Bilboko Berbalagunari emongo deutso Hau Pittu Hau konparseak Euskera Saria
2016-08-16 08:58 Euskerea berbagaiUrtero banatzen dau sari hori Hau Pittu Hauk, Aste Nagusian. Euskerearen bizibarritzeari Berbalagun egitasmoak egiten deutsan ekarpena aintzat hartu dau aurten.
Euskeraz bizitzeko aukerak gero eta handiagoak egiten ditue Berbalaguna moduko egitasmoek, azaldu dabe Hau Pittu Hau konparsako kideek, Euskera Sariaren barri emoteko orduan. Erderearen itsasoan bizi gara eta euskaldunok ez dogu laguntzino handirik jasoko, geuk emon behar deutsagu buelta egoereari, ganeratu dabe.
Bide horretan, Bilboko Berbalagunak egiten dauen ekarpena bikotxa dala azaldu dau Hau Pittu Hauk. Batetik, hizkuntzea ikasten dabilzanei, baina oraindino berba egiteko ziurtasunik ez daukienei, praktiketako aukerea eskaintzen deutse. Bestetik, konparseak dino Bilbon euskaldun asko dagozala, baina oso sakabanatuta. Ondorioz, Berbalagunak euskaldunek alkar ezagutzen laguntzen dau. Komunidadea sendotu eta erabilerea bultzatzen dau.
Urte askotako lana egin dau Berbalagun egitasmoak Bilbon, baita beste herri eta eskualde ugaritan be. Euskal hiztunak eta ikasten dabilzanak, edo euskeraz gitxitan egiten dabenak, batzen ditu talde txikietan. Helburua euskeraz berba egitea da, lagunarteko giro baten.
Hau Pittu Hauk 2003tik emoten dau Euskera Saria Bilboko Aste Nagusian, euskerearen alde egindako lana autortu eta saritzeko. Aurten, abuztuaren 25ean, 17:00etan, emongo deutse saria Berbalaguneko ordezkariei. Ekitaldia konparsen Euskalgunean egingo dabe, Arenaleko moilan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!