Jabi Jaio: 'Hemen ibili zan jenteak egokitzen jakin eban'

Koldo Isusi Zuazo 2016-09-12 08:12   Barriketan

Eubako pasiotarren komunidadeko nagusia

Datorren irailaren 17a egun esanguratsua izango da Euskadiko kultura eta hezkuntzearentzat. Egun horretan, 60 urte beteko dira pasiotarrek Euban (Amorebieta-Bizkaia), Orueko tontorrean, euren ikastetxea zabaldu ebenetik. Hasiera batean abadetegia izan zan, ondoren, 70eko hamarkadan, ikastetxe —San Gabriel ikastetxea— bihurtu zan eta 80ko hamarkadatik gaur egunera arte Lauaxeta Ikastoleak jarraitzen dau bertan.

Urteurrenaz eta berba egiteko Eubako pasiotarren komunidadeko nagusia, Jabi Jaio konbidau dogu eta hona hemen berak azaldu deuskuzanak.


1.- Milaka ikasle igaro dira Eubako ikasgeletatik eta orain, abadetegi eta San Gabriel ikastetxearen garaiko ikasle ohiek osotutako Pasiotarren Lagunen Kultur Alkartea 60. urteurrena ospatzeko egitaraua prestatzen dabil. Zenbat min edo burukomin izan da tarte horretan?

Bai, danetariko egoerak bizi izan doguz 60 urte horreetan eta burukominen artean diktadurea eta zentsurea aitatu daitekez. Eta, jakina, hasiera-hasierea be gogorra izango zan seguru leku egokia topau, etxea eregi, seminario denporea eta abar baina momentu gogorrak baino hemen ibili zan jenteak egokitzen jakin ebala nabarmenduko neuke, seminarioa indarra galtzen hasi zanean, ikastetxea egitea pentsau eben eta gero eta ikasle gehiago hurreratzen hasi zan; horrek sekulako meritua dauka. Horrezaz gan, euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lana be ez da ahaztu behar. Laster etorri zan ikastolea abiarazoteko proiektua be eta nik uste dot momentu pozgarriak gehiago izan dirala mingarriak baino. Gure buruan orain lagun eta hemen ikasle ibilitakoen topaketea dogu, ahalik eta jente gehien erakarri eta egun ederra pasau gura dogu.     


2.- Eta zenbat poz edo momentu gogoangarri?

Esan deutsudan lez, ibilbide luze horretan emon diran pausuak azpimarratuko neukez. Momentu gogorretan asmau egin eben bildur barik hartutako erabagiakaz. Besterik nabarmentzekotan, inguruagaz, egoereagaz eta hemen egiten ziran Euskal Jaiak aitatuko deutsudaz. 59an edo hasita, Euskal Jaiak egiten zituen hemen, inguruetako hainbat jente etorten zan eta mutikotan geu be ikusle lez baina parte hartzen genduan eta sekulako erantzun ona izaten eben ekitaldiok Zornotza eta Durangalde osoan.


3.- Pasiotarren ikastetxeetatik igaro diran Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta baita Galiziako ehunka ikasle batuko dira Euban irailaren 17an. Ehunka anonimo horreen artean, egun gizarteko sektore desbardinetan dagozan entzute handiko lagunak be izango dira. Bateren bat aitatuko zeunke?

Ez dakit zenbat batuko garen baina eskaintza zabala egiten gabiz eta ehunka lagun batzea espero dogu. Esan dozun lez, seminariora etorten ziran Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Galiziatik be bai eta lurralde horreetako lagunak geugaz izatea gura geunke. Helburua lagun artean egotea da eta hemen pasautako momentu onak eta ez hain onak gogoratzea. Bitxikeria lez esango deutsut bart konbita egin neutsala hemen gurean eraikuntza lanetan ibilitako arginari, segoviarra da, gizon jatorra, hemen auzoan bizi da eta oraingoz ez dau ezetzik emon...


4.- 1948 eta 1956 urteen artean, eraikuntza lanak egiten ziran bitartean, Euban egondako lehen hiru pasiotarrak —Balendin Mendibe, Julian Gerrrikagoitia eta Teodoro Orue— gogoan izango dozuez...

Bai. Egun horretan, historiako azalpen sakonak eta baztertu arren, Oruekoa zelan hasi zan gogoratuko dogu eta hor tartean zeresa handia izan eben Balendin Mendibe, Julian Gerrrikagoitia eta Teodoro Oruek; omenaldia baino gehiago lan handia egin eben eta eredugarri izan ziran lagunak gogoratu eta euren jardun hori autortu, horixe da asmoa, besterik ez. Atara kontuak, bizirik dagoz hasieran ibilitako ikasle bi, batek baietza emon deusku eta geure artean izango dogu, bestea ez dakigu etorteko moduan izango dan. Hasiera-hasieran ez baina aurrerago moja pasionistak be, sukaldean, erropak garbitzen eta laguntzaile izan genduzan eta horreetako batzuk be izango doguz 17ko hitzorduan.   


5.- Gogoan izango dozuez Gabiriako (Gipuzkoa) eta Deustuko (Bizkaia) ikastetxeetatik Eubara joandako lehen 110 ikasleak eta eurakaz joan ziran eta bizirik dagozan pasiotarrak: Asensio Belamendia, Koldo Sarasola eta beste batzuk. Lehen talde haretako ikasleak izango dira ospakizunetan eta baita ikastetxearen lehen urteetan lanean ibili ziran Martzel Andrinua eta Eleuterio Laurruskain pasiotarrak be...

Gutariko asko Gabiriatik pasautakoak gara eta han egoan eraikuntza-seminarioa txiki geratzen hasita egoala ikusita, orduantxe pentsau zan leku zabalago baten preminea egoala, ikasteko, jolasteko eta abar eta hor tartean, aitatu dozuzan horreek hasi ziran Bizkaian leku eder baten bila eta zorionez, hemen Oruen topau eben, Euba ingurua aukeratu eben. Horreek guztiak gogoan izango doguz, zelan ez, hemengo sorreran sekulako garrantzia izan ebelako. Ganera, Martzel Andrinua eta Eleuterio Laurruskain parrokia inguruko pastoraltza, berbaldi, gogo jardun eta holakoetan ibilten ziran eta eurak izan ziran Euskal Jaiak antolatzen be hasi ziranak.


6.- Urteurrenaren ospakizunean Eubako historia ezagutzera emoteaz gan, gogoratu gura da ikastetxe horrek, batez be diktadurearen urte gogorretan, euskal kultureagaz eta batez be euskereagaz izan eban loturea eta konpromisoa bai gelen barruan —euskara klaseak emonez eta Bidez aldizkaria argitaratuz— zein geletatik kanpo...

Bai, lehen be esan deutsut zeozer. Hemendik pasau garen danok gogoan daukagu momentu haretan ez geuntsala emoten eukan garrantzia guztia baina urteen porasuz jaubetzen zara, euskeraz seminario denporan alfabetau nintzan eta irakasleen laguntzinoagaz euskerazko Bidez aldizkaria argitaratzen be hasi ginan; hilerokoa zan eta ikasleok idatzitako testuakaz. Sasoi haretan ez egoan egungo ordenagailu eta enparaurik eta egungo egunkari eta antzekorik be ez.


7.- Ospetsuak izan ziran, 1959 eta 1979 urteen artean San Pablo Gurutzekoa pasiotarren sortzailearen eguna ospatzeko urtero antolatzen ziran Euba´ko Eukal Jaiak. Zelako jarduerak izaten ziran hor tartean?

Egun horretan euskal kulturearen inguruko hainbat ekintza antolatzen ziran: Estitxu, Lupe, Gontzal Mendibil,  Xeberri moduko abeslariek, Baserri, Azpillaga, Lazkao-Txiki… bertsolariek, Andra Mari dantza taldeak…, besteak beste, hartzen eben parte. Euskal Jai hareek gogoratzeko garai haretan parte hartu eben protagonista batzuen presentzia be izango da datorren irailaren 17a Euban.


8.- 60. urteurreneko ospakizunen artean, irailaren 17ko bazkaria zein argazki zaharren erakusketea dira ekitaldirik deigarrienak baina ez bakarrak. Zer gehiago atondu dozue?

Bai, bazkaria 14:30etan edo hasiko da eta bazkarirako: personako 30 € ordaindu behar dira honako kontu honetan: Laboral Kutxa: 3035  0033  60  0330028963.

Ganerakoan, argazki erakusketeari jagokonez, hemengo ikasle izandako Jose Antonio Urtiaga oñatiarra ibili da lanean. Danetara, 30 bat panel dira eta jenteak gustora ikusiko dituala pentsetan dot.

Egitarauari erreparauta, 11:00etik 11:30era: ondo etorria-harrerea egingo dogu parrokiaren aurrean. Antxinako ikaskideakaz batzeko eta ikastetxean igarotako pasadizoak gogoratzeko aukera ederra. Ondoren, hamaiketakoa, indarrak hartzeko. Eta 11:45 aldean, harrera ospakizn txikia egingo dogu , danon egungo pentsakera, jarrera eta enparauak errespetauta.

Eguerdian, barriz, argazki zaharren erakusketeak ateak zabalduko ditu eta lehengo euskal jaiak gogoan, vintage euskal jaia izango dogu jantzari, bertsolari eta abeslariakaz. Hemengo ikasle izandako bertsolariak be etorteko dira, Justo Alberdi eta Kristina Mardaraz.

Hortik aurrera, 13:00etik 14:00etara, ikastetxeko instalazinoetara bisitak izango doguz iraganetik gaurko egoerara gauzak zelan aldatu diran ikusteko. Jarraian, argazki saioa, taldeka zein banaka eta 14:30 bueltan bazkaria hasiko da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu