Euskaltegietan izena emoteko kanpainea aurkeztu dabe Bilbon

Bizkaie! 2016-08-29 13:14   Euskerea berbagai

Bilboko Udalak eta uriko euskaltegien sareak bat egin dabe, kanpaina koloretsu baten bidez herritarrak euskerea ikastera animetako.

Euskaltegietako eta Udaleko ordezkariak, kanpainearen publizidadea daroan autobus baten alboan | Ikusi handiago | Argazki originala

Irailaren 1ean zabalduko da matrikulea egiteko epea. Bilboko Udalak azaldu dauenez, euskerea normalizetea eta erabilerea bultzatzea lehentasunezko helburuak dira eta hori lortzeko lehenengo pausua euskaltegian izena emotea da. Urian 18 euskaltegi dagoz eta 2016-17an bertan ikasteko deia egin dabe.

Kartel eta iragarki koloretsuak diseinau ditue kanpainiarako. Besteak beste, bilbobusetan agertuko da kanpainea, baita San Mameseko markagailuan be. Leloa hau izango da: El euskera para todas las personas y para todos los días.

Bilboko Udalak 164.000 euro erabiliko ditu euskerea ikasteko diru-laguntzinoetan. Holan, ume txikien gurasoek, astialdiko monitoreek eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentea jasoten dabenek laguntzino ekonomikoa izango dabe matrikulea ordaintzeko. Udan, ikasturtearen amaieran, ordainduko jake matrikulearen zati bat baldintzak beteten dituenei.

Gurasoen eta monitoreen kasuan, euskerearen normalizazinoan beteten daben zeregin garrantzitsua aintzat hartu da diru-laguntzinoak emoteko. Izan be, Bilboko ume gehienak euskaldunak dira, baina giro erdaldunean bizi dira asko. DSBE jasoten dabenen kasuan,  laguntzinoa emongo jake dirua ez daiten euskerea ikasteko oztopoa izan.

Era horretara, zubi lana egin nahi dau Udalak, uritarrak euskaldundu daitezan. Ganera, euskerea danen eguneroko tresnea izatea da asmoa. Kanpainearen bultzatzaileek adierazo dabenez, beharrizan guztietara egokitutako eskaintzea dago Bilboko euskaltegietan. Ikasturte osoko ikastaro arruntak ez eze, metodologia eta ordutegi bereziak be badagoz aukeran. Aurreko ikasturtean, 8.458 lagun ibili ziran Bilboko euskaltegietan ikasten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu