Euskerea erabilteko konbita egiten dauen Txantxangorria ikustarazoteko jarduerak Getxon

Bizkaie! 2016-09-15 13:48   Euskerea berbagai

Getxoko Udalak datozen bi urteotan kanpaina bat sustatuko dau, Txantxangorriaren irudia eraikin publikoetan ikustarazoteko eta udalerriko alkarteek eta herritarrek be erabil deien.

Getxoko Udalak Euskerearen Txantxangorria ekimenaren barruan (HAKOBA, Hizkuntza politika gaietarako Herri Administrazinoen Koordinazino Batzordeak antolatuta) aurrera daroazan jardueren barri emon dau, Euskadiko hainbat erakundek eta alkartek legez. Ekimenaren helburua da herritarrei euskerea erabilteko konbita egin eta aldi berean hizkuntzea erabilten dabenakaz jarrera atsegina erakustea be, sinbolo bakar baten bidez, HAKOBA osotzen daben Eusko Jaurlaritzea, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Aldundiak, EUDel eta UEMA erakundeek sustatuta.

Getxoko Udalak datozen bi urteotan kanpaina bat sustatuko dau, Txantxangorriaren irudia eraikin publikoetan ikustarazoteko eta udalerriko alkarteek eta herritarrek be erabil deien. Esangura horretan, egun euskerearen erabilereari lotutako Bizi logoa ordezkatuko dauen Txantxangorria erabilten hasteko pausuak emoten dabiz, irudi bakar bat izateko.  


Jarduerak

Txantxangorriaren irudia ezagutzera emotea izango da kanpainearen lehenengo urtearen helburua eta horretarako irailean asteko Getxoberri argitalpenaren mantxetan agertu da argitaratuta. Udal webgunean be ikusgai izango da eta Getxon Eman Hegoak Euskereari lelopeko 300 kartel be jarriko dira. Hilebete honetan neurri handiko biniloak ipiniko dira udal bulegoetako eta egoitzetako kristaletan eta lurrean, esate baterako, Musika Eskolan, Kultur etxeetan, kiroldegietan, Turismo Bulegoan...

Bestalde, txantxangorri bat egingo da PVCan, ekimenagaz bat datozen alkarteek eta eragileek argazkia atera deien eta horreek gero zabaltzeko. Ganera, zemendian, gazteei zuzendutako txapelketa bat antolatuko da eta horretan aurretik udalerrian ezkutautako txantxangorria topau beharko dabe, sare sozialen bitartez eskainitako pisten bidez.

Azkenik, Udalak 4.000 pegatina txiki banatuko ditu herritarren artean, eskuko telefonoan, agendan, ordenagailuan, karpetan zein edonon jarteko, euskereagazko jarrera positiboa erakusteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu