Irati Iciar: 'Hausnartu eta ausartzeko gune dira Udako Ikastaroak'

Bizkaie! 2016-07-23 09:03   Barriketan

UEUren Udako Ikastaroen arduraduna

Balorazinoa egiteko momentua da Irati Iciar, UEUren Udako Ikastaroen arduradunarentzat. Urtean zeharreko zurruntasuna baztertu eta gaiakaz eta formatuen aniztasunagaz askatasunez jolasteko aukerea emoten dabela adierazo deusku.


1.- Apustu estrategikoa egin dau aurten UEUk udako ikastaro gitxiago eskainiz. Zergaitik?

Ikastaroak indartu eta formatu desbardinak lantzeko hautua izan da. Gaietan aniztasuna urteroko ezaugarria izan da, baina aurtengo barritasun nagusia gai horreek lantzeko formatuetan dago. Orain arte bi edo hiru eguneko ikastaroak izan dira gehienak, eta aurten, egun bakarrekoak be izan dira asko. Bestalde, lekuetan be aniztasuna egon da, eta hori izan da ikastaro gitxiago eskaintzeko arrazoi nagusia: leku desbardinetan egoteak eskatzen dauelako antolakuntza aldetik dana oso lotua izatea, baliabideak mugatuak eta desbardinak diralako leku bakotxean. Beraz, ikastaro gitxiago, toki gehiagotan eta nik uste dot ondo hartu dogula neurria. Parte-hartzean be islatu da hori, azken urteotako handiena izan baita: 560 matrikula inguru eta 120 bat irakasle.


2.- Profesional, alkarte eta erakundeen arteko alkarlanaren ondorio dira ikastaroak. Kasu askotan, urtetik urtera errepetidu izan dozue alkarlan hori, berbarako, bigarren aldiz antolatu dozue ikastaro bat Jakin aldizkariagaz...

Urtero dagoz profesionalakaz alkarlanean antolatzen doguzan ikastaroak, bai hezkuntza alorrekoak, bai beste alor batzuetakoak. Adibidez, zuzenbide zibilari buruzko ikastaroa UPV/EHUko hainbat irakasleren ekimena izan da, baina abokatuek be hartu dabe parte. Alkarte edo erakundeakaz antolatzen doguzan ikastaroak be badagoz, esaterako, ALDEE (Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazino Zentroetako Profesionalen Euskal Alkartea) edo Jakin aldizkariagaz. Eurek jarten dabe edukia, eta guk, markoa. Alkarlana oso erosoa izaten da, konfidantzea egoten dalako: guk badakigu edukiak ondo landuko dituela maila akademikoan, eurak baitira adituak; eta eurak be konfidantzea izaten dabe gugan, eduki horreek lantzeko emoten deutsieguzalako baliabideak, bermeak, komunikazino plana... oro har, euren lana biribiltzeko behar daben guztia.


3.- Azpimarragarria da beste hiru unibersidadegaz, UPV/EHU, NUP Nafarroako Unibersidade Publikoagaz eta Deustuko Unibersidadeagaz alkarlanean be antolatu dozuezala ikastaroak. Hau barrikuntzatzat hartu daiteke?

Orain arte ez dogu hain alkarlan zuzena izan beste unibersidadeakaz: bertako irakasleakaz bai, baina unibersidadeakaz eurekaz ez. Orain hitzarmenak sinatu doguz aitatu hiru horreekaz, eta edukiz bete nahi izan doguz. Udako ikastaroak alkarregaz antolatzea izan da lehenengo esperientzia, eta egia esan, oso polita izan da, batez be, aitatu dodan konfidantzeagaitik: euren errekonozimendua sentidu dogu.


4.- Lehenengo pausua da, beraz. Zelan uste dozu eboluzionau leikela unibersidadeen arteko alkarlan horrek?

Jarraipena emon behar jako, ezinbestean. Ezin da urte bateko lorea izan. Ez dot esan nahi urtero, derrigorrez, udako ikastaroak antolatu behar doguzanik, baina jarduera akademikoren bat, bai. Liburugintzarako hitzarmenak be badaukaguz, eta alor akademikoan egin geinke aurrera orain.


5.- Egunerokotasunagaz estu lotutako ikastaroak be egon dira: Nafarroako aldaketa politikoa, kulturearen autodeterminazinoa, umeen transexualidadea...

Ohiko unibersidadeetan lantzen ez diran gaiak dira. Udako ikastaroek berezitasun hori dabe: alde batetik, malgutasuna, pil-pilean dagozan gaiak lantzeko aukerea; eta bestetik, udeak emoten dauen informaltasuna. Urte osoko ikastaro zurrunak gainditu, eta alkarlanerako, alkar ezagutzarako, sareak osotzeko formatu egokia izaten da. Udako ikastaroak oso gureak izaten dira, oso UEUrenak: ia edozer egin ahal izaten dogu.


6.- Alor teknikoagoetako profesional eta eragileen topagune be izan dira ikastaroak. Zelan hartu ditue?

Itzulpengintzea, matematikea, arkitekturea, injinerutzea, zuzenbidea eta agroekologiaren ganeko profesionalen bilkurak izan dira, besteak beste. Alor horreetan dabilzan aditu eta profesionalek aukerea izan dabe euren ikerketa eta esperientziak konpartidu eta eztabaidatzeko. Azken urteotan formatu honetako jardueren aldeko apustua egiten gagoz eta jenteak oso ondo hartu ditu.


7.- Topagune horreetatik beste batzuk etorriko ete dira?

Asko izan dira. Adibide moduan Joxemi Zumalabe Fundazinoaren Bor Bor (K) formazio plangintzea nabarmenduko neuke. Hiru edo lau udako ikastarotan herrigintzeari buruzko ikastaro eta tailerrak emon zituan, UEUgaz zein beste erakunde batzuekaz. Esperientzia horren ostean, formazinoa trinkotu nahi izan dabe, eta bertatik abiatu dabe Bor Bor (K).


8.- Zer funtzino dabe udako ikastaroek?

UEUren Udako Ikastaroak trukatu, esperimentau eta alkarregintzarako lekua dirala esango neuke, hausnartu eta ausartzeko gune bat. Urtean zeharreko zurruntasuna baztertu eta gaiakaz eta formatuen aniztasunagaz askatasunez jolasteko aukerea emoten deuskue.


9.- UEUren euskerazko on-line unibersidaderako proiektuak be filosofia hori segiduten dau, ezta?

Bai. Azken finean, gizarteari egiten deutsazun eskaintza bat da, eta ulertu behar dozu gizarte hori zelan mobiduten dan eta zelan funtzionetan dauen. Gaur egun, etenbako formakuntzan dabilen jentea, batez be, ikasketak amaitzen eta edo amaitu barri dago, edo lan munduan integrauta dago. Orduan, ezinbestekoa da beren egoerara egokitzea. Esangura horretan, esperimentua egin genduan, baina udako ikastaroek on-line ez dabe funtzionetan: udakoen zentzua, alde informal eta personal hori, galdu egiten dabe. Urte pare batez egin genduan saiakerea; dana on-line egin behar zanez, udakoak be, on-line. Baina goitik behera galdu egiten eben zentzua.


10.- Jenteak topagunea bilatzen dau, orduan, ez?

Eta geuk be bai. Ez da kasualidadea bost ikastaro aldi berean eskaintzea, Markeskoa Jauregia topera. Guk nahi doguna da jenteak alkar ikustea, eta ulertzea proiektu integral batera datozela: UEUra datozela.


11.- Gaur egungo eskaintza akademikoan dagozan hutsuneak betetea bilatu dau, beraz, UEUk, bai udakoen bai on-line proposamenaren bidez?

Bai, udan zein urtean zehar Markeskoan eskaintzen diran ikastaroetako partaide gehienak langileak izaten dira eta formatzera, ikastera, trebatzera datoz. On-linekoak erraztu egiten dau lanean dabilen jenteak be parte hartzea.


12.- Udakoetan 44 urtez izandako esperientzia izan daiteke on-line unibersidade horretarako trebakuntza edo eskola UEUrentzat?

Nik uste dot on-line unibersidade horrek be udakoen informaltasuna beharko dauela, eta alde presentziala izango baleu, udakoetan izan daiteke, urtean zehar landutakoaren osogarri. Azken batean, gure komunidadea oso txikia da, eta alkarrengandik oso hur gagoz, bideragarria izango litzateke. Balio erantsi legez ikusten dot aukera hori: beste on-line unibersidade batzuk eskaintzen ez daben balio erantsia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa