Jokin Aspuru: 'Argazkigintzearen inguruko ekosistema txiki bat eregi dau Getxophotok'

Dabi Piedra 2016-08-01 08:41   Barriketan

Getxophotoko zuzendaria eta komisarioa

Edizino biribila izango da aurtengoa Getxophoto argazkigintza topaketan, izan be, hamargarren ekitaldira heldu da. Orain arte, hiru urteko lana egiten izan dau komisario bakotxak baina aurten salbuespena egingo dabe eta Jokin Aspuruk hartuko dau ardura hori. Jaialdiaren sortzailea eta zuzendaria da Aspuru, Getxophotoren arimea. Aurten, komisario lana egitea tokau jakon arren, datorren urtean barriro kanpoko aditu bat ekarriko dabela ziurtatu dau.

Denporea gaia ardatz hartuta, irailaren 1etik urriaren 2ra bitartean egingo da Getxophotoren edizino berezi hau. Nazinoarteko 20 argazkilari ezagunen erakusketak izango dira programazinoaren erdigunea. Betiko legez, Getxoko espazio publikoak formatu handiko irudiz beteko ditue, argazkigintzea kalera atera eta herritarren eta artisten arteko alkarrizketea sortu asmoz. Artearen eta herriaren arteko lotura hori sortu izana da Aspururen satisfazinorik handiena.

 

1.- Aurreko bederatzi edizinoetan kanpoko hiru aditu ekarri eta gero, aurten zeu zara Getxophotoko komisario. Hamargarren ekitaldiak badakar aldaketea, beraz.

Bai, baina esan behar dot idea hori ez dala nirea edo taldekideona izan. Aurretik geugaz egon ziran hiru komisarioek proponidutakoa da. Hamar urteotako lana biribiltzeko modu bat izango da, danok alkartu eta edizino berezi bat egingo dogu. Horregaitik jarri naz ni komisario. Aurreko bederatzi urteotan asko ikasi dodala dinoe beste komisarioek eta nik hori guztia praktikan ipintea nahi izan dabe. Eurak be taldean izango dira, laguntzen, polita izango da. Danon artean osotu dogu programazino artistikoa eta gustura geratu gara emoitzeagaz.


2.- Beraz, aurten, komisario bakarraren figurea nabarmendu beharrean, talde lanera jo dozue gehiago.

Bai, baina argitu egin behar da aurtengo edizinoan baino ez nazala komisario izango. Datorren urtetik aurrera barriro ekingo deutsegu hiru urteko zikloei, komisario barri bategaz. Aurtengoa salbuespena da, edizino biribila, hamargarren urteurrena dalako. Ziklo bat amaitu eta beste bat hasteko erabiliko dogu.


3.- Orain arte, Getxophotoko zuzendaria izan zara eta, aurten, kargu hori komisario lanagaz tartekatu behar dozu. Zeregin guztiak beteteko astirik badozu?

Orain arte, produkzinoa eta jaialdiko gauza guztiak ondo urtetea izan dira nire ardurak. Orain, zeresanik  ez dago, bikoxtu egin jataz zereginak, negu luzea izan da eta une batzuetan ganezka ibili naz. Baina emoitzea ikusita, egindako ahaleginak merezi izan dauela uste dot. Asko ikasi dot beste komisarioakaz, zalantza guztiak argitzeko prest egon dira beti. Azken baten, honelako ardura bat hartzea gauza barria da niretzat, oso eskergarria izan da euren babesa.


4.- Urtero gai nagusi bat aukeratzen dozue Getxophoton lantzeko. Aurten Denporea da. Nondik helduko deutsazue kontzeptu horri?

Beti oso gai orokorrak aukeratzen doguz, jente guztiari eragiten deutsen gaiak: Zahartzaroa, bidaiak eta abar. Aurten hamargarren urteurrena izanik, gaia berehala bururatu jakun. Hamar urte pasau dira Getxophoto sortu zala eta denporea gai aproposa da. Argazkigintzea eta denporea beti oso lotuta egon dira, azken finean, argazkigintzeak denporea izoztu egiten dau, iragana gomutatzeko tresna baliagarria da.

Aldi berean, denporearena oso kontzeptu zabala da eta holako gai potoloa izanik, zatikatu egin dogu eta denporearen alde desbardinak erakusten ahalegindu gara. Horreek alderdi guztiak argazkigintzearen bidez zelan islatzen diran aztertu nahi dogu. Denporea ikusezina da, bere eragina edo efektuak ikusten doguz. Erronka bat da, beraz, ikusten ez dan hori irudietan agertzea.


5.- Guztira, nazinoarteko argazkilarien 20 bilduma ekarriko dozuez Getxora. Ze erespide erabili dozuz aukeraketarako?

Aukeratu dodazan lan gehienek denporearen eragin hori, arrastoa, erakusten dabe. Adibidez, Bohnchang Koo-k xaboiak atera ditu argazkietan. Munduko hainbat hoteletako xaboiak hartu ditu eta argazki delikaduak egin deutsez. Hor ikusi geinke denporearen joana. Beste lan polit bat Japonian, Fukushiman, egindakoa da, Carlos Ayesta eta Guillaume Bression-ena. Istripu nuklearraren ostean, Fukushima ingurua hutsik dago, ez da inor bizi. Naturea inguru hori barriro hartzen hasi da eta horrek, azken baten, erakusten dau gure denporea, edo gure zibilizazinoa, amaitu egin leitekela. Badagoz lan dibertigarriagoak be. Esate baterako, Irina Werning-ek denporeagaz jolasten dau. Personen argazki zaharrak hartzen ditu, umeak ziranekoak, eta hortik abiatuta, erretratu hori errepetidu egiten dau, jantzi bardinakaz eta leku berean, baina gaur egun. Gero, argazki biak, zaharra eta oraingoa, alkarren alboan ipinten ditu eta, holan, iragana orainera ekarten dau. Holan joan gara argazki-bildumak aukeratzen, danetan denporearen arrasto hori nabaritzen da.


6.- Getxophotoren helburuak argazkigintzea kalera ateratzeagaz lotuta dagoz, ezta?

Getxophotoren ezaugarri nagusiak hiru dira. Batetik, interes orokorreko gaiak lantzea. Bestetik, argazkiak erakusteko askotariko formatuak erabiltea. Hirugarren ezaugarria da, hain zuzen, espazio publikoaren defensea. Artea erakusteko erabilten dogu espazio publikoa, espazio publikoa topalekua da, beste erabilpen batzuk emon nahi deutsaguz, danona dalako. Batez be, gero eta gauza gehiago pribatizetan diran gizarte honetan.


7.- Aurten non ikusi ahal izango dira argazkiak?

Batez be Getxon, Algorta inguruan, ipiniko doguz erakusketak. Algortako erdialdea eta Ereaga eta Portu Zaharraren inguruak izango dira gune nagusiak. Aurten, denporearen gaiagaz lotuta, badago beste gune bat, barria, Punta Begoñako galerietan. Jauregi zahar hori zaharberritzen dabilz eta han barruan hiru argazki erakusketa ipiniko doguz: Areto baten, lorategian eta inguruko beste eremu baten. Jauregi ederra da, itsasoko bista bikainak daukaz.


8.- Jarduera osogarri ugari be izaten dira urtero Getxophoton. Aurtengo egitarautik, zeintzuk nabarmenduko zendukez?

Gizarteari begirako alde hori, ikuspegi pedagogikoa, oso inportantea da guretzat. Herriko eragileakaz lan egitea ezinbestekotzat joten dogu. Badaukaguz lankidetzak herriko denda eta tabernakaz, adibidez. Aurtengo barrikuntzetako bat Getxoko Antzerki Taldeagaz batera martxan ipiniko dogun ekimena izango da. Erakusketa ibiltari bat izango da: Zortzi aktorek parte hartuko dabe, bakotxak formatu handiko argazki bat eroango dau. Herrian zehar ibiliko dira eta leku bakotxean argazkiak erakutsiko ditue, antzezpen txiki bat eginaz. Leku bakotxean ordu erdi inguru egingo dabe eta egun osoa pasauko dabe leku batetik bestera.

Argazkigintzeagaz lotuta dagoan leku batera bisitaldia urtero egiten dogu. Aurten Zarauzko Photomuseumera joango gara, autobusean. Orain arte herrian egin izan dogu, baina aurten Zarautzeraino goaz, Photomuseuma euskal argazkigintzearen harribitxi bat dalako. Askotan ez dakigu inguruan daukaguna baloretan, Photomuseuma ikaragarria da, altxor handia dauka: Makinak, argazki zaharrak...

Ganera, tailerrak egingo doguz, aurten Michael Ackerman etorriko da hiru eguneko lantegi bat zuzentzen. Argazkigintzan nazinoarteko ospea dauka Akermanek. Frank Kalero, gure komisario izandakoak master-class bat emongo dau, argazkigintzearen eta teknologia barrien arteko hartu-emonaren ganekoa.

Azkenik, beste jarduera bat nabarmendu nahi dot, igaz egin genduan lehenengoz. Oheak dau izena. Astebete iraungo dauen zinema-aretoa sortuko dogu Punta Begoñan. Hango areto baten hogei ohe bikotx ipiniko doguz eta zinema-pantaila handi bat. Filmak emongo doguz eta ohetik ikusi ahal izango dira, etzunda. Esperientzia bitxia da. Ez dago argazkigintzeagaz horren lotuta, baina holakoak egitea atsegin dogu, esperimentau, irudiakaz jokatu eta jenteari beste era baten helduarazo irudiaren indarra.


9.- Hamar edizino beteko dozuez aurten. Getxoko herriari zer ekarri deutso hamarkada bateko lan horrek guztiak?

Zifra asko emon leitekez: Hamar urte, urte bakotxean hogei artista inguru, beraz mundu osoko 200 bat artista ekarri doguz. Urtero gero eta jente gehiago dator, publiko gero eta zabalagoa daukagu eta pozik gagoz. Baina guretzat, inportanteena beste gauza bat da. Umiltasun osoz dinot, baina uste dot lortu dogula komunidade bat sortzea, publiko fidel bat. Argazkigintzearen inguruko ekosistema txiki bat eregi dau Getxophotok: Batetik, parte hartu daben argazkilari guztiakaz, bestetik kritikariakaz, jenteagaz, herriko eragileakaz. Kanpotik jente asko dator, baina guk, batez be, herriko jentearentzat egiten dogu Getxophoto. Merkatariakaz, dendariakaz, antzerki eskoleagaz, sasoi baten bertso eskoleagaz... komunidade bat sortu dogu artearen inguruan. Hori da hamar urteotako lorpenik handiena. Hori holan izan ezean, jaialdiak ez leuke zentzunik izango.


10.- Hamargarren edizinoak ziklo bat zarratuko dau eta beste bat zabaldu. Aurrera begirako aldi horretan zer ekarriko dau Getxophotok?

Gu astiro goaz, urterik urte. Ez dogu inoz plan estrategikorik egin eta, beharbada, egin ez dogulako gagoz hemen. Aurrera begira gure asmoa honetan segitzea da, ez dogu jaialdi erraldoi bat egin nahi, gure neurrikoa baino. Jenteak jaialdi osoa ikusteko modukoa izatea nahi dogu. Nahiago dogu gauza gitxi egin eta ondo, gauza gehiegi eta ez horren ondo baino. Badogu, berez, egitarau zabal bat, baina jenteak gauza barriak eskatzen deuskuz, eta ondo dago. Baina alkarte txiki bat gara eta geure neurria topau behar dogu.

Gauza bat bai, erabagi dogu datorren urterako: Komisario barria emakumezkoa izango da. Hori da daukagun barritasun bakarra. Ez da kuota kontu bat, baina konturatu gara orain arte gizonak ibili garela zuzendaritza artistikoan eta interesgarria begitantzen jaku emakume batek jaialdiaren ardurea hartzea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu