Trengintza Hiztegi espezializatua aurkeztu dabe euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez
2016-07-21 09:51 Euskerea berbagaiHiztegiak trenaren arloko 4.830 kontzeptu batzen ditu, 15 alorretan sailkatuta, eta Interneten konsultau daiteke dagoeneko hemen.
Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP), CAF enpreseak, Euskotrenek, Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta Metro Bilbaok Trengintza Hiztegi espezializatua osotu dabe euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unidadeko terminologia adituen aholkularitzapean.
Gaur goizean aurkeztu dabe hiztegia, Bilbon, Bizkaia Plaza eraikinean. Proiektuan parte hartu daben erakunde guztietako ordezkariak batu dira ekitaldian. Erakunde publikoen izenean, Antonio Aiz Salazar Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuordea izan da prentsaurrekoan; CAFen izenean, Gorka Acebal Trueba, Giza Baliabideetako burua; eta Elhuyarretik, Leire Cancio Orueta, zuzendari nagusia, eta Garbiñe Alkiza Lopez de Samaniego, hiztegiaren zuzendari teknikoa.
Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuordeak nabarmendu dauenez, alkarlan baten emoitzea da hiztegi hau, sektoreko erakunde publikoen eta enpresa pribatuen arteko alkarlanaren emoitzea: Elhuyar Fundazinoaren zuzendaritza eta koordinazino teknikoaren pean, alkarlanean jardun dute, gizarteari baliabide barri bat eskaintzeko eta sakabanatuta egoan terminologiaren zati handi bat bateratzeko.
Aiz jaunaren ondoren, Leire Cancio Orueta Elhuyar Fundazinoko zuzendari nagusiak hartu dau berbea. Elhuyarrek hiztegigintzan eta hizkuntza-teknologietan dauen eskarmentua aitatu eta nabarmendu dau garrantzitsuak dirala holako proiektuak tokiko ingurunetik ingurune eleaniztunari ekarpenak egiteko, eta euskerearen garapenari laguntzeko konpromiso soziala erakusten dabela.
Azkenik, Garbiñe Alkiza López de Samaniego hiztegiaren zuzendari teknikoak hiztegiaren zehetasunak jakinarazo ditu. Hiztegiak trenaren sektoreko 4.830 kontzeptu jasoten ditu, 15 alorretan banatuta, lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Eta interfazea bera be lau hizkuntza horreetan konsultau daiteke. Alkizak adierazo dauenez, erabilera-hiztegi bat da Trengintza Hiztegia, eta CAFentzat aurrez egindako hiztegi elebidun bat eta proiektuan parte hartu daben erakundeen dokumentazinoan erabilitako terminoak hartu ditue oinarritzat batze-lanerako. Lehen pausu horretan, ezinbestekoak izan dira Elhuyarren hizkuntza-teknologiak, lana ahalik eta gehiena automatizetako, esan dau. Azkenik, nabarmendu dau prozesu osoan zehar erakunde guztietako adituek esku-hartze zuzena izan dabela.
Azkenik, gogorarazo dabe proiektu hau ez dala hemen amaitzen, eta garrantzitsua dala aurrerantzean be alkarlanean jarraitzea, normalizazinoa eta terminologiaren bateratzea helburutzat hartuta.
Trengintza Hiztegi espezializatua Interneten konsultau daiteke dagoeneko ondoko helbidean: http://trenhiztegia.eus/
Hiztegiaren arduradunen arabera, trengintzearen sektorean etenbarik sortzen dira termino barriak eta termino horreek guztiak jaso eta gizartearen esku jartea izan da proiektu honen helburua; hiztegi hau euskerearen normalizazinoan be lagungarri izatea da helburua, eta horretarako, euskerea beste hizkuntzen mailan jarri nahi izan da.
Trengintzako sektorerako erabilgarri izateaz gan, hiztegia beste sektore batzuetan be erabili ahal izango dabe (itzulpengintzea, kazetaritzea, hezkuntzea...).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!