Administrazinoen adostasuna lortu dau Euskaltzaindiak, hiztegi juridiko-parlamentarioaren proiekturako

Bizkaie! 2016-07-26 10:12   Euskerea berbagai

Gasteizen egindako bilkuran, oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioaren azken aurrerapenak aztertu ditu Euskaltzaindiak. 1.700 berba jasoko ditu eta baliabide informatikoen bidez argitaratuko da.

Euskaltzainak, Gasteizko bilkuran (argazkiak: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arabako Foru Aldundiak harrerea egin deutso Euskaltzaindiari, Akademiaren bilkurea Gasteizen egin dala aprobetxauta. Joseba Perez de Heredia Euskera zuzendariak Joan Perez Lazarragaren 16. mendeko eskuizkribuaren faksimilea oparitu deutso Euskaltzaindiari. Trukean, Andres Urrutia euskaltzainburuak Axularren Gero-ren faksimilea pergaminoan eta Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae-ren edizino barritua emon deutsoz foru erakundeari.

Gasteizko batzarrean Euskaltzaindiak gogora ekarri dauenez, erakundeen arteko adostasun handia euki dau betidanik hiztegi juridiko-parlamentarioaren egitasmoak. Eusko Legebiltzarragaz sinatutako akordiora, beste erakunde ugari batu dira, esaterako foru aldundiak eta Nafarroako Parlamentua. Hartara, Hego Euskal Herriko erakunde publiko nagusien erabateko adostasunagaz ekin jako hiztegiaren proiektuari.

Udagoienean jarriko da erabiltzaileen esku oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentario hori. Euskaltzaindia koordinatzaile dala, erakunde askok osotutako lantalde bat dabil lana preparetan. Parlamentuetako, IVAPeko eta UZEIko ordezkariak dagoz taldean.

Hiztegia modu informatikoan argitaratuko danez, herritarrek aukerea izango dabe euren ordenagailuetan deskargetako edo konsultak on-line egiteko. Arlo juridiko-parlamentarioko 1.700 sarrera izango ditu oinarrizko hiztegiak eta aurrerago beste hiztegi zabalago bat egiteko oinarria izatea nahi dau Euskaltzaindiak.

Proiektuaren koordinatzaile Gotzon Loberak hiztegiaren ekarpena eta balioa azpimarratu ditu: Eusko Legebiltzarrak, Nafarroako Parlamentuak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar nagusiek batasuna lortuko dabe euren eguneroko lanean, gure ganbara legegileetan berbak eta esamoldeak modu bateratuan erabilteak segurtasuna ekarriko deutse euskerazko hedabideei. Hori guztia, Euskaltzaindiaren bermeagaz, Loberak azaldu dauenez.

Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioaz gan, Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoaren barri be emon dau Euskaltzaindiak Gasteizen. Euskerazko berben jatorria eta bilakaera historikoa jasoko dira lan horretan. Hau be, laster argitaratzeko moduan izango dala uste dau Akademiak.

Lehenengo argitaraldian, 2.000 berba, 200 familiatan batuta, jasoko ditu hiztegiak. Hain zuzen be, berbak familiaka antolatzea da hiztegi etimologikoaren ezaugarrietako bat. Holan, jatorrian alkarregaz lotuta dagozan berbak identifiketako modua emoten da eta ikuspegi zabalagoa eskaintzen jako erabiltzaileari euskerearen garapen historikoaz.

Joseba Lakarra hiztegiaren arduradunak dino, proiektua zabaltzen joateko asmoa daukiela eta mila familia batzera heldu nahi dabela. Era honetako lanak oinarrizko ikerketeari lotuta dagoz, ez eguneroko beharrizanei, azaldu dau Lakarrak, baina lagundu leikee hizkuntza-ereduak lantzen eta historian eta tradizinoan oinarritutako erabagiak modu seguruagoan hartzen.

Amaitzeko, ohiko beste kontu batzuk be aztertu ditu Euskaltzaindiak Gasteizen: Goi Erdi Aroko persona-izenen eta kimikako oinarrizko lexikoaren ingurukoak eztabaidatu ditu eta 178. arauaren barruan Exonomastika batzordeak egindako proposamena aztertu dau.

 

Erakundeetako eta Akademiako ordezkariak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu