Emakume bertsolarien esperientziak jaso dituan ikerketa bat aurkeztu dau Emakundek
2016-09-14 13:44 BertsolaritzeaGema Lasarte EHUko irakaslea izan da ikerketearen zuzendaria, eta lantaldea osotu dau beste lau ikerlarigaz batera: Amaia Álvarez Uria, Ana Isabel Ugalde, Pablo Lekue eta Judit Martínez.
Emakunde - Emakumearen Euskal Institutuak Emakume bertsolariak. Ahanzturatik diskurtso propiora izenburuko ikerketea aurkeztu dau. Ikerketa hau Emakundek urtero genero eta bardintasunaren gaiak lantzen dituen lanei emoten deutsezan hiru beketako baten emoitzea da. Gema Lasarte EHUko irakaslea izan da ikerketearen zuzendaria, eta lantaldea osotu dau beste lau ikerlarigaz batera: Amaia Álvarez Uria, Ana Isabel Ugalde, Pablo Lekue eta Judit Martínez.
Ikerketea egiteko, sakoneko alkarrizketak egin jakez 35 emakume bertsolariri, eta jardunean dagozan 200 bertsolariren informazinoa jaso ahal izan da galdetegien bitartez. Egindako sakoneko alkarrizketetatik ondorioztatu daiteke emakume bertsolariek ahalduntzerako lurralde barri bat sortu dabela eta bide honetan kontzienteki lanean dabilzala, aurrean topautako zailtasun guztien gainetik eta historian zehar jasan daben isiltasunaren gainetik.
Hegemonikoki gizonena izan dan eremura emakumeen hurreraketea ahalbidetu daben faktoreen artean dagoz bertsolaritzearen modernizazinoa, bertso-eskolen sorrerea eta garapena (ikasleen artean orekatua dago emakume eta gizonen presentzia), genero identidadea eregitea, erreferenteen agerpena (Maialen Lujanbio da duda barik XXI. mendeko erreferentzia nagusia danentzat), eta emakumezko bertsolariek egindako ekimenak.
Ikerketeak dakarrenez, alde emozionala oso faktore garrantzitsua da emakumeak oholtzara igon ahal izateko eta bertsolaritza munduan jarraitzeko. Izan be, oraindino be txapelketetan nagusi da gizonen kopurua. Autoestimua eta segurtasuna lantzea erabagigarria da entzuleen aurrean inprobisau ahal izateko, hain zuzen, segurtasun faltea izaten baita emakumeen bertsolaritza aktiboa ixteko arrazoietako bat. Esangura horreetan, emakume bertsolariek lan handia egin dabe emakumeen ahalduntzea bultzatzeko. Holan, 2009. urtean Bertsozale Alkarteak Genero Batzordea jarri eban martxan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!