Izaro Andres: 'Ezeren aurretik kantautore sentiduten naz'

Koldo Isusi Zuazo 2016-07-04 09:03   Barriketan

Kantautore mallabiarra

Mallabian, orain 23 urte jaiotako Izaro abeslariak gogor ekin deutso musikari ibilbideari. Zortzi urtegaz hasi zan musika eskolan eta eskusoinuagaz hasi bazan be, gitarrea dau orain lagun. Betidanik konposatu izan ditu kantuak, 13 urte zituanetik edo. Aurrerago konturatu zan abeslaria izatea nahi ebala eta orain hiru bat urte horretan hasi zan. Konbo izeneko taldean abesten dau eta aurten inoiz baino gusturago dabil, uda osoa bakarlari moduan plazaratuko dauen lehenengo diskoa grabetan pasauko dauen arren. Euskeraz, inglesez eta gaztelaniaz kantetan dau eta igazko Paradise kantua izan zan abiapuntua, youtuben 32.000 entzunaldi baino gehiago dituan kantua.

Egunotan, barriz, Donostiako Muir Estudioan dabil 13 kantu izango dituan diskoa grabetan eta tartetxu bat egin deusku gure galderei erantzuteko.


1.- Diskoaren grabazino lanetan zabize egunotan eta lana nahikoa aurreratuta dozue. Zelan doa gauzea? Nortzuk zabize?

Bai, hamar bat egun daroaguz eta gauzea oso ondo doa, pozik gagoz baina jaubetu naz lan handia dala disko bat grabetea, zeozegaitik egun bat aldrebesten bada, hurrengo egunerako bikotxa dozu egiteko eta holan egunero. Talde polita gabiz, Iker Lauroba, gitarra eta pianoetan, Oriol Flores, bateria eta perkusinoetan, Julen Barandiaran eta Ane Bastida bajuak sartzen eta ni neu. Donostiako Muir estudioan gabiz eta Yon Vidaur da produktorea.

Danok ulertu gara oso ondo, giro ederra dogu eta nahikoa martxa polita daroagu; astebete edo faltako bajaku be, orain artekoagaz oso gustora nabil.


2.- Bakarka ala taldearen babesagaz hobeto?

Ez neuk jakingo esaten, taldearen babes honek bermatzen deust bakarkako lana be eta nik neuk bakarlari moduan barruan daukadan guztia atera eta euren ekarpenagaz neure kantuek jazten dituen lagunekaz bikain nabil protagonismo, ego eta holako kontuak bazterrrean itxita. Suberte handia daukat eta ez dakit hobeto baina azken aldion sano disfrutetan nago nire bandeagaz.


2.- Goteo plataforman crowfounding kanpainea jarri zenduan martxan eta oraindino zabalik dagoan arren, erantzuna oso ona izan da... Diskoaren autoprodukzinoa egiteko beste?

Bai, hiru astean irabazi genduzan lau mila euro inguru eta oso pozik gagoz, jenteari eskerrak emon bihotzez, oso inplikauta dagoz gure zaleak eta proiektua, diskoaren grabazinoarena eta zarratzeko beste lortu dogu. Azken orduan piano edo konponketa batzuk egin behar badira be, beste nasaitasun bategaz egin ahal izango doguz eta lasaitasun hori oso inportantea da. Ganera, kontzertuetan eta ataraten dogun ganerakoa be inbersino moduan hartzen dogu eta, beraz, autoprodukzinoa, autokudeaketea sano karua dala jakinda, pozarren gagoz jentearen erantzunagaz.


3.- Zer dira zuretzako Daniel del Valle, Oriol Flores eta Iker Lauroba?

Daniel del Valle, nire hasierea, tiraka atara ninduana izan zan, mundu musikal izaugarri handia dagoala erakutsi eustan eta musika ikasketa formalik euki ez arren, musikako mundu horretan, teoria ondo egon daitekela baina praktikea nahikoa dala hasteko sinistuarazo eustan. Benetan eskertzend eutsat bide hori zabaldu izana.

Iker Lauroba niretzat aingeru guardakoa da, irribarrea ahoan, edozertarako beti dago prest, egunak zenbat ordu daukazan berarentzat ez dakit baina mila gauza egiten ditu egunero eta beri dauka astia eta pazientzia inori jaramon egiteko.

Oriol Flores, barriz, deskubrimendua izan da niretzako, maila musikalean eta espiritualean konektau dogu eta lagun-lankide oso inportantea da. Iker eta Oriol erabagiorrak izan dira nire kantuak zer diran jakinda, euren gozotasunagaz jazteko. Zoriontsu egin nabe.


4.- Atzera egin eta 2015eko Paradise kantua aitatu behar derrigor, youtuben egun 32.000 entzunaldi baino gehiago dituan kantua. Holako arrakastarik ez zenduan esperoko?

Inondik inora ez genduan espero holakorik. Ezustean etorri jakun arrakastea eta oso lagungarria izan da guretzako, jentea baegoala hor jakiteko eta gure indar guztiagaz lan gehiago egiteko. Paradise kantua Bilbon lagunartean, ezelako esperantza barik, grabau genduan; tartean izan ziran Xabimen Aretxabaleta lagun handia orain be gitarreagaz laguntzen deustana kantuak apaindu eta txukuntzen; nik Paradise proponidu neutson eta Ina Arriolaren laguntzinoagaz grabau genduan audioa eta Sara Fantovak, Bartzelonan Zinemea ikasten dabilen bilbotarrak, grabau eta muntau zituan irudiak.

Hortik aurrera, suberte handia izan da Paradise Ben Sharrock-en Pikadero filmaren soinu bandan txertatzea. Donostiako Zinemaldian estreinau eben eta gero badakizu film hori saritua izan dala eta abar.


5.- Ama abeslaria izateak be zeresana izango eban seguru baina kontua da ze zortzi urtegaz musika eskolan hasi eta eskusoinua aukeratu zenduala. Zelan gogoratzen dozuz momentu hareek?

Amari asko gustetan jako kantetea eta badakit berak be gurako leukela musikari izan baina ez eban aukerarik izan eta besterik ez bada, etxean kantetan dau. Ganerakoan, Mallabikoa, herri txiki batekoa izanda, eskolatik kanpoko zereginak izaten ziran panderoa, trikitixea edota korua. Normal antzean hasi nintzan baina ez daukat holako gomuta berezirik.


6.- Noiz erabagi zenduan abeslaria izan nahi zenduala? Noiz hasi zinan zure kantuak sortzen?

Orain dala urte bi, udan hasi nintzan nire kantuak sortzen. Betidanik kantau gura izan dot eta gitarra bat be hortxe bueltan erosi eta etxean hasi nintzan akordeak eta ikasten. Aurrerago Daniel del Vallek erakutsi eustan gehiago. Konposatzen hasi eta hortik aurrera ezin naz geratu, idaztea asko gustetan jat. Arte adierazpen asko dagoz baina adierazpen horreetako batek erakarten eta liluratzen bazaitu, oro har arteagazko enpatia izango dozula esango neuke. Horregaitik ibili naz ni artearen adar horreetan guztietan, benetan maite dodana topau arte eta uste dot topau dodala dagoeneko.


7.- Ahots hipnotikoa, sensuala daukazu eta horixe da zure arma nagusia. Jasokunde abesbatzan be ibilitakoa zara baina non eta zelan ikasi dozu holan kantetan?

Ez dot lanketa berezirik egin eta egia esan koru baten abesten dozunean, normalean ez dabe zure ahots propioa topetan, beharrizanaren arabera kokatzen zaitue hor edo hemen. Nik uste dot orain pare bat urte edo etxean abesten eta nengoala, ez dakit zelan, baina bapatean hasi nintzan tonu lasaiagoan abesten, nire ahotsa topetan eta pisukidek esan eustien gehiago kantau behar nebala gelatik kanpo. Holantxik hasi nintzan, ezelako prestaketa berezirik barik.


8. Euskeraz, inglesez eta gaztelaniaz kantetan dozu. Zergaitik?

Euskerea nire ama-hizkuntzea dalako, gaztelania niren bigarren hizkuntzea da eta inglesa beti gustau jat. Arrazoi zehatzik ez daukat esateko zergaitik hizkuntza bat ala bestea erabagiten dodan. Momentu bakotxean, idazteko gogoa bizten jatanean, zelan etorri holan islatzen dot eta ezelako konpleju barik. Hizkuntza gehiago jakitea be gustauko litxakit, kantuetan be adierazmolde horreek danak erakusteko.


9.- Irratian, telebistan eta antzerkian be ibilitakoa zaitugu. Komunikatzaile, sortzaile ala abeslari-musikari sentiduten zara, ala danak batera?

Bai, nik pentsetan dot ezeren aurretik kantautore, abeslari baino gehiago ze kantetea gustau aurren, benetan gustetan jatana nire kantuak kantetea da, neuk idatzitakoak, idazten asko disfrutetan dot eta berba horreei musikea jarten be bai.


10.- Kutxa Kultur egonaldien programarako hautatutako 6 musikarietako bat zara. Zer onura ekarriko deutsu horrek?

Nik uste dot onurarik handiena dala noberari eta ingurukoei indarra emoten deuskula, hauxe baita egin nahi dodana, zoriontsu egiten nauena. 2016ko deialdian jaso dituen 68 proposamenetatik, neugaz batera Amor De Tokyo, Ane Lux, Charlie and the colours, Luma eta Perlak taldeak aukeratu ditue. Musika talde amateurrei euren profesionalizazino-prozesuan laguntzen deutse Kutxa Fundazinoak 2013an abiatu eban programa honek: entseguak egiteko lokalak eskaintzen deuskuez, baita grabazino estudio batean bideoklip profesional bat grabetako aukerea be, edota aholkularitza profesionala eta sei kontzertutan joteko aukerea (berbarako, irailean Igeldon egingo dan Kutxa Kultur festibalean).


11.- Jaioterritik hur, Matienan emon behar dozu uda parteko hurrengo kontzertua garagarrilaren 16an eta aurrerago etorriko dira gehiago. Orain arte, Bilbon, Gau Zurian eta beste leku batzuetan emondako kontzertuetan ze harrera igerri dozu publikoan?

Oso ona. Asko emozionau naz kontzertuetan jentea nire kantuak abesten ikusita; Bilboko Gau Zuria ekimenean harrituta geratu nintzan ze 50 urte inguruko gizon koadrila bat egoan aurre-aurrean eta nire kantuak abesten; oso aberasgarria begitandu jatan, gazteak zein edadekoak identifikauta sentidutea neure musikeagaz. Bilboko hitzordu horretan, niri gehien gustetan jatan zati bat kantau eban publikoak eta emozinoaren emozinoagaz negargurea be etorri jatan, oso polita izan zan. Ez da erreza musika munduan leku bat egitea baina apurka-apurka bagoaz. Ganera, deigarria da eta polita begitantzen jat, diskoa plazan izan barik be zelako oihartzuna izan daben nire kantuek, berbarako, Honey, Paradise eta Astelehenak kantuek. Publikoa nire haurdunaldiaren parte izan da, ikusi nabelako kantuak ni bakarrik kantetan, bandeagaz gero eta erditzea eurekaz batera egin ahal izatea oso polita izan da.

Ganerakoan, kontzertuakaz jarraituz, Matienakoaren ondoren, Soraluzen kantauko dot, hilaren 16an; eta egun bi aurrerago, 18an, Otxandion. Abuztuan, barriz, Lekeitioko Malekoia txiringitoan izango naz 11n eta Donostian, barriz, abuztuaren 15ean.


12.- Industria musikala asko aldatu da azken urteotan baina ez deutsue eskaintzarik egin diskoetxeetatik eta?

Bai, egon dira deiak, hartu-emonak, akordio luzapen batzuk, eskaintzak eta baina momentuz nahiago dot prozesua astiro egin, neure buruaren jaube izan eta ez dot ezelako loturarik gura, ez dot inogaz ezkondu gura oraingoz. Hasierako pausu honeek norberak emotea oso garrantzitsua dala pentsetan dot eta aurrerago zeozer badago ondo hartuko dot duda barik.


13.- Bost urte barru non ikusten dozu zeure burua?

Musikeagaz lotutako zeozertan gura neuke egon. Eta oraingo musikariakaz inguratuta egotea gustauko litxakit. Bizitza musikal aktiboa espero dot bost urte barru be, jakitun naz oso gatxa dala baina hau da nire pasinoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu