Urtzi Goiti: 'Transmisinoa da liburuaren helburua, ondarea galdu ez daiten'

Koldo Isusi Zuazo 2016-09-19 08:58   Barriketan

Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara liburuaren egilea Koldo Zuazogaz batera.

Koldo Zuazo eta Urtzi Goiti Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) irakasleak dira Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara - Gure berbak geureak direzelako liburuaren egileak. Liburuak hiru atal nagusi ditu: lehenengoan gramatika egiturea erakusten da; bigarrenean, hiztegia dator eta, hirugarrenean, berbakera horreen egitura dialektala eta ondorioak azaltzen dira. Ahalik eta irakurle gehienek erabilteko atondu dabe liburua; hiztegiari eta egitura dialektalari jagokezan atalak edozeinek irakurteko modukoak dira. Lehen atala, gramatikeari jagokona, teknikoagoa da, baina gaia interesetan jakonarentzako zailtasunik bakoa.

Eskualdeko hiztuna dan Urtzi Goiti leioaztarrak gustora emon deuskuz ikerlanaren gorabehera guztien barri.


1.- Liburua idazteko momentuan ze irakurle izan dozue gogoan? Adituentzako ala kaletarrentzako liburua da?

Biak izan doguz gogoan. Liburuaren egitureari erreparauta, gramatikearen ganeko lehenengo atala akademikoagoa, teknikoagoa da eta, beraz, filologoentzako eta adituentzako atala izan daiteke baina interesa dauenarentzako zailtasun bakoa; bigarren eta hirugarren atalak, barriz, edozein irakurleentzako pentsauta dagoz, hiztegiari eta egitura dialektalari jagokozan atalak, hain zuzen be.


2.- Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdea, 25 herri dagoz tartean eta ez al da eremu zabalegia hartu dozuena? Eskualde bakotxak ez al dauka ezaugarri berezirik?

Galderea aproposagoa izango litzateke dialektologian eta euskalkietan aditua dan Koldo Zuazorentzat baina esango deutsut bibliografia aztertuta eta azterlanak eginda, ikusi genduala zeozelako batasuna badagoala egon. 25 udalerri dira, zati handia da baina horreen danen artean badagoz ezaugarri zehatz batzuk; hori bai, eskualde bakotxak bere berezitasunak daukaz eta hori be liburuan islatu dogu.


3.- Mendebaldeko euskalkia ez da euskalki homogeneoa eta hainbat azpieuskalkitan sailkatu daiteke: 8 talde, zehatz esateko, ezaugarri morfofonologikoetan oinarrituta. Zuok aukeratutako eremuan ba al dago azpieuskalkiak bereizterik?

Hiru eskualde zehaztu doguz liburuan (Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdea) eta azpieuskalkiak ete diran esatea lartxu izan daiteke. Azpieuskalkien banaketea maila geografikoan askoz be handiagoa da. Azpieuskalkien mapan, sortaldekoa, tarteko bat eta sartaldekoa dira multzo nagusiak; azken horretan, ipar sartaldeko azpieuskalkia legoke eta hor barruan, aldaerak dagoz, azpieuskalkiak baino aldaerak aitatuko neukez, azpieuskalki izateko nahikoa nortasunik ez daukienak.


4.- Zu zeu leioaztarra izanda, bertako berbakerea darabilena, lagungarria izan da hori lanerako?

Bai, duda barik. Ni izatez ez naz filologoa, irakaslea naz UPV/EHUn eta biologoa ikasketak egin nituan. Baina gure herriko euskerearen egoereagaz arduratuta, beti ibili naz Leioa eta inguruetako berbak eta berbon aldaerak batzen eta duda barik sano baliogarria izan da hori liburuko hiztegia osotuteko. Ganera, gure aztergaiak eremu oso zabala hartu dau eta jakinik Iñaki Gamindek lan handia egin dauela udalerri askotako euskerearen ganean, horreek danak batu eta erabili izan doguz hiztegia egiteko.


5.- Zelan egituratuta dago liburua? Zeintzuk dira atalak?

Lehenengo zatian azterketa gramatikala sartu dogu, fonologia, morfologia eta sintaxiaren berezitasunakaz. Bigarren zatian, hiztegia agiri da, 572 berba dituana; berba gehiago be badagoz baina, berbarako, baserri munduagaz lotutako asko ez doguz sartu, gure gizartean lekurik ez dabelako, txorien izenak be aldatu egiten dira herri batetik bestera eta horreek be ez doguz sartu, duda barik, interesgarria da horreek ezagutu eta gordetea baina liburuaren helburua beste bat izan da.

Hirugarren atala, barriz, ondorioena da; berba bakotxaren erabilera geografikoa azaldu eta interpretetan saiatu gara, hau da, zelan sortu diran alderak, nondik datozen desbardintasun geografikoak eta abar. Esangura horretan, sorpresa bat baino gehiago hartu dogu, berbarako, ikusi dogulako Mungia lako herri handia ez dala bateragune zentroa, berbeteari jagokonez, ez dala hegemonikoa; hain zuzen, haren mendebaldean dagozan herriek (Jatabe, Gatika, Laukiz, Lemoiz)  Uribe Kostagaz egiten dabe bat eta, ostera, ekialdean dagozanetan (Meñaka, Bakio, Gamiz-Fika) beste euskera mueta bat egiten da. Azken batean, batasun gune izan beharrean, berbeten arteko mugea da. Horrezaz gan, Mungia barruan bertan be ez dago batasunik, Atela, Larrauri eta Emerando auzoak Mungialdeko berbeta multzoan sartzen dira; Birle eta Atxuri, barriz, Uribe Kostara begira dagoz.


6.- Hiztegira 572 sarrera eta 63 azpisarrera batu dozuez, nahikoa atal potoloa. Liburu esateko, libiru eta libru lako berbak jasoko zenduezan. Aztergai izan dozuen eremu horretako beste berba berezirik nabarmenduko zeunke?

Bai, zerrenda luzea bota neike. Gure inguru honetan errieta esateko, sokorru egin esaten dogu; Txorierrin, Zamudio eta Leioa bitartean, zotina esateko guk hemen kiketza erabilten dogu; eskualde osoan, Bizkaia osoan igon, egun eta guk ien erabilten dogu; urrun eta hurbil esateko, guk asao eta paraje erabilten doguz; amaginarrebari aube esaten deutsagu; ilen berbea be nabarmenduko neuke, astelehena esateko, nahikoa gitxi entzuten dan berbea. Uribe Kostan eta Txorierriko herri batzuetan eta Orozkon baino ez da erabilten. Ipar eta hego, holako ardatz bat dago berben eta adieren banaketan.

Oro har, nahikoa hiztegi aberatsa dala esango neuke, gure eskualdeko, Bizkaiko ipar-sartaldeko berbak ezagutzeko bidea emoten dau. Sarrera bakotxak bere itzulpena be badauka, batuerara eta behar danean, azalpentxua eta adibideak be agiri dira, zein kasu eta testuingurutan erabili eta abar.


7.- Liburuak 189 orrialde ditu eta horreetatik 100 inguru hiztegiak hartzen ditu. Berba asko kanpoan itxi dozuezala jakinda, bihar-etzi jarraipena izan leike  hiztegiak, ba al dago nahikoa materialik ?

Ez dira asko kanpoan itxi doguzanak eta lehen esan deutsudan lez, nahikoa berba lokalak dira, kasu askotan aldaerak, berba diferenteak baita baserri batetik bestera be. Euskalkia txarto dabilen lekuetan pasetan da hori. Baina badago lana egiteko eta duda barik interesgarria izango litzateke baserri girokoak, txorien izenak eta bestelakoak jaso eta argitaratzea, hori gure ondarea dalako eta ez dalako galdu behar.


8.- Mapak be tartekatu dozuez liburuan. Zer agiri da horreetan?

Ondorioen atalean agiri dira mapak eta irakurleentzat sano interesgarriak izango diralakoan nago. Hiztegian sartu doguzan berba batzuen banaketa geografikoa, non erabilten diran eta modu grafikoan adierazo dogu eta horregaitik dinot jenteak gustora hartuko dituala. Berbarako, justuri berbearen kasuan, gure eskualdean erreferentzia egiten deutso tximisteari eta erabilten da Leioatik hasita Bakiora arte eta aztergai izan dogun eremutik kanpo be bai, Bermeon, Deba Garaian, Oñati, Arrasate eta Eskoritza inguruan, baita Burundan be, Nafarroako Sakanan, hemen, barriz, tximista adiera izan beharrean, trumoiarena dauka. Euskeraren eboluzinoa ezagutzeko bidea be emoten deuskue mapok.


9.- Bitxikeria legez, liburuaren azalean ume bat eta edadeko emakume bat agiri dira. Ba al dago esaterik nortzuk diran?

...Nire alabea eta ama dira... Transmisinoarena sinbolizau gura izan dogu, hiztegiaren eta liburu osoaren helburua: transmisinoa, hor dogun ondarea galdu ez daiten.


10.- Aurrera begira, antzeko proiekturik badozue?

Jakin badakit Koldo Zuazo badabilela bizkaierearen ganeko liburu bat atontzen. Segurutik datorren urterako edo prest eukiko dau eta argitaratzeko moduan izango da. Eskualde mailakoa barik, mendebaldeko euskalkiaren azterketa osoa izango da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu