EAS, Euskerearen Adierazle Sistemea proiektu europarra da dagoeneko

Bizkaie! 2016-09-19 08:36   Euskerea berbagai

Euskerearen bilakaerea era jarraituan neurtzeko tresna zientifikoa eskainiko dau EASek, unean uneko argazkia emongo daben 29 adierazleri esker.

Euskerearen Adierazle Sistemea (EAS) proiektuaren Batzorde Sustatzailea osotzen daben herri-aginteek (Jaurlaritzea, Nafarroako Gobernua, Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoa (EEP) eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiak) egunotan Donostian izandako bileran onartu dabe EAS proiektuari jagokon FEDER finantziazino hitzarmena sinatzea. Joan zan maiatzean, FEDER diru-funtsa kudeatzen daben Europako herri-aginteek proiektu hau diruz laguntzea ebatzi ebenetik, batzordearen onespena besterik ez zan falta EASek izaera europarra haryzeko. Batzordearen onespena jaso ondoren, laster sinatuko dau Jaurlaritzeak, proiektuaren lerro-buru danez, aitatutako finantziazino hitzarmen hori, ganerako erakunde guztien izenean.

Eusko Jaurlaritzearen lidergoagaz marxtand agoan proiektu honek euskerearen bilakaerea era jarraituan neurtzeko tresna zientifikoa eskainiko dau, unean uneko argazkia emongo daben 29 adierazleri esker. Adierazleok, proiektuan partaide diran herri aginteen adostasunaren emoitza dira, eta, besteak beste, hizkuntza politiken helburuak finkatzeko, politika publikoak egoki lantzeko edo gizarte eragileek euren egitasmoak egoki zehazten laguntzeko lanabes egokiak izango dira.

Proiektuaren zaintza teknikoa bere gain hartzen dauen Batzorde Teknikoa be badauka EASen organigrameak, eta bertan parte hartzen dabe, besteak beste, aurrez aitatu diran erakundeez gan, euskerearen lurralde guztietako unibersidadeetako ordezkariek. Era berean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak Iñaki Martinez de Luna soziolinguista ospetsua izentau dau proiektuaren zuzendari tekniko.


Europako erakundeen onespena

EAS proiektuak Europako erakundeen onespena jaso izanak, ondorio esanguratsu bi baditu. Bata, proiektuak Europako finantziazinoa jasoko dauela. Zehatz, EAS proiektuak dauen 598.488 euroko aurrekontuaren % 65 ordainduko dau FEDER-POCTEFAk. Ganerako % 35 partaide diran erakundeen artean ordainduko da, bakotxak dauen partaidetzearen arabera (Eusko Jaurlaritzeak % 55, EEPk % 15, Euskarabideak % 15 eta % 5na Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek).
Bestetik, proiektu europar izateak EASen ekarpena Europako beste zenbait eskualdetarako baliogarria gerta daitekeela be esan nahi dau. Izan be, sendotasun zientifiko handiko abiapuntua izan daiteke EAS, bizibarritze prozesuan dagozan hizkuntzen bilakaerea ezagutzeko.


Zer da Euskerearen Adierazle Sistemea (EAS)?

Euskerearen eremuan hizkuntza egoera sozialaren barri emongo dauen adierazle multzoa da Euskerearen Adierazle Sistema (EAS) era planifikatuan eta sistematikoan diseinautakoa eta era iraunkor eta antolatuan datuz elikatu eta eguneratuko dana. Hizkuntzearen egoerea eta bilakaerea jasoteko eta ezagutzera emoteko helburua dau EASek; gizartearen esparru desbardinetan hizkuntzak une jakin batean dauen zabalkundea eta denporan zehar dauen bilakaerea zehatz-mehatz azaltzeko balioko dauen erreminta izan behar dau.

Hizkuntzea ez da aztertuko fenomeno isolatu lez, fenomeno sozial lez baino. Gizartearen bestelako fenomenoak be aztertuko dira hizkuntza-egoera sozialean eragina daben neurreian: jazoera demografikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak... Horregaitik, EAS osotuko daben 29 adierazleak be hainbat eremuz arduratuko dira: hezkuntza arloa, arte eta kultura eremuko adierazleak, lan esparrua, produkzino editoriala, administrazinoa, edo euskalduntze-alfabetatzea, besteak beste.

Hezkuntza arloko adierazleek, adibidez, derrigorrezko hezkuntzaz nahiz unibersidade mailako ikasketen ganean ipiniko dabe arretea, eta besteak beste, ikasleen eskolako hizkuntza erabilerea, ikasleen hizkuntza eredua, unibersidadean eskainitako kredituen hizkuntza edo euskeraz ikasten daben ikasleen kopurua islatuko dabe.

Adierazle guztiak paradigma zientifikoan oinarrituak, sendotasun tekniko handikoak eta ondo dokumentatuak izango da. Era berean, adostua izango da adierazleen hautaketea eta definizinoa.

Euskerearen Adierazle Sistemaren proiektua iraunkorra izateko jaioa da, eta 2017ko amaierarako aurreikusten da erabiltzaileen esku jarteko egin beharreko lanak amaitzea.


Publikoa eta adostasunean oinarritua

Titulartasun publikoa izango dau EASek ezaugarri nagusi, zerbitzu publiko iraunkorraren bokazinoz eregia baita. Proiektua, ganera, onarpen zabalekoa izango da, adostasun politiko, sozial eta tekniko ahalik eta zabalenean oinarritua ari baita garatzen. Kuantitatiboa izango da batez be EAS, baina alderdi kualitatiboak be izan leike lekua. Eremu geografikoari jagokonez, bestetik, euskerearen lurraldeak izango ditu jomuga, ahaztu barik egungo mundu globalizatuak muga geografikoak askotan gainditzen dituala. EAS proiektuaren partaideak, honako erakunde honeek dira: Eusko Jaurlaritzea (lerro-burua), Nafarroako Gobernua, Euskerearen Erakunde Publikoa (EEP), eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiak.


Norentzat eta zertarako?

Euskerearen Adierazle Sistemearen erabiltzaileak, euskerearen alorreko adituak dira, eta baita euskerearen bilakaereari buruzko interesa dauen edozein herritar be. Erabiltzaile espezializatuen artean, honako honeek aitatu beharko litzateke: herri-administrazinoak, gizarte-eragileak, hezkuntza arloko eragileak (irakasleak eta material-sortzaileak), unibersidadeko irakasle eta ikerlariak nahiz beste hainbat arlotako eragileak (hedabideak, marketin, komunikazino eta publizidade-enpresak, zerbitzu enpresak eta bestelako eretxi-sortzaileak…). EAS proiektuko adierazleek oinarri sendoa emon beharko deutse aitatu eragile horreeei guztiei, besteak beste, hizkuntza-normalizazinoaren inguruko eztabaida publikoa parametro arrazionaletan gauzatzeko, hizkuntza-politiken helburuak finkatzeko, politika publikoak egoki lantzeko, nahiz nork bere egitasmoak egoki zehazteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu