'Lan handiaren fruitua' izan da 'Om', Izaro Andresen lehenengo diskoa

Dabi Piedra 2016-09-21 12:41   Musikea

Crowdfunding bidez lortu dau mallabiarrak Om plazaratzeko dirua. Momentu gazi-gozoak izan ditu grabazinoan baina emoitzeagaz oso pozik dago.

Izaro Andresek, Izaro izen artistikoa erabilita, orain dala urte gitxi ekin eutsan kantautore ibilbideari, gazte-gaztea zala. Om diskoa aurrerapausua eta barritasuna da ibilbide horretan, hainbat alderditatik begiratu ezkero: Alde batetik, lehenengo estudioko lana dalako eta, bestetik, bandeagaz joten ikasi behar izan dauelako.

Halandabe, bakarlaritzat joten dau Izarok bere burua eta diskoan be hori erakusten ahalegindu da. Kantetako berba guztiak berak idatzi ditu eta musikea be berea da. Kanta guztietan, Izaroren ahotsa da ardatza, musikariak laguntzaile baino ez dira. Alde horretatik, alboan izan dituan musikariei eskertu egin deutse jarrera hori: Ni kantautore legez ikusten jakin dabe, nire estiloa ulertu dabe eta hori pribilegioa izan da, azaldu dau Izarok.

Iker Lauroba, Oriol Flores, Ane Bastida eta Julen Barandiaran dira Izaroren taldekideak. Hauxe dabe lehenengo alkarlana, baina abeslariak urte askotarako bandea izatea nahi dau. Bakarlari izatearen aldean, banda bateko kide izateak dakarzan aldaketak ikasi behar izan ditu eta horretarako taldekideen babesa izan dauela azpimarratu dau. Musikari onak eta persona zoragarriak topau dodaz, adierazo dau Izarok.

Ahalegin handia eskatu deutso diskoak eta, momentu gazi-gozoak egon diran arren, azken emoitzeagaz oso pozik dagoala esan dau: Lan handiaren fruitua izan da. Eskaintza batzuk izan dituan arren, diskoa crowdfunding bidez plazaratzea erabagi dau, holan ez deutsat inori ezer zor, publikoari baino ez.

Hamahiru kanta dakarz, beraz, Om diskoak, Izarok idatzitakoak danak. Euskeraz dagoz gehienak, baina ingelesezkoak eta gaztelaniazkoak be badagoz. Kantetako berbak personalak dira, neure-neureak, azaldu dau mallabiarrak. Alde horretatik, oso disko intimistea dala dino, artistearen sentimenduak agirian geratzen dira. Bizi izan ez dodan ezeren ganean ez dot idazten, ganeratu dau. Musikea sortzeko orduan, Nora Jones, Adele eta Rosana eta Pedro Gerra kantautore kanariarrak ditu inspirazino iturri, besteak beste.

Om izenburua aukeratzeko, erespide bitxia erabili dau Izarok: Nire izena baino laburragoa dan izenburua nahi izan dot eta, egia esan, hori ez da erraza. Meditazinoan, sakontasun handiko kontzeptua da Om, Izarok bizitzea eta disko honen produkzinoa zelan ikusi dituan erakusten dau: Bizitzan dana da ziklikoa, gauzak behin eta barriro bueltetan dira eta, disko honetan be, ikusi dot momentu gatxen ostean onak etorri dirala.

Bilboko Kafe Antzokian joko dabe Izarok eta taldekideek barikuan, hilak 23. Ondoren, Lloyd Cole-ren telonero izango da Valentzia, Madril, Santander eta Donostiako kontzertuetan. Urriaren 2an Oñatin joko dau, barriro banda formatuan, eta zemendira arteko bira luze bati ekingo deutso. La Garrigan, Bartzelonako Euskal Etxean, Eskoriatzan, Durangon, Ziburun, Ondarroan, Legorretan, Lekeition eta Tolosan joko dau.

Zuzeneko emonaldiak istorio baten modukoak izatea nahi dau Izarok, ez daitezala kanta solteak alkarren atzetik izan. Horretarako, aurreratu dau kontakizun laburrak sartuko dituela abestien artean, kontzertu guztiari hari bat emoteko.

Diskoaren azala

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu