HAKOBAk, udal euskaltegiek eta pribatu homologatuek batera egin dabe aurten, 2016-2017ko matrikulea egiteko deia

Bizkaie! 2016-09-08 16:29   Euskerea berbagai

Irailaren amaieran amaituko da EAEko euskaltegietan izena emoteko epea, eta ikasleak jasoten hasteko prest dira 103 euskaltegi (39 publiko eta 64 pribatu homologatu), eta 1.400 euskera irakasle.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak helduen euskalduntzearen 2016-2017 ikasturtearen hasierako ekitaldi akademikoan parte hartu dau, Donostian. Sailburuaren berbaldiaren ondoren, ikasturte honetako edegiera berbaldia eskaini dau Mondragon Unibersidadeko irakasle Maite Goñik: Teknologiaren aukerak hizkuntzen irakaskuntzan. Heldu erronkari! izenburupean.

Ikasturte hasierako ekitaldia baino lehen, HAKOBA osotzen daben erakundeek (Eusko Jaurlaritzea, Foru Aldundiak, EAEko hiru uriburuetako Udalak, EUDEL eta UEMA) 2016-2017 ikasturtean euskaltegietan matrikuletako deia egin dabe alkarregaz, aurten ikasturteak dakarzan barritasun nagusiak azaldu, eta azken ikasturteetako matrikulazino datuak ezagutarazo ditue.

Prentsaurrekoan parte-hartzaile izan dira, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordeagaz eta Joxeba Erkizia HABEko zuzendari nagusiagaz batera: Lorea Bilbao, BFA-ko Kultura diputadua; Mikel Irizar, GFAko Hizkuntza Bardintasunerako zuzendaria, Koldo Iturbe (EUDEL), bai eta euskaltegietako ordezkariak be.

Barritasuna berbea erabili dau Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak HABEren jardunaren ezaugarri nagusi legez, Donostiako Eureka Zientzia Museoan helduen euskalduntzearen ikasturte hasierako ekitaldi akademikoan. Eta barritasun horren adibide aitatu ditu Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculum barria onartu izana, A1 eta A2 agiriak banatzen hasi izana, edo euskerea ikasteko moduak eta materialak barritzeko egiten dauen saio etenbakoa. Barritasuna, gizartearen behar aldakorretara egokitzeko. Barritasuna, herritar helduei gero eta zerbitzu hobea emoteko, azaldu dau.

Urtero, 4.500 euskaldun barrik urteten dabe euskaltegietatik batez beste, Uriartek nabarmendu dauenez. Euskeraz ezer jakin barik edo oso ezagutza azalekoagaz hasi eta B1 erabiltzaile independentearen mailea eskuratzen daben hiztunak, beren bizitzan euskeraz moldatzeko kapaz diran hiztun barriak. Eta beste milako asko, beren euskera mailea hobetzen dabenak, maila aurreratuetan edo adituen mailan dabilzanak.

Ikasturte hasierako ekitaldian, euskaltegiak eta HABE zoriondu nahi izan ditu sailburuak, gizarteari emoten deutsien zerbitzu bikainagaitik, eta hurreko etorkizunerako erronkea zein dan gogorarazo dau: Helduen euskalduntzerako sistema egonkorra eta iraunkorra finkatzea. Gizarte elebiduna osotzeko herritar elebidunak behar diralako. Etxean edo eskolan euskerea eskuratzerik izan ez daben herritar elebakarrei elebidun bihurtzeko aukerak eta erraztasunak eskaini behar deutseguzelako. Eta horretarako euskaltegien sistema sendoa behar dogulako, azaldu dau Uriartek.

Beste alde batetik, HAKOBA, hizkuntza politika gaietarako Herri Administrazinoen Koordinazino Batzordea osotzen daben erakundeek (Eusko Jaurlaritzea, Foru Aldundiak, EAEko hiru uriburuetako Udalak, EUDEL eta UEMA), udal euskaltegiek eta euskaltegi pribatu homologatuek batera egin dabe aurten, lehen aldiz, 2016-2017 ikasturtean euskaltegietan matrikulea egiteko deia. Eta zehatzago, Euskerearen Txantxangorriak, euskerea erabilteko konbita egiten dauen txoriak berak egingo deutse aurten euskaltegietan matrikuletako deia herritarrei.

Irailaren amaieran amaituko da EAEko euskaltegietan izena emoteko epea, eta ikasleak jasoten hasteko prest dira 103 euskaltegi (39 publiko eta 64 pribatu homologatu), eta 1.400 euskera irakasle. Ikasturte barrian (2016ko urritik 2017ko irailera) 35.000 ikasleko kopurua gainditzea da HABEren aurreikuspena.


B1 eta B2 mailak egiaztatzeko deialdi edegia

Helduen euskalduntzearen ikasturte barriak dakarren barritasunetako bat B1 eta B2 mailetan izango da. 2016-2017an, lehen aldiz, deialdi edegia egingo dau HABEk maila horreek egiaztatu nahi dituen herritarrentzat:

            - Matrikula epea: irailaren 16tik 22ra (biak barne).

            - Matrikula ordaina: 60 euro.

            - Probak: urriaren 22an / zemendiaren 24-25-26an.

            - Baldintzak: gitxienez 17 urte izatea edo 2016an betetea. Matrikula epean egin eta ordaintzea.

            - Informazino gehiagorako: www.habe.euskadi.eus atarian

    
A1 eta A2 egiaztagiriak

Amaitzear dan 2015-2016 ikasturtean lehen aldiz emon dira A1 eta A2 mailetako egiaztagiriak. Persona kopuru honeek eskuratu ditue mailok:

            A1 egiaztagiria: 1.506 lagunek.

            A2 egiaztagiria: 1.756 lagunek.

            Danetara: 3.262 lagunek  
 

Ikasle horreek guztiek, ganera, ikasgelako ebaluazino jarraituaz egiaztatu ahal izan dabe mailea, nork bere euskaltegitik urten barik. 3.262 ikasle horree edegi barria dan diru-laguntzino zuzenen onuradun izan daiteke; urriaren 5era arte zabalik egongo da eskaerak egiteko epea.


Ikasleei diru-laguntzino zuzenak

Igazko ikasturtean (2015-2016) HABEren euskara mailak edo baliokideak gainditu dituen ikasleek edegia dabe dagoeneko diru-laguntzinoak eskatzeko epea, datorren urriaren 5era arte. Aurten, deialdiak maila barri bi jasoten ditu, igazko ikasturtean lehen aldiz egiaztatu diran A1 eta A2 mailak, hain zuzen. HABEk 1.250.000 euro bideratu ditu diru-laguntzino deialdi honetarako, igaz baino % 25 gehiago.

Laguntza hauen onuradun izan nahi daben euskera ikasleek, honako baldintza honeek bete beharko ditue:

- HABEren erregistroan euskaltegi edo euskerearen autoikaskuntzarako zentro homologatu lez sailkatutako batean matrikulauta egotea 2015eko martiaren 22tik 2016ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian.

- 2015 urteko bigarren deialdian edo 2016 urteko lehen deialdian parte hartu eta jagokon mailea gainditzea.

Herri Administrazinoak finantzauta eskolatu diran ikasleak diru-laguntzino deialdi honetatik kanpo geldituko dira. Egiaztatu dan maila bakoitzeko, honako kopuru hau eskuratu leike ikasleak gehienez:

    HABEren A1 maila: 125 euro.
    HABEren A2 maila: 175 euro.
    HABEren B1 maila edo baliokidea:  550 euro.
    HABEren B2. maila edo baliokidea: 400 euro.
    HABEren C1 maila edo baliokidea: 150 euro.
    HABEren C2 maila edo baliokidea: 100 euro.

Diru-laguntzino honeen 2015eko deialdian, 3.140 onuradun izan ziran euskaltegietako ikasleen artean. B1: 870 onuradun; B2: 1.340 onuradun; C1: 930 onuradun; C2: 87 onuradun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu