'Urruzunotarrak Gehituz' literatura ekimenaren irabazleek jaso dabe saria

Bizkaie! 2016-09-09 14:35   Kulturea

Ikasleen artean euskeraz idazteko zaletasuna indartzea da ekimen honen helburua, berba lauz edo olerkiz, euskerazko sormena belaunaldi gazte barrietan indartzeko.

Gaur goizean jaso dabe saria, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, 2016ko Urruzunotarrak Gehituz literatura ekimenean irabazle izan diran 20 neska-mutil gazteek. Bost egunez Elgoibarko Aubixa baserrian egonaldia egin ondoren heldu dira gazteok Lakuara. Izan be, irailaren 5etik 9ra, euren sormena lantzeko literatura-tailerrak izan ditue gazteok, baita barriro eskolara itzuli aurretik alkarregaz egun gogoangarri batzuk pasetako aukerea be. Sari banaketa ekitaldian parte-hartzaile izan dira Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordea, eta Begoña Garamendi Hezkuntza Barriztatzeko zuzendaria. 31. edizinora heldu da aurten Eusko Jaurlaritzeak gazteen literatur zaletasuna bultzatzeko antolatzen dauen lehiaketea.  


Literatura-egonaldia Elgoibarko Aubixa baserrian

Aurtengo sarituek Elgoibarko San Pedro auzoko Aubixa baserrian egonaldia egiteko aukerea izan dabe. Bertan egon dira gaur arte, eurentzat beren-beregi antolaturiko literatura-egonaldian. Sormen-lanketarako eta literatura-zaletasuna pizteko aukera ederra gazteentzat.

Bost egunez, lagun izan ditue Aubixako egonaldian Yolanda Arrieta, Maite Franko eta Jon Martin, besteak beste. Idazle, ipuinlari eta sortzaileokaz hurreko eta zuzeneko hartu-emonak izan ditue gazteek. Arrietaren eskutik, literatura tailerretan parte hartu dabe; Maite Frankogaz, barriz, antzerki-jolasak eta gaubela literarioak izan ditue; eta Jon Martinegaz, azkenik, afalosteko musika-emonaldia. Baina aitaturiko horreez gan, eskulanak egiteko tartea be hartu dabe, bai eta urteera ludikoak egitekoa be, Hondarribira eta Hendaiako Abaddia gaztelura.

Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordeak zorionak emon deutsez irabazle guztiei: Zorionak, zeuentzat dalako gure autormen hau. Zorionak era berean, zeuen garapen personalerako ez eze, euskereari eta euskal gizarteari egin deutsazuen ekarpenagaitik.

Sari banaketa ekitaldian, Heziberri 2020 planaren barruan zehazten diran eta ikasleek eskuratu beharreko konpetentziak be izan ditu berbagai Aurrekoetxeak: Konpetentzien artean, Hizkuntza eta literatura-komunikazinorako konpetentzia finkatu dogu, hau da, berbazko eta idatziko testuak egoki erabiltea euskeraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean, bizitzako hainbat alorretako egoeratan, eraginkortasunez eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz. Literatura-hezkuntza garatzea be bai, nork bere burua eta inguruko mundua hobeto ezagutzeko.


Urruzunotarrak, 31 urtez

Urte luzez indarrean izandako Urruzuno literatura-lehiaketearen jarraipena da gaur egungo Urruzunotarrak Gehituz literatura-ekimena. 31. edizinora heldu da aurten lehiaketea. Ikasleen artean euskeraz idazteko zaletasuna indartzea da ekimen honen helburua, berba lauz edo olerkiz, euskerazko sormena belaunaldi gazte barrietan indartzeko. Ez da asmo hutsa, izan be, Urruzuno saria irabazi izan daben hainbat neska-mutil egungo euskal idazle nahiz kazetari ezagunenen artean dagoz.

Urruzunotarrak Gehituz literatura-ekimena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatzen dau, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. Edadea kontuan harturik, bi kategoria bereizten dira: A kategorian, Batxilergoan eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan dabizan gazteak; B kategorian, ostera, DBHko 3. eta 4. mailetan dabizanak.


Epaimahaia

Danetara, 151 lan aurkeztu dira aurten. Epaimahaiak 22 bikaintasun-aitamen egin ditu: prosa eta poesia arloetan eta, edadearen arabera, A eta B mailetan. Poesia A atalean bost sari emon dira. Poesia B atalean, lau. Prosa A mailan, barriz, zazpi aitamen emotea erabagi dau epaimahaiak. Eta prosa B mailan sei izan dira saritutako lanak. Danetara, beraz, 20 saridun, baina 22 aitamen (22 idazlan); izan be, idazle bik bina aitamen jaso dabe, sari bana prosan eta beste bana poesian.

Egungo euskal literaturan eta kultur munduan entzute handikoak diranek osotu dabe aurten be Urruzunotarrak Gehituz ekimenaren epaimahaia: Castillo Suarez, Katixa Agirre, Leire Bilbao, Miren Agur Meabe eta Urtzi Urrutikoetxea izan dira epaimahaikide.

2016ko edizino honetan saritutako lan guztiakaz liburua argitaratu dau Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Sagastiberri bilduman. Liburua laster banatuko da eskola guztietara, eta parte-hartzaile guztiei be bialduko jake.


Saridunak aurten ondokoak izan dira:

 
Prosa A maila

Mikel Eizagirre Egiguren (Zumaia BHI).

Irati Jauregi Unanue (Jakintza Ikastola, Ordizia).

Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu BHI).

Inge Revuelta Bustingorri (Ondarroa BHI).

Manez Ormaetxe Paskual (Gernika BHI).

Irati Ramos Etxeandia (Gernika BHI).

Miren Aizpuru Bilbao (Arozena Barrueta BHI, Bermeo).

 
Prosa B maila

Peru Amorrortu Barrenetxea (Armentia Ikastola, Gasteiz).

Patricia Gutierrez Crespo (San Inazio BHI, Bilbao).

Nadin Hussein Hernandez (Usabalgo Laskorain Ikastola, Tolosa).

Lur Gaztelumendi Hernandez (Haurtzaro Ikastola, Oiartzun).

Miren Etxebarria Martinez (Lekeitio BHI).

Nerea Mendiburu Bravo (Haurtzaro Ikastola, Oiartzun).

 
Poesia A maila

Irati Ramos Etxeandia (Gernika BHI).

Saioa Etxegia Eizagirri (Usabalgo Laskorain Ikastola, Tolosa).

Maddalen Omaetxebarria Landa (Gernika BHI).

Iker Ondartza Padierna (Gernika BHI).

Olatz Martiartu Ayestaran (Lekeitio BHI).

 
Poesia B maila

Maddi Aiestaran Iparragirre (Loinazpe BHI, Beasain).

Mattin Apaolaza Cardona (Haurtzaro Ikastola, Oiartzun).

Lur Gaztelumendi Beristain (Haurtzaro Ikastola, Oiartzun).

Josu Ibarguren Elosegui (Haurtzaro ikastola, Oiartzun).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu