Gasteiz Euskaraz Bizi dekalogoa aurkeztu dabe
2016-08-02 12:23 Euskerea berbagaiGasteizko Andra Maria Zuriaren jaiak laster hasiko dirala eta, euskalgintzako eragileek kanpainea aurkeztu dabe. Jaietan, eta urte osoan, euskeraz bizitzeko nahia adierazoten dau dekalogoak.
Gasteiz Euskaraz Bizi ekimenaren bultzatzaileek azaldu dabenez, gero eta gehiago gara Gasteizen euskeraz bizi nahi dogunok. Espazio guztietan euskeraz egiteko gogoa daukiela dinoe: Familian, lagun artean, lanean, erosketetan, sare sozialetan eta abar.
Alde batetik, euskerea alkarregaz partekatu eta disfrutetako deia egin dabe. Bestetik, eredu izateko beharra be nabarmendu dabe. Horretarako, agerpen publikoetan euskereari lehentasuna emotea, hizkuntza paisaia euskalduntzea eta hizkuntzea ikasteko erraztasunak emotea aitatu ditue. Alkarregaz euskeraz bizi, Gasteizko jaietan eta urte osoan, azpimarratu dabe.
Jaiak aukera parebakoa dira euskeraz bizitzeko gogoa zabaltzeko, ondo pasetea eta aldarrikapena buztartzen diralako, dekalogoaren bultzatzaileen arabera. Jaiak eta euskereak, biek emoten dabe disfrutetako aukerea.
Jaietarako dekalogoa sortu dabe, horrenbestez, Gasteiz Euskaraz Bizi izenburupean, eta urteko ganerako sasoietara zabaltzeko asmoz. Honeek dira dekalogoaren hamar puntuak:
EGIN: Edonon, edonoz, edonogaz... euskeraz ekin!
AHALEGINDU: Urten armairutik, egin euskerearen jaube!
ERAGIN: Izan nahia, euskerearen lehengaia.
ERABILI: Hidratau zaitez, edan euskerearen iturritik!
PLAZARATU: Ibaia itsasora, euskerea plazara.
GOZATU: Egin kosk zure zatiari, ez geratu zati barik.
PARTEKATU: Partekatu gure aterkina, #GasteizEuskarazBizi
MURGILDU: Busti, murgildu eta gozatu euskerearen uretan.
SORTU: Jarri zure piezea Gasteiz euskaldunari!
ALDARRIKATU: Euskeraz bizitzera goaz. Bazatoz?
Dekalogoaren bultzatzaileak Arabako euskalgintzako eragileak dira. Esate baterako, Arabako Bertsozale Alkartea, GEU, Lazarraga alkartea, EHE, euskaltegiak eta jaietako taldeak. Era berean, erakunde publikoen babesa daukie, Gasteizko Udalarena, Arabako Foru Aldundiarena eta talde politikoena hain zuzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!