Euskerearen arnasguneak indartzeko proposamenak egin deutsiez UEMAk eta Kontseiluak Jaurlaritzeari

Bizkaie! 2016-09-15 08:45   Euskerea berbagai

Datorren legealdian Eusko Jaurlaritzeak lurralde antolaketarako gidalerro barriak onartuko dituala eta, Ana Oregi sailburuagaz batzartu dira UEMAko eta Kontseiluko ordezkariak, plangintza horretan arnasguneak kontuan hartu daitezan.

Unai Fernandez de BetoƱo, Paul Bilbao eta Josu Labaka Gasteizen, Jaurlaritzearen egoitzan | Ikusi handiago | Argazki originala

Lurralde Antolakuntzako sailburuak azaldu dauenez, 2018rako prest euki nahi dau Eusko Jaurlaritzeak EAEko Lurralde Antolaketearen gidalerro barrien egitasmoa. Orain, eragileakaz batzarrak egiten dabil Oregi, proposamenak jasoteko, eta UEMAren eta Kontseiluaren txandea izan da asteon. Josu Labaka UEMAko lehendakaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Unai Fernandez de Betoño UEUko kidea izan dira batzarrean.

Euskerearen arnasguneak indartu, garatu eta aintzat hartzeko proposamenak egin deutsiez Oregiri. Biztanle gehienak euskaldunak diran eta kalean zein etxean gehienek euskeraz berba egiten daben lekuak dira arnasguneak eta euskerearentzako gune horreei eustea ezinbestekoa dala azpimarratu dabe UEMAk eta Kontseiluak. Unai Fernandez de Betoño eta Iñigo Urrutia unibersidadeko irakasleek egindako ekarpenak eroan ditue batzarrera.

Arnasguneak babesteko proposamenak Jaurlaritzearen plangintzeagaz bateragarriak dirala ziurtatu dabe aditu biek. Zortzi puntuko ekarpena egin dabe. Besteak beste, arnasguneen kontzeptua hobeto zehazteko eta garapen orekatua lortzeko proposamenak dira. Ganera, prebentzino neurriak edo neurri zuzentzaileak izenekoak aintzat hartzeko eskatu dabe. Hau da, eskualde edo herri euskaldun bateko hizkuntza dinamikak kaltetu leikezan proiektuak geratzeko aukerea egotea, lur eremu bereziak babestu eta zabalduta.

Era berean, euskerearen plan saktoriala ahalik eta arinen egiteko eskatu dabe UEMAk eta Kontseiluak, euskaldunen densidade handiko lurraldeak babestu eta eskualde batzuen berezitasunetan sakontzeko. Euskerearen eta lurraldearen inguruko politikak erkidego guztian zehatzago hausnartu eta bideratzera deitu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu