Getxoko 32. Nazinoarteko Folk Jaialdiak 27.000 lagun batu ditu

Bizkaie! 2016-09-05 12:51   Musikea

Kontzertuakaz ez eze, Folk Getxo BBK jaialdian beste jarduera batzuekaz gozetako aukerea izan dau publikoak.

Bart amaitu zan Getxoko 32. Nazinoarteko Folk Jaialdiak Xabi Aburruzagaren Keltik diskoaren aurkezpenagaz. Saio horren bitartez biribildu zan jaialdia, lau egunetan 13 kontzertu hartu dituana. Horrezaz gan, nabarmendu behar dira Tiken Jah Fakolyrena eta baita bertoko The Old Timey String Band eta Irlandako Lúnasa taldearen saio bikotxa eta baita Kepa Junkera eta Sorginak taldearen saioa. Jaialdian ez da arazorik izan musika aniztasuna eta publikoaren onarpena izan dira nagusi aurtengo Getxo Folkean.

Areetako Geltokia plazeak saio nagusiak hartu zituan. Bertan, Kepa Junkerak zabaldu eban jaialdia pasa dan eguenean Sorgiñak emakumezkoen perkusino-taldeak eta baita artista konbidadu askok lagunduta, esaterako Ibon Koteron, Pedro Lamas eta Kantabria, Asturias eta Galiziako pandero-jotzaileak. Bi ordu eta erdi baino gehiagoko kontzertuan melodia eta jantza ugariz gozau eben ikusleek. Bigarren egunean, lehenengo aldiz saio bikotxa egon zan agertoki nagusian. The Old Timey String Band talde getxotarraren Ipar Amerikako folk eta bluegrass doinuen bitartez abiatu zan gaua eta, ondoren, eskarmentu handiko Lúnasa talde irlandarrak erritmo zeltak jo zituan.

Reggaea izan zan erabateko protagonista hirugarren egunean. Tiken Jah Fakolyk, musika mueta horren artista adierazgarrienetako bat danak, jarraitzaile ugari batu zituan jaialdiaren karpapean eta jantzan jarri eban jentea bere azken laneko abestiakaz, reggaeren klasiko batzuen moldaketakaz, hain zuzen be. Azkenik, atzo bertan Xabi Aburruzagak emon eutson amaierea jaialdiari bere azken lanaren aurkezpenagaz. Portugaleteko musikariak, hanbait artistek lagunduta, trikitixa eta doinu zeltak buztartzen dituen kantu barriak ezagutarazo zituan.

Arratsaldeko saioei jagokenez, Areetako Geltokia plazaren ondoko aparkalekuan hegoaldeko musikak izan ziran nagusi. Flamenkoa eta Kubako doinuak nahasten dituan Entre Orillas proiektua, Cabo Verdeko Elida Almedia abeslari fina eta Kanariar Ugarteetako Olga Cerpa eta Mestisayren doinu atlantikoak batu ziran bertan. Era berean, Galiziako folk barriaz gozetako aukerea be egon zan Anxo Lorenzo gaita-jotzailearen eskutik.

Urtero legez, Munduko Terrazako kontzertuotan, Marinah, Ojos de Brujo talde ospetsuko abeslaria eta Ogun Afrobeat taldea izan doguz, azken hori Espainian sortutako yoruba kulturearen lehenengo taldea, hain zuzen be.

Musika eskaintzea osotzeko, umeentzako saioak be egon dira jaialdian hiru egunez: Ritmos y leyendas del mundo ekimen didaktikoa eta Ane eta piratekin parrandan! familia osoarentzako saioa. Horreez gan, Getxoko kaleetan banden desfileak izan dira eta horreen artean nabarmendu behar da zapatuan Bizkaia Zubiko plazatik abiatutakoak ikusle ugari batu zituan eta.

 
Bestelakoak

Kontzertuakaz ez eze, Folk Getxo BBK jaialdian beste jarduera batzuekaz gozetako aukerea izan dau publikoak. Gune Solidarioan, GKEek zein beste alkarte batzuek beren lana eta proiektuak emon ditue ezagutzera. Bertan Bidezko Merkataritzako produktuen salmentea be egon da. Hainbat herritako eskulanak gerturatu dituan Munduko Eskulangintza azokea be ez da falta Getxon eta aurten lehenengo aldiz izan dan World Kafea, Udaleko Immigrazino eta Kultura artekotasunaren unidadearen Zurrumurik Ez kanpainearen barruan dagoana. Azkenik, Munduko Terrazan, jatorri anitzeko jatekoak probetako aukerea izan da, besteak beste, Filipinakoak, Boliviakoak, Senegalekoak, Argentinakoak, Marokokoak eta Mexikokoak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu