeraz idatzitako tesien balioa bikotxa da: Batetik, ganerako tesien moduan, jakintzea zabaltzen eta sakontzen laguntzen dabe. Bestetik, euskerearen normalizazinoan ekarpena egiten dabe.
Koldo Mitxelenak (1915-1987) ondo baino hobeto jakin izan eban horreek alderdi biak buztartzen bere ibilbide akademiko oparoan. Euskerearen ganeko jakintzea handitu eta gizarteratu eban bere lanen bidez. Era berean, arlo zientifikoan euskereari lekua egin eutsan. Horregaitik, euskerazko tesien lehiaketeari Koldo Mitxelenaren omenezko izena ipini deutsie EHUk eta Euskaltzaindiak.
Bosgarren aldiz antolatu dabe Koldo Mitxelena sariketea. Tesia idatzi dauen doktoreak berak aurkeztu behar dau hautagaitzea, sarietarako hautagai izan nahi badau. Horretarako, eskabide orria bete behar dau Euskaltzaindiaren webgunean, eta tesiaren kopia bat aurkeztu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!