Euskadiko sagar eta sagardaogileen alkarteek Euskal Sagardaoa Jatorri Izendapena sortzeko eskaerea erregistrau dabe

Bizkaie! 2016-09-06 08:48   Jan edanak

Eskaerea Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Sagar eta Sagardaogile alkarte guztiek babestu dabe. Bertako sagarrez egindako produktuari merezidu dauen duintasuna emotea da sektorearen helburu nagusia.

Euskadiko sagar eta sagardao sektoreko alkarte desbardinek Euskal Sagardaoa Jatorri Izendapena sortzeko eskaerea erregistrau dabe Eusko Jaurlaritzan, beharrezko dokumentazino guztiagaz batera. Sektoreak eta administrazino desbardinek azken urteetan egindako lanaren emoitzea da alkarte guztiak batera joan eta eskaera bateratu bat egitea.

Euskal Sagardaoa Jatorri Izendapenaren helburu nagusia da bertako sagarragaz egindako sagardaoari duintasuna emotea eta alkarte eta administrazino desbardinen artean lan egiteko marko bateratu bat sortzea.

Zutabe garrantzitsu bi ditu proiektuak: bertako sagarra eta kalidadea. Bertako sagarrari jagokonean, sektorea apustu garbi bat dago egiten azken urteetan, sagasti barriak aldatu eta sagarrak hobeto ezagutzeko, heldutasun puntu egokiak bilatzeko eta abarrerako azterketak eginda. Helburua da, zenbait urteren buruan, Euskadin beharrezko dan sagar guztia bertan sortzea eta horretarako Euskal Sagardaoa Jatorri Izendapena ezinbesteko lanabesa izango da. Bigarren zutabe garrantzitsua kalidadea da, derrigorra etorkizuneko Jatorri Izendapenean.

Eskaera honegaz, sektoreak indartu egiten dau azken urteetako lana, bertako sagarraren alde eta jatorria eta kalidadea ziurtatuta izango dituan sagardaoaren alde. Asmoa da, lehenbailehen izatea merkatuan Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko bereizgarria izango daben lehen sagardao botilak.

Egitasmoaren arduradunak Arantxa Tapia Sailburuagaz alkartu dira, proiektu barriaren inguruko azalpena emoteko. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila baita Jatorri Izendapen barriaren lehen faseko tramitazinoak egiteko organo eskuduna.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jakinarazo dau Kalidade eta Industria Elikagaien Zuzendaritzeak dokumentazinoa aztertuko dauela eta gehienez sei hilebeteko epean ezagutarazoko dabela jatorrizko izendapena sortzea onartu daben edo ez. Ebazpena aldekoa bada, bi hilebeteren buruan EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratuko litzateke eta ondoren Nekazaritza Ministeriora joko leukie. Estaduko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, Euskal Sagardaoa jatorrizko izendapen propioa indarrean egongo litzateke.

Egun, izendapen hori Asturiasko sagardaoak baino ez dauka Estaduan. Halan da be, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako sagardaoak Eusko Label bereizgarria daroa, bertako sagarrakaz eta modu naturalean produzidu bada.

Kontuak kontu, eskaerea Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Sagar eta Sagardao sektoreko alkarteek egin dabe:

Arabako Sagar eta Sagardaogileen Alkartea
Bizkaiko Sagardaogileen Alkartea
Gipuzkoako Sagardaogileen Alkartea
Sagardao Mahaia Alkartea
Sagar Uzta Alkartea
Bialka Alkartea
Fruitel Alkartea

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu