Juan Zelaia enpresaburu eta euskerearen bultzatzailea hil da

Bizkaie! 2016-08-10 13:09   Euskerea berbagai

Enpresen mundutik euskereari egin eutsan ekarpenagaitik nabarmendu zan Juan Zelaia oñatiarra. Bart hil da.

1920an jaio zan Juan Zelaia. Gaztetan injinerutzea ikasi eban. Familiatik etorri jakon enpresaburu izateko ardurea: Haren aitak sortutako Cegasan hasi zan beharrean 1959an. Enpresa horretako eta Hidronor eta Tuboplasteko presidente izan zan. Noticias taldeko administrazino kontseiluko burua izan da hil arte.

Enpresen bidez, euskerearen, kulturearen eta kirolaren aldeko ekimenak babestu zituan. Esate baterako, txirrindularitzako taldeak bultzatu zituan, baita 1976an Everesteko tontorrera heltzeko asmoz abiatutako Tximist espedizinoa be. Juan Celaya bekeari esker, bestalde, hainbat saiakera argitaratu dira.

Euskerearentzat ezinbestekoak izan diran ekimen ugariren sorreran lagundu eban Zelaiak. Ikastolek eta UZEIk, esaterako, haren babesa euki eben hasikerako urteetan. Lan horri esker, sarritan saritu eben. 2000n, Sabino Arana saria emon eutsien, baita Jaurlaritzearen Lan Onari izendapena be. 2002an Antton Abadia saria eta hurrengo urtean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Dominea jaso zituan. Argizaiola saria emon eutsan Durangoko Azokeak 2008an.

Haren hurrekoek azaldu dabenez, gaixotasun luze baten ondorioz hil da Juan Zelaia, 95 urtegaz. Oñati jaioterrian hil da bart goizaldean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu