Irakaskuntza 'afektiboa' eta 'efektiboa' agindu ditu AEK-k aurtengo ikasturterako
2016-09-02 12:36 Euskerea berbagai2016-17 ikasturteko matrikulazino kanpainea aurkeztu dau AEK-k, % 100 afektiboa lelopean. Personen arteko hartu-emonak aberasteko euskerea erakustea da helburua.
Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak azaldu dauenez, AEK-n 50 urte daroaguz personakaz lanean, hemen modu afektiboan erakusten dogu euskeraz berba egiten. Ganeratu dauenez, ikasle gehienek ingurukoakaz hartu-emona euskeraz egin ahal izateko joten dabe euskaltegira eta behar horri erantzun nahi deutsie. Horixe da, hain zuzen, % 100 afektiboa leloaren abiapuntua. Seme-alabakaz, ilobakaz, lagunakaz... berba egiteko da euskerea, dino Mujikak.
Halandabe, euskerearen alderdi efektiboa, eraginkorra, be ez dabe albo batera itxi. Kurrikuluma aberastea, lanerako aukerak handitzea, da euskerea ikasteko bigarren arrazoia, Mujikak gogora ekarri dauenez.
Bideo labur baten batu dabe aurtengo kanpainearen funtsa eta kartela be sortu dabe. Irakaskuntza afektiboaren aldeko mezua zabaltzen dabe hor. Bestetik, AEK-n ikasteak balio erantsia daukala azpimarratu dau Mujikak. Esaterako, matrikulea egiten daben guztiei Aizu! aldizkariaren harpidetzea emoten deutsie doban urte guztirako.
Gizartea eraldatzeko unea da hau, ekintza sozial garrantzitsua da euskerea ikastea, euskaltegian izena emoten dauena euskeraz ulertzen eta berba egiten hasten dalako, adierazo dau Mujikak. Hiztun gehiago izatea beharrezkoa da. Horregaitik, AEK-ra erakarri nahi dabe jentea ikasturte hasikera honetan. Mujikak azaldu dauenez, ehun euskaltegi baino gehiago eta 400 irakasle inguru dagoz Euskal Herri guztian AEK-ren sarean eta askotariko eskaintzea dago ikasleen eskura. Aurten ia 13.000 ikasle espero ditue.
Uriburuetako euskaltegien sarea indartzen gabilz, dino Mujikak. Horren lekuko, bagilean Donostiako Antiguo auzoan zabaldutako zentro barria. Ganera, irailaren 22an Durangoko Abarrak euskaltegia estreinauko dabe.
Indar betean ekingo deutso AEK-k ikasturteari. Lehenik eta behin, hil honen 8an, HABEren ikasturte hasikerako ekitaldian parte hartuko dabe AEK-koek, ganerako euskaltegietako ordezkariakaz batera. Hilaren 21ean, Iruñean, euskera ikasleen jaia egongo da eta, 22an, Durangoko euskaltegi barriaren inaugurazinoa. Ez da ahaztu behar, ganera, udabarrian 20. Korrika helduko dala eta hori antolatzen be ibiliko dirala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!