Olatz Legarza: 'Gure kirol sistemeak goi mailako kirolariak sortzen dituala ikusi da Rion'
2016-08-25 11:20 BarriketanBAT Basque Team-eko koordinatzailea
Nazinoarteko lehiaketetan parte hartu daien, goi mailako euskal kirolari ez-profesionalei laguntzinoa emoteaz arduratzen da BAT Basque Team Fundazinoa. Amaitu barri diran Joko Olinpikoetan 25 kirolari lehiatu dira fundazinoaren babespean. Urrezko domina bat (Maialen Chourrautena) eta 14 diploma irabazi ditue. Horren guztiaren balantzea egin dau Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak eta irailaren 7an hasiko diran Joko Paraolinpiarrak be aitatu ditu.
1.- Rio de Janeiroko Joko Olinpikoak amaituta, ze balorazino egin dau Basque Basque Teamek?
Balorazinoa, alde batetik, lortutako sarien araberakoa da. Gugaz parte hartu daben 25 kirolarien artean, urrezko domina bat eta 14 diploma lortu ditue. Hori oso emoitza positiboa da. Joko Olinpikoetara joatea berez da arrakastea, baina hurrengo pausua sariak lortzea da. Eta emoitzea izan da, 25 kirolaritik 15ek lehenengo hamarren artean amaitu dabela. Egia da kasu batzuetan ez dala aurrikusitakoa bete, adibidez Ander Elosegiren helburua dominaren bat lortzea zan, baina ezin izan da.
Beste alde batetik, emoitzetatik aparteko balorazinoa be egin behar da. Kontuan hartzen dogu azkenengo lau urteotan, ziklo olinpiko honetan, zelako garapena egon dan. Basque Teamen ardurea, azken finean, ez da bakarrik kirolarien errendimendua hobetzen laguntzea. Beste arlo batzuk be kontuan izaten doguz, adibidez kirolariei ikasketak egiten segiduteko tresnak eskaintzea, coaching zerbitzua be badogu... Ez da ahaztu behar goi mailako kirolariak muga-mugan ibilten dirala beti eta lagundu egin behar jake. Gugana zenbatek jo daben ikusita eta gure zerbitzuek zenbat kirolariri lagundu deutsen begiratuta, hor be balorazinoa positiboa da. Kirolarien bilakaereari garrantzi handia emoten deutsagu eta, esaterako, lehen aitatu dodan Ander Elosegiren kasua horren erakusle da: Kirol helburua ez dau bete, baina urteotan izan dauen bilakerea azpimarratzekoa izan da, ziklo olinpiko bikaina bete dau.
2.- Urrezko dominea irabazi eban Maialen Chourrautek. Basque Teamen eta euskal kirolaren ikuspegitik, ze esangura dauka lorpen horrek?
Alde batetik, domina horren atzean dagoan lana. Maialen Chourraut gazterik hasi zan gogor entrenetan, etxetik alde egin behar izan eban kirola praktiketako azpiegitura hobearen bila... Ganera, emakumea eta ama da. Guretzat, eta Euskadirentzat, erreferente bat bihurtu da. Beti izan da, baina sari honek handitu egin dau bere erreferentzialtasuna. Konpromisoa, disziplinea, apaltasuna, ideak garbi izatea eta egunero-egunero helburu bat buruan lan egitea, horixe da Maialen Chourrauten eredua. Berak kontetan dau, Londreseko Jokoak amaitu eta gero Rio 2016ko kikara bat erosi ebala eta lau urtez egunero-egunero gosaldu izan dauela horregaz, bere buruari gogoratzeko zertarako dabilen lanean.
3.- Urrezko dominea eta 14 diploma. Euskal kirola osasuntsu dagoala esan nahi dau horrek?
Bai, kontuan hartu behar dogu Euskadiren demografiari begiratuta, teorian 13 kirolariko ordezkaritzea jagokula eta 25 eroan doguz, beraz ia bikotxa. Berez, hori bada positiboa, gure kirol sistemeak goi mailako kirolariak sortzen dituala erakusten dau. Dana dala, orain aldaketarako eta gogoetarako sasoiak datoz, ze Basque Teamen espero dogu, hemendik eta hurrengo Joko Olinpikoak arte, belaunaldi aldaketea egongo dala. Goi mailan urte askoan ibili diranek seguruenez itxi egingo dabe eliteko kirola, edadeagaitik, eta erreleboa behar dogu. Orain apustuak egiteko unea da, 2020an aurtengo ordezkaritzearen neurriari eusteko asmoz.
Beste erronka bat be badogu 2020rako, ze kirol barriak sartuko dira: Surfa, softbolla, eskalada eta skateboarda. Horrek poztu egiten gaitu, ze guk lehendik be laguntasuna eskaintzen izan deutsegu horreei kirolei. Esaterako, surfean Aritz Aranburu izan dogu azken urteotan Basque Teamen eta orain Letizia Canales be sartu da. Esan leiteke, intuizinoz, gauzak aurreratzen joan garela.
4.- 2016ko Jokoetara bueltauko gara. Zeintzuk izan dira, zure ustez, Basque Teameko kirolarien momenturik politena eta tristeena?
Lehen be aitatu dot Maialen Chourrautek egindako lana. Finalean egin eban jatsierea nire ustez ikusgarria izan zan, telebistari hinkatuta egon nintzan. Alderdi negatibotik, niretzat mingarria izan da Ainhoa Muruaren kasua. Bere laugarren Joko Olinpikoak izan dira eta lesino baten erruz ezin izan dau bere amesa bete [lasterketearen erdian erretirau zan]. Hori beti da gogorra. Jokoek alde bikotx hori daukie: Batzuek euren amesak beteten ditue eta, beste batzuek, azkenengo uneko lesino bategaitik ezin izaten dabe, gogorra da.
5.- Basque Teamen barruan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kirolariak baino ez dagozan arren, uste dozu euskal selekzinoaren hutsunea beteteko balio dauela?
Guretzat aproposena izango litzateke euskal selekzinoa Joko Olinpikoetan egotea eta gure ordezkaritzea izatea goi mailako lehian. Oraingoz ez danez posible, alkarlanaren unea da, Euskadiko federazinoakaz, Espainiakoakaz, hautatzaileakaz... Gitxienez, Euskadin egiten dan lana azpimarratu nahi dogu, ze gure kirolari askok esaten dabe, hemen emoten dogun laguntasuna beste leku batzuetan ez dala emoten, hori asko eskertzen dabe.
6.- Joko Olinpikoetara joan diran kirolariek badaukie Espainiako selekzinoaren eta hango plangintza eta beken babesa. Ze onura gehigarri emoten deutse, ba, Basque Teameko kide izateak?
Kirolari batek, Basque Teamen sartzeko, goi mailako erespideak bete behar ditu eta taldeko parte danean, urte osoko beka ekonomiko bat emoten jako. Kirolari askok sei edo zortzi orduko entrenamenduak daukiez eta kontzentrazino handia behar dabe. Horregaitik, normalean lana eta ikasketak itxi behar ditue. Gure helburua da lasaitasuna emotea, babes hori sentidu daiela goi mailan segidu ahal izateko. Laguntza ekonomikoaz gan, kirolariek ikasten segidu ahal izan daien, unibersidade batzukaz akordioak doguz. Ganera, zerbitzu biomediko eta teknikoak, errendimendua hobetzeko zerbitzuak eta abar eskaintzen deutseguz. Basuqe Teamen helburua da, kirolariaren atzean dagoan personearen beharrizanei erantzutea.
7.- Joko Olinpikoen ostean, Joko Paraolinpikoen txandea da orain. Zelako ordezkaritzea eroango dau aurten Basque Teamek Riora?
Lau kirolari izango dira: Amador Granados pistako txirrindularitzan, Rakel Mateo triatloian, Asier Garcia saskibaloian eta Iñigo Llopis ugerlaria. Oraingoan, Richard Oribe kanpoan geratu jaku, bera beti izan da gure ordezkari fina, baina ezin izan eban sailkapena lortu.
8.- Ze helburu ipini deutsazue Joko Paraolinpikoetako taldeari?
Uste dot danek lan ona egingo dabela, uste dot dominaren bat ekarriko dogula, horren esperantzea badot.
9.- Joko Olinpikoak eta Paraolinpikoak Basque Teamen lana erakusteko erakusleiho aproposa dira, baina zuek egunero zabilze beharrean. Uste dozu jenteak ezagutzen dauela zuen ahalegina?
Zalantzak izaten doguz horren ganean. Duda barik, urte olinpikoetan lortzen dogu proiekzinorik handiena, telebistan kirol modalidade asko ikusteko erea dago, batzuk publikoarentzat oso ezezagunak. Guk kirol ezezagun horreetako askotan badoguz parte-hartzaileak eta egia da kirol horreetako emoitzak gizarteratzea eta medioetan arretea eskuratzea oso gatxa izaten dala. Gogorra da esatea, baina ez daukie ia interesik. Guk beste aldetik bizi dogu hori, ikusten dogu persona batzuen ahalegina zenbaterainokoa dan, lan eta lan buru-belarri, Euskadira emoitza onak ekarteko. Pena bat da gero arreta handirik ezin lortzea. Urte olinpiko hau amaitzen danean, segidu beharreko estrategia pentsau beharko dogu gizarteak ezagutzeko zenbat Europako txapeldun daukaguzan, munduko txapelketetan zer pasetan dan eta abar. Gure atal garrantzitsuenetako bat da komunikazino arlokoa. Erantzunkizun handiz hartzen dogu komunikazinoa, esaterako, Joko Olinpikoetara komunikazino arloko hiru behargin bialdu doguz, hango barri zehatza emoteko, bideoak grabetako eta abar.
10.- Kirol txikiek Euskal Herrian aurrera egin daien eta sendotu daitezan, ze beharrizan dagoz?
Nik uste dot, lehenengo eta behin, sensibilizazino lan handia egin behar dala. Kirol asko dagoz, ezagutzen ez diranak, beste batzuek daukielako medioen arretea. Umeakan egin beharreko lana be hor dago, eta gizarteak ezagutu daiala ze aukera dagoan, ez bakarrik elitera begira. Osasunerako ona da kirola egitea, eta bizitzako praktika egokia. Lan handia dago egiteko oraindino eta horretan komunikabideek be badaukie ardurea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!