Xabi Aburruzaga: 'Musika zelteari egindako omenaldia da 'Keltik''
2016-09-05 08:01 BarriketanTrikitilaria
Disko barria dakar Xabi Aburruzaga trikitilari bizkaitarrak, Keltik. Getxoko Folk Jaialdian aurkeztu dau jentaurrean, asteburuan. Hurrengo hitzordua irailaren 9an izango dau, Ermuan. Musika zeltearen eta euskal trikitixearen arteko nahasketea da Keltik diskoaren funtsa. Urteotan Aburruzagak ezagutu dituan hainbat musikarik lagundu deutsie proiektuan, 40 kolaboratzaile batu ditu guztira. Emoitzeagaz oso pozik dagoala dino, buruan erabili dauen amesa bete ahal izan dauelako.
1.- Keltik izenak adierazoten dauenez, diskoak zerikusi handia dauka musika zelteagaz ezta?
Bai, ze Euskal Herriko eta kultura zeltako musikariak batu dodaz proiektu honetan, guztira 40 parte-hartzaile inguru. Tartean dagoz Irlanda, Eskozia, Bretainia, Galizia eta Asturiasekoak. Keltik musika zelteari egindako omenaldia da, azken urteotan nire ibilbidean musika klase horregaz zerikusia daben kolaboratzaile ugari izan dodaz eta horren ondorioz hasi nintzan estilo horretako piezak sortzen. Musika zeltea da funtsean, baina euskal trikitilari baten ikuspegitik. Azkenean, entzuleak ezin dau igarri gu joan garen herri zeltetara ala eurak etorri diran gure etxera.
2.- 40 kolaboratzaile izan dozuzala dinozu, horrenbeste jente batzen dauen proiektu hau zelan jaio da?
Lehenengo kantuak idazten hasi nintzan eta behin oinarri horregaz, konturatu nintzan zelten kolore hori emoteko ezinbestekoa zala bertako kulturakaz hartu-emona eukitea. Kolaboratzaile guztiak ez doguz hona ekarri, gaur egun teknologia barriek asko laguntzen dabe era honetako lanetan. Batzuek euren etxean grabau dabe, edo euren estudioan, eta internetez bialdu ditue pistak, gero guk dana batzeko. Euskal Herriko artisten atala bai, danok batera grabau dogu.
3.- Non topau dozuz 40 kolaboratzaileak? Lehendik ezagutzen izan dozuz?
Danak nire ezagunak izan dira lehenagotik. Azken urteotan ezagutu dodazan artistak dira. Batzuk oso ospetsuak dira, besteak beste Alasdair Fraser eta Natalie Haas, Gwendal-eko lider eta flauta-jole Youenn Le Berre... Era berean, badagoz belaunaldi barrietako musikariak be, horren ospetsuak ez diranak mundu zabalean baina euren herrietan oso ezagunak. Maila handiko musikariak dira.
4.- Eta Euskal Herriko musikaririk izan dozu alboan?
Bai, bai. Txus Aranburu egon da tekladuan, Oreka TX taldekoek txalapartea jo dabe, eta nire bandako kideek be parte hartu dabe, jakina. Normalean emonaldietan boskote formatuan ibilten gara: Igor Telletxea bateria, Xabier Zeberio bibolinean, Mikel Artieda baxu elektrikoan, Aitor Antruejo gitarran eta mandolinan eta nik trikitixea joten dot. Hortaz, Euskal Herriko lagunak be izan doguz. Kanpokoak eta etxekoak batuta, oso lan osoa da hau, ni behinik behin oso gustura geratu naz.
Ganera, letrak idazten ibili dira Iñaki Aurrekoetxea eta Jon Maia. Nire betiko laguna da eta nire disko guztietan kolaborau dau Iñaki Aurrekoetxeak. Jon Maiarena barrikuntzea izan da, disko honetan kolaborau dogu alkarregaz lehenengo aldiz.
5.- Gustura geratu zarela dinozu. Zelako diskoa da, ba, Keltik?
Amesetako diskoa egin dot. Pentsetan hasi nintzan kanpoko jentea proiektuan sartzea, zerrenda bat egin neban eta banan bana joan naz ames hori egia bihurtzen. Orain, behin dana nahastauta eta prest dagoala, emoitzea entzutea gozamena da niretzat. Ikusten dot nire hasikerako idea harek zentzua izan dauela. Orain geratzen jaku jenteari erakustea eta ia publikoak gustuko dauen.
6.- Musika zeltea eta euskalduna lehenago be batu izan dira, badirudi musikarien gustukoa dala nahasketea. Zergatik buztartzen dira, ba, horren ondo?
Nik uste dot antzekotasun asko dagozala estilo bien artean. Herrialde zeltetan trikitixea joten dabe, gure moduan. Guk biribilketea daukagun moduan, hareek jig-a daukie, gure arin-arinaren parekoa litzateke reel-a, mazurkak be Euskal Herrian jo izan dira eta eurek be joten ditue... Guretzat oso etxekoa da zelten musikea eta horregaitik ni oso eroso sentidu naz hasikeratik proiektu honetan.
7.- Musikea albo batera itxi eta letreari begiratuko deutsagu. Zer adierazoten dabe diskoko abestiek?
Iñaki Aurrekoetxearen kantuaren izenburua Ametsen sorlekua da, nire txikitako oroitzapenak kontetan ditu. Nik horreen barri emon neutsan Iñakiri, nire herrira, Portugaletera bueltetan nazenean zelako oroitzapenak eukiten nituan kontau neutsan, eta nik emondako pistakaz egin dau kantua. Uste dot bete-betean asmatu dauela, letra ederra da.
Jon Maiaren kasuan, epikatik hurreko erritmo bat egoala ikusi genduan eta letra handi bat behar genduan. Pentsau genduan Jon zala era horretako letra bat egiteko personarik aproposena. Haize arrosa izeneko kantua idatzi dau berak. Diskoa egitea itsasontzi bat egiteagaz parekatzen dogu guk, artisau eran egindako zeozer balitz legez, oso tresna bereziak erabilita: Gaitak, whistle-ak, trikitixea bera... Slow food modura ikusten dogu geure proiektua. Haize arrosa be itsasontziakaz eta itsasoagaz lotutako abestia da, bat dator proiektu honen ikuspegiagaz.
8.- Diskoa zuzenean aurkezteko unea heldu jatzue orain. Zer emon leike lan honek oholtzan?
Getxon jo dogu, diskoko kolaboratzaile batzuk ondoan doguzala. Aurrerantzean boskote formatura bueltauko gara, baina ia kontzertu batzuetan gonbidaturen bat etorten dan. Gure erronka handienetako bat da zuzenekoena, honelako disko potolo bat behar dan modura defendidutea boskote bategaz.
9.- Nondik jatortzu trikitixea joteko zaletasuna?
Etxean beti trikitixa asko konsumidu izan dogu, Rufino Arrolaren diskoren bat beti egoten zan etxean. Aita be panderojolea dot, oraindino be joten dau zeozer, zaletasunagaitik. Ni zazpi urtegaz hasi nintzan akordeoia joten eta trikitixa doinuak joten nituan horregaz. Orduan, 12 urtegaz aitari esan neutsan Rufino Arrola ezagutu nahi nebala, trikitixa ikasi nahi nebala. Joan ginan Rufinorenera eta trikitixa eta guzti bueltau nintzan. Geroztik engantxauta nago. Baina betidanik, aitak eta amak autoan, bidaietan, beti ipinten eben trikitixa diskoren bat, edo euskal musikea.
10.- Pasino handia da zuretzat trikitixea. Egia da etxean pilo bat eskusoinu daukazuzala?
Bai, egia da. Gustuko dot, bidaiatzen dodanean, trikitixearen moduko tresnaren bat ikusi ezkero erostea. Ahal bada behinik behin, ez bada oso garestia. Hona ekarri eta martxan jarten dodaz tresnak, Kepa Baraiazarrarenera joaten naz, berak konpontzen ditu eta behar dan moduan afinau. Gaur egun 33 soinu daukadaz, mundu guztikoak. Kapritxosoa naz horretan, baina hain dira politak! Kanpoan nabilenean ezin dot aguantau eta baten bat ekarten dot etxera.
11.- Portugaleten, zure herrian, egon da lehendik be tradizinorik ala zeu zara aitzindaria trikitixa kontuetan?
Nik esango neuke aitzindaria nazela, baina ez nago ziur. Portugaleten beti egon dira soinu-jole handiak, pianoan, botoidun akordeoian... baina trikitixan neu izan naz lehenengoa, uste dot. Txikia nintzala, trikitixa lehenengo aldiz ezagutu neban Rufino Arrola eta Kepa Arrizabalaga San Roke jaietara etorri ziranean. Hurrengo urteetan Txilibrin, Arrola, Tomas Uriarte.. etorten ziran. Sasoi haretan ez dot uste Portugaleten trikitilaririk egoanik, baina trikitixeak baeukan presentzia. Beharbada horregaitik maitemindu nintzan tresna honegaz, trikitixak zeozer erakargarria eukala begitantzen jatan eta trikia esku artean euki neban arte ez nintzan geratu.
12.- Aurrera begira, nora bideratu nahi zenduke zure ibilbidea?
Momentuz, Keltik diskoa ezagutzera emon nahi neuke, lehenengo hemen etxean eta, gero, ahal izan ezkero etxetik kanpora. Ia zirkuituan sartzerik dodan, eta atzerrira joan. Hori da orain dodan erronkea eta, ondoren, datorrena datorrela. Gaur egungo egoeran gero eta gatxagoa da diskoak saltzea baina baikorra izan gura dot eta ahalik eta gehien jotea eta disfrutetea dira nire helburuak. Niretzat hori da inportanteena, egin dodanagaz pozik egotea.
13.- Trikitixa irakaslea be bazara. Belaunaldi barriak ikusita, zelakoa izango da trikitixaren etorkizuna?
Garbi dago aldaketak datozala, baina ni baikorra naz. Trikitixearen kasuan boom moduko bat egon zan orain dala 10 urte inguru eta orain apur bat egonkortu da kontua. Joerak eta teknikak aldatzen doaz, txapelketek indar apur bat galdu dabe, baina gero eta ikasle eta musikari gehiago dagoz. Beraz, baikorra izateko motiboak badaukadaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!