Maria Fernanda Di Giacobbe venezuelarrak jaso dau bart Basque Culinary World Prize saria

Bizkaie! 2016-09-09 08:39   Jan edanak

Saria urtean behin emongo jako gastronomia indar eraldatzaile bihur daitekeela erakusten dauen sukaldari bati. Sukaldetik harago gastronomia gizartean eragina izateko erabiltzea erabagiten dabenen lana nabarmentzeko balioko dau.

Donostiako San Telmo museoan egin dabe bart Basque Culinary World Prize saria emoteko ekitaldia. Ekimen eraldatzaileen bultzatzaile diran sukaldariak nabarmentzea dau helburu Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzeak sustatutako sariak, Euskadi-Basque Country estrategiaren esparruan.

Agintari eta persona ospetsuak batu dituan ekitaldian, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak emon deutso saria Maria Fernanda Di Giacobbe chef venezuelarrari. Irabazleak 100 mila euroko saria jaso dau, gastronomiaren indar eraldatzailea islatzen dauen proiektura landu daian.

Arantza Tapiaren esanetan, saria Basque Country estrategia integralaren barruan kokatuta dago. Gure alderdi sendoak eta berezitasunak abiapuntutzat hartuta, herrialde-marka horrek aktore global, bikaintasunaren eredu, bizi-kalidadearen eta gizarte-kohesinoaren eredu eta herrialde barritzaile eta lehiakor lez agerrarazoten gaitu. Euskal gizartearen balioak, besteak beste, ahaleginaren kulturea, konpromisoa, hobetzeko gaitasuna, eraldaketarako bokazinoa eta emakumeen eta gizonen aukera-bardintasuna, Euskadiren irudiagaz lotu eta nazinoartean gure aurkezpen-txartela izan daitezan lortu nahi dogu.

Munduko chef garrantzitsuenetako batzuk batu dituan epaimahaiak, El Celler de Can Rocako (Espainia) Joan Rocaren lehendakaritzapean, Di Giacobbe hautatu dau 20 finalisten artean. Kakaoaren inguruan egituratu dauen hezkuntzako, ekintzailetzako eta ikerketa eta garapeneko sarea saritu nahi izan dabe, izan be, kakaoa nortasun, kultura eta aberastasun iturri baita Venezuelan. Esangura horretan, pobrezian dagozan emakumeei aurrera egiteko aukerak eskaini deutseez, trebatuz eta txokolatearen inguruko mikroenpresari bilakatuz.

Sariari esker etorkizuna orainaldi bihurtuko dogu, Caracasen Cacao de Origen Emprendedores eskolea abian jarteko erabiliko dogulako. Milaka emakumeren indarrari laguntzinoa emongo deutsagu. Emakumeok sortutako mobimentu horren bidez hezkuntza eta komunikazino sarea eratu da herrialde osoan. Sare horrek gure kakao-hazietan dan herentzia autortzen dau, eta gure duintasuna, nortasuna eta kulturea berreskuratu ditu txokolatearen inguruko lanbidearen bitartez. Lanean jarraituko dogu pozik, inspirauta eta eskertuta, adierazo dau saridunak ekitaldian.

Basque Culinary Centerren Nazinoarteko Batzordeko kide diran hainbat sukaldarik hartu dabe parte sariduna aukeratzeko lanean, besteak beste, Ferran Adriàk (Espainia), Dominique Crennek (AEB), Heston Blumenthalek (Erresuma Batua), Massimo Botturak (Italia), Yoshihiro Narisawak (Japonia) eta Enrique Olverak (Mexiko). Horreekaz batera epaimahaikide izan dira Harold McGee ikertzaile estadubatuarra, Massimo Montari Elikaduraren Historian aditua, Laura Esquivel idazle mexikarra eta Cristina Franchini, Nazinoarteko Legean eta Ekintza Humanitarioan aditua eta ACNUR Igeslarientzako Nazino Batuen goi komisarioa.

Mondragon Unibersidadeko errektore eta Basque Culinary Centerren Patronatuko lehendakari dan Vicente Atxak esan dauenez, Basque Culinary World Prizek ekintza eta ahalegin jakin batzuk saritzen ditu, chefaren maila edo ospea alde batera itxita. Horren erakusgarri da Maria Fernanda Di Giacobbe venezuelarrak jasoko dauela gaur ekimen horren laguntzinoa, gastronomiaren eragin eraldatzailea areagotu eta beste askorentzat inspirazino izatea helburu dauena. Izan be, gaur egun sukaldari izateak erantzukizun handia dakar beragaz.

Saria emoteko ekitaldian Euskal Sukaldaritza Barriaren 40 urteak omendu ditue, izan be, orain lau hamarkadatik gune geografiko hau eredugarri eta inspiratzaile baita. Eta gaur barriro be, Basque Culinary World Prize sariagaz, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak aipatu duenez.


Maria Fernanda Di Giacobbe

Hamar urte baino gehiago daroaz venezuelarrak ekonomia-egoera ahulean diran emakumeei aurrera egiteko aukerak eskaintzen. Trebatu eta txokolatearen inguruan mikroenpresari bilakatu ditu (700 emakume inguruk mikronegozioak ditue abian haren lanari esker). Gozogintza-lantegien bidez, 8.500 bat personari emon deutse prestakuntzea Venezuelan. Era berean, hari esker, 1.500 lagunek lortu dabe Kakao Industriaren Kudeaketa diplomea Simón Bolivar Unibersidadean (ikasleen % 94 emakumezkoa da). 18 komunidade eta 60 produktore batu jakoz Cacao de Origen proiektuari. Horren bidez, kakaoa produzidu, ondu eta merkaturatzeko prozesuak hobetu ditue. Era berean, Bean to bar mobimentua sendotu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu