Euskaltzaindiak Gasteizko toponimiaren 5. liburukia ipini dau interneten

Bizkaie! 2016-08-01 13:18   Euskerea berbagai

Urte hasikeran aurkeztu eban Euskaltzaindiak Gasteizko Toponimia V (Arratzua I) ikerlana eta dagoeneko nahi daben guztien eskura dago sarean.

Elorriaga herriko eleizea, Arratzuan | Ikusi handiago | Argazki originala

Lanaren egilea Elena Martinez de Madina Akademiaren Onomastika Batzordeko kide eta euskaltzain urgazlea da. Patxi Salaberri euskaltzain osoaren zuzendaritzapean eta Gasteizko Udalak babestuta idatzi dau liburukia Martinez de Madinak eta Euskaltzaindiaren Onomasticon Vasconiae bilduman argitaratu da, 31. zenbakiagaz.

Gasteizko Toponimia laneko 5. liburukian, Arratzua merindadeko leku-izenak aztertzen dira. Gaur egun, Arabako uriburuaren lurren barruan dago Arratzua eta 21 herri hartzen ditu. Horrenbeste herri daukazan ezkero, hiru liburukitan banatuko dabe Arratzuaren ganeko ikerlana. Lehenengo ale honetan, Arkaia, Arkauti, Betoñu, Elorriaga, Gamiz eta Otazuako toponimia aztertu dau Elena Martinez de Madinak.

Euskaltzaindiak azaldu dauenez, dagoeneko interneten dago konsultagai Gasteizko Toponimia V (Arratzua I). Liburuki hori eta Gasteizko toponimiaren inguruan orain arte Euskaltzaindiak argitaratutako ganerakoak, lotura bakarrean batu ditue (hemen).

Beste lau lan toponimiko dagoz argitaratuta, eta interneten ikusgai, Gasteizko Toponimia sailean. Lehenik eta behin, 2009an, Gasteizko uriguneari eta Malizaeza inguruari eskainitako liburuki bana argitaratu ziran. Ondoren, 2011n, Gasteizko Ubarrundiaren ganekoa etorri zan eta 2013an, Langraizekoa. Aurten plazaratutakoa Arratzuaren ganeko lehenengoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu