'Gernika'

Karolina Almagia 2016-09-12 10:26   Zinema kritikak

Errepublikea zuzentzen ei eben sobietar komunista errukibako eta psikopata batzuk dira arerio nagusiak film honetan, eta ez tropa frankistak edota piloto naziak.

- Zuzendaria: Koldo Serra.

- Gidoia: José Alba, Carlos Clavijo Cobos, Barney Cohen.

- Argazkia: Unax Mendia.

- Aktoreak: María Valverde, James D'Arcy, Jack Davenport, Burn Gorman, Irene Escolar, Ingrid García Jonsson, Julián Villagrán, Álex García, Joachim Paul Assböck, Bárbara Goenaga, Víctor Clavijo, Natalia Alvarez-Bilbao.

- Produktoreak: Pecado Films / Travis / Sayaka / Gernika The Movie.

- Iraupena: 110 min.

- Herrialdea: Espainia.

- Balorazinoa: 2/5

Produkzino arazo asko gainditu eta gero, azkenean estreinau da Gernika, Koldo Serra getxoztarraren bigarren film luzea, Bosques de Sombra lenenengoagaz zerikusirik ez dauena. Gure historia barriaren jazoera ezagunen eta dramatikoenetariko bat kontetan dauen pelikula honek nazinoartean banatua eta zabaldua izateko jaio dan enkargu bat izan da.

Jakin bagenkian amodiozko istorio bat izango ebala argudio nagusia: kazetari amerikar baten eta neska errepublikar baten artekoa, gerra-barriemoileen munduan girotua, hain zuzen be. Jakin bagenkian fikzinoa zala eta dan-dana ez euskuela kontauko jazo zan legez.

Baina espero ez genduana izan da gaizto-gaiztoenak errepublikar bandoan topetea. Ikuslego estadubatuarrari begira-edo, Errepublikea zuzentzen ei eben sobietar komunista errukibako eta psikopata batzuk dira arerio nagusiak film honetan, eta ez tropa frankistak edota piloto naziak. Egoera sinistezin hau are absurdoago bihurtzen da areto guztietan dagoan bersino bikoiztuan, ze atzerritar guztiek (soldadu naziek, kazetari amerikarrek zein sobietar errusiarrek) gaztelaniaz berba egiten dabe.

Ez da hori gidoiaren huts bakarra. Tensino dramatikoa traketsa da, momentu guztiz sinistezin batzuk tarteko dirala, eta amodiozko istorio legez apenas funtzionetan dau.

Maila estetiko bisualean ederra da eta estilo klasikoko filmaketea zuzena da, nahiz eta musikearen erabilerea erredundantea egin jakun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu