Jaurlaritzea, EEP eta Euskarabidea lankidetzan, Inkesta Soziolinguistikoaren harira

Bizkaie! 2016-07-26 08:43   Euskerea berbagai

Euskerearen sustapenaz arduratzen diran erakunde publiko nagusiek euren arteko lankidetzan sakondu dabela nabarmendu dabe, VI. Inkesta Soziolinguistikoaren aurkezpenean.

Mathieu Berge EEPkoa, Patxi Baztarrika Jaurlaritzakoa eta Mikel Arregi Euskarabidekoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Autonomia Erkidegoan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzea, Ipar Euskal Herrian Euskerearen Erakunde Publikoa (EEP) eta Nafarroako Foru Erkidegoan Euskarabidea. Horreek hiru erakundeak arduratuko dira VI. Inkesta Soziolinguistikoa egiteaz. Proiektu horren aurkezpenean, euskerearen lurralde guztian hizkuntzea bultzatzeko lankidetzea emoitza onak emoten hasi dala azaldu dabe. Hiru erakunde publikook batzen dituan batzordeak batzarra egin dau eta erabaki ugari hartu ditu. Beraz, lankidetzea eraginkorra dala dinoe.

Euskerearen Inkesta Soziolinguistikoak 25 urte bete ditu aurten (1991n egin zan lehenengoz, emoitzak 1995ean plazaratu ziran arren) eta, ganera, hurrengo azterlana, seigarrena, preparetan hasteko unea da. Aurreko inkestea, bosgarrena, 2011n egin zan eta emoitzak 2013an argitaratu ziran.

Inkesta Soziolinguistikoak, 16 urtetik gorako Euskal Herriko biztanleen hizkuntza ohiturak eta ezagutzea aztertzen ditu. Euskeraz, gaztelaniaz eta frantsesez nork eta zein mailatan dakien, bakotxaren lehen hizkuntzea zein dan, transmisinoa zelan egiten dan, euskerea zenbat erabilten dan eta abar jasoten da. Holan, euskereak euki dauen bilakaerea ikusten da.

Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuorde Patxi Baztarrikaren ustez, ondorio esanguratsuak atera leitekez aurreko urteetako inkestetatik. Esate baterako, 25 urtean euskerearen ezagutzeak % 4,7 egin dauela gora, hau da, urtero % 0,5 euskaldun gehiago egon dirala.

Bestetik, euskerearen bilakaerea ez dala homogeneoa izan erakusten dabe datuek. EAEn nabarmen egin dau gora euskaldunen kopuruak mende laurenean (ia % 8), Nafarroan ez horrenbeste (% 2,2) eta Iparraldean behera egin dau (bost puntuko jatsierea).

Mathieu Berge EEPko presidenteak adierazo dau kezkatuta dagozala, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskerearen egoerea ez dalako ona, baina itxaropentsu agertu da, belaunaldi gazteen artean beherazko jokereari bueltea emoten hasi diralako.

Aurten, beraz, VI. Inkesta Soziolingustikoa egingo da. Hiru erakundeetako arduradunek azterlan horren balioa azpimarratu dabe, beti metodologia bardina erabilten dalako eta, beraz, euskerearen bilakaerearen ganeko datu fidagarriak lortzen diralako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu