Bilbao Barrikuntza Garage - Bilboko Barrikuntza Zentroa sortu dabe

Bizkaie! 2016-07-22 09:17   Kulturea

Zentroak proiektuak garatzen nahiz jardunean dagozan konpainiak edo start-up barriak jagoten lagunduko dau barrikuntza digitalaren esparruan.

Bilboko Udalak, IBMek, BBK-k, Iberdrolak, Euskaltelek, Mondragon Korporazinoak eta Deustuko Unibersidadeak adostu dabe Euskadiko enpresen eraldakuntza digitala sustatzeko alkarlanean jardutea eta Barrikuntza Zentro aurreratua sortzea: Bilbao Berrikuntza Garage. Ekitaldi horretan, Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto, IBMren Espainia, Portugal, Grezia eta Israeleko presidentea, Marta Martinez, BBKren zuzendari nagusi Gorka Martinez, Iberdrolako ordezkari instituzionala, Asis Canales, Euskalteleko Estrategia zuzendaria, Natxo Molinos, Mondragon Korporazinoko Barrikuntza, Sustapen eta Ezagutzako presidenteordea, Juan Mari Palencia eta Deustuko Unibersidadeko errektore Jose Maria Guibert egon dira.

200.000 euro inguruko kapitalagaz gaur eratutako alkarte honen eta abian jarriko dan zentroaren helburua Euskadiko enpresen eta industriaren digitalizazinoa eta euren lehiakortasuna hobetzea da, teknologia barrien alorreko enplegu espezializatua sustatzeaz gan. Ekimen honegaz, Bilboko Udalak eta erakunde sustatzaileek euskal gizartearen barrikuntza teknologikoa bultzatu eta informazinoaren teknologia barrien erabileran espezializautako enpresen ekosistemea garatu nahi dabe.

Bilbao Barrikuntza Garage hurrengo arlo teknologikoetan egongo da espezializauta: hodeian konputetea, datuen analitikea, 4.0 Industria, Gauzen Internet, mobikortasunerako teknologiak eta sistema kognitiboak (hizkera arrunta ulertu, datu handiak aztertu eta ikasten daben sistemak–.

Teknologia oso barritzaileen sorta horrek erakundeen eraldakuntza digitaleko prozesuan eta negozio-eredu barrien ezarpenean balio erantsi handiko ekarpena eskaintzen dabe. Esate baterako, hainbat ikerketaren arabera, eraldaketa digitalak Europako ekonomiaren BPGari 2,5 biloe euro ekarri ahal izango deutsoz 2025ean. Europako Batasunaren txosten baten arabera, adibidez, cloud computing izeneko teknologiak 2020rako Europako ekonomiaren BPG osoari % 0,7ko ekarpena egiteko eta 300.000 enpresa barri sortzeko ahalmena dauka.

Zentroa osotzen daben erakundeek bakotxaren jarduera-eremuan, teknologiak, baliabideak eta ezagutza espezializatua eskainiko ditue nazinoarteko ingurunean barrikuntza alorreko punta-puntako proiektuak sustatzeko, Euskadiko enpresa-sarearen irudi barritua emonda eta informazino digitaleko gizartean enpresa barrientzako erakargunea sortuta.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkatearen ustez, Zentro honen sorrerea Bilborentzako oso pausu garrantzitsua da, izan be, Europan, barrikuntzearen topagune, teknologia barrietan espezializautako proiektuak eta enplegua garatuko dituan erakargune barri bilakatuko da. Horretarako, hiru arloren arteko batasuna eta lankidetzea landu da: herri-administrazinoa; arlo akademiko eta zientifikoa -unibersidadearen bidez-; eta enpresea- nahiz industria-arloa, sektore honetan erreferentzia argia diran izen handiko soziedadeakaz. Gaur lehenengo pausua emon dogu dokumentu hau izenpetuta. Honen ostean, gehiago etorriko dira eta horreen eragilea Errekaldeko gure Auzo Factoryren Bilbao Barrikuntza Garage izango da.

Beste alde batetik, Eraldakuntza digitaleko aro honetan, cloud computing, Gauzen Internet, big data edo soluzio kognitiboak lako teknologiak funtsezkoak izango dira enpresen arteko lehiakortasuna garatzeko eta gizartearen aurrerakuntzarako. IBMrentzat ohore handia da zentro honetako kide izatea eta eremu teknologiko barrietan doguzan gure teknologia, esperientzia eta lidergoa ipintea euskal gizartearen barrikuntzarako eta enpresa-ekimenak sustatzeko gaitasunaren alde, esan dau Marta Martinezek, Espainia, Portugal, Grezia eta Israeleko IBM-ko lehendakariak.

BBK-k proiektu honegaz bat egin nahi izan dau Bizkaiko ekimen pribatua laguntzea eta sustatzea garapen ekonomikorako, enplegua sortzeko eta gizarte-kohesinorako oinarrizko osogaia dala ulertzen dogulako'. Gure enpresen garapena sustatzea BBKrentzat agindua dala zinez uste dogu. Horren ondorioz, gizarte garatuagoa eregiten da, gugandik gero eta gehiago eskatzen dauen testuingurun globalean lehiatzeko oinarri sendoak jarrita, aitatu dau Gorka Martinezek, BBKren zuzendari nagusiak.

Iberdrolaren lankidetzea gaur aurkezten dogun Barrikuntzarako Bilboko Zentro honetan ekimen garrantzitsua da ingurune digital barriari lotutako erronka zein aukerei ekiteko eta produktoreen sareari horreei aurre egiten laguntzeko. Proiektu barri hau, gizarteari asko eskaini leikion sektore barritzaile batean enpresa-ekintzaile gazteei ondo kokatzen lagunduko deutsen oinarrizko tresna bihurtu daiteke esan dau Asis Canalesek Iberdrolaren Euskal Herriko ordezkari instituzionalak.

Guretzat, barrikuntzako, sustapeneko eta ekintzailetzako ekosistema berrabiarazoten ahalegintzen garen momentuan, proiektu honetan parte hartzea estrategia horregaz bat egiteko modua da. Mondragon Korporazinoa, bere historiako 60 urteotan, eragile barritzailea eta enpresa-abentura barrien sustatzailea izan da betidanik. Testuinguru globalizatu honetan, sektore barrietan lana sortzeko herri lez doguzan gaitasunen dinamizatzailea izateari eutsi nahi deutsagu eta, aldi berean, gure gazteei dei egin nahi deutsegu, enpresak sortu deiezan eta gure lurraldearentzat aberastasuna sortzen lagundu deien gehitu dau Juan Mari Palenciak, Mondragon Korporazinoko Barrikuntza, Sustapen eta Ezagutzako lehendakariordea.

Euskalteli jagokonez, hauxe da bere asmo nagusia proiektu honetan parte hartzean: operadore lez dogun posizinotik, euskal ekonomiaren eraldaketa digitala bultzatzen laguntzea, gure azpiegiturak eskainiz, eta konektibidadea, segurtasuna, datacenter eta zerbitzu kudeatuak lako esparruetan daukaguzan personen talentua gaineratuz. Hau da, enpresa eta erakunde partaideen esperientzia eta errealidadea ez eze, proiektu barriak sustatzen dabizanen irudimena, sormena eta talentua be gogoan hartuko dituan sare bat osotuz. Hori guztia, etorkizuneko garapen iraunkorra lortzen laguntzeko asmoz, gure lurraldearen eta hemen bizi garen guztion mesedetan, adierazo dau Natxo Molinos Euskalteleko Estrategia Zuzendariak.

Lehiakortasunaren diskursoa aurrerakuntza ekonomiko eta sozialaren mesedetan egon behar da, batik bat, ezagutzea sortzeko eta helarazoteko prozesuei ekiteko modu barriei erreparauta. Esangura horretan, ezagutza batera sortzearen prozesuetatik eratorritako potentziala, alkarrizketa eta parte-hartzearen garrantzia eta eragile desbardinen arteko  espazioak sortzeko erronkea gai sakonak dira. Paradigma-aldaketa handia dakar eta guztiok barritzera bultzatzen gaituan erronkea da, lankidetzea oinarrizkoa izanik. Egia esan, lankidetza barik ezin da aurrera egin. Horregaitik, Deustuko Unibersidadeak erronka honetan parte hartu nahi dau eta oso pozik agertzen gara Barrikuntzarako Bilboko Zentroaren bazkide eratzaile lez hemen parte-hartzeagaitik gaineratu dau Jose Maria Guibertek, Deustuko Unibersidadeko errektoreak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu