Finantza arloan euskerearen erabilerea areagotzeko hitzarmena sinatu dabe
2016-07-20 12:18 Euskerea berbagaiUEMAko erispideakaz bat egin, eta herri horreetan dituen bulegoetan euskerea lehenetsiko dabe Laboral Kutxak eta Kutxabankek.
Azpeitian egindako sinadura ekitaldian, UEMAko lehendakari Josu Labaka, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria, Laboral Kutxako Komunikazino eta Publizidade Departamentuko Zuzendari Marije Etxaniz, eta Kutxabank-eko Txikikazko Negozioaren Zuzendari Nagusi Ondoko Eduardo Ruiz de Gordejuela izan dira hizlari.
UEMAko lehendakari Josu Labakak nabarmendu dauenez, hitzarmenaren maminak euskerearen aldeko hizkuntza politika ausarta erakusten dau. Erakunde publiko guztiek hizkuntza eskubideak bermatzeko hartu beharko leukiezan konpromisoak agiri dira finantza erakunde bi honeekaz sinatutako hitzarmenean. Esangura horretan, jarrerea eredugarria da, adierazo dau Labakak.
Laboral Kutxako Marije Etxanizek udal guztiei eta bidelagunei eskerrak emon deutsez euskerearen normalizazinoan egiten dagozan lanagaitik. Euskereari jagokonean, lehiakorra ez dan alkarlana sustatu behar dogu' nabarmendu dau. Gaur sinatutako konpromisoakaz, 'iniziatibea hartu eta erraztasunak emon nahi deutsaguz gero eta euskaldunagoa dan gizarte honi.
Kutxabankeko Eduardo Ruiz de Gordejuelak kalidadezko zerbitzua bezeroaren hizkuntza hautua errespeteteagaz estu lotuta dagoala nabarmendu dau, eta hori bermatzeko UEMAk egindako lana eskertu, txalotu eta autortu nahi izan dau.
Hitzarmenaren atarian hizkuntza politikeari jagokozan oinarrizko kontuak nabarmendu ditue alde guztiek. Batetik, kalidadearen osogaia funtsezkoa dala bezeroak harremanetarako hizkuntzea hautatu ahal izatea. Bestetik, hizkuntza ofizial bien artean desorekan dagoan hizkuntza ahula dala euskerea eta, beraz, hau bultzatzeko neurriak hartzen dituela, euskerea zabaldu eta sendotzeko asmoz, bezeroek euskeraz ahoz eta idatziz jarduteko daben eskubidea modu argi eta garbian autortuz.
Horretarako, besteak beste, honakoak berbatu ditue UEMAk, Laboral Kutxak, Kutxabank-ek eta 30 udalerri euskaldunetako alkateek:
- Elkarren arteko harremanak, ahozkoak eta idatzizkoak, euskeraz izango dira. Horretarako, beharrezkoak diran baliabideak jarrita.
- Kutxabank-ek eta Laboral Kutxak udalerri euskaldunetako euren bulegoetan bezeroakaz dituen harremanetan euskerearen presentzia bermatuko dabe.
- Helburu hori beteteko, besteak beste, honako neurri zehatz honeek hartuko ditue: Bulego horreetako langileak lan mueta guztietan euskeraz jarduteko gai izango dirala ziurtatuko dabe. Helburu honetara bideratuko dira, etengbako trebakuntza eta laguntzarako tresna informatikoak. Era berean, bulegoetan eskaintzen dituen zerbitzu guztietarako kontratetan diran langile barriak, finko zein aldi baterakoak, elebidunak izango dira; bezeroari ahoz lehen berbea euskeraz egingo jako; bezeroari posta elektronikoz bialdutako informazinoa euskeraz edo elebietan bialduko jako. Elebietan bialdu ezkero, euskereak lehentasuna izango dau; produktu barri bat kontratetan datorren bezeroari eskaintzea euskeraz egingo jako; Kutxabank-ek eta Laboral Kutxak eragiketen euskarri diran dokumentuak euskera hutsean eskainiko ditue, edo elebietan holan eskatu ezkero; bezeroentzako zordunketa eta kreditu txartelak, nahiz bestelako txartel guztiak, euskeraz sortuko dira, kontrakoa eskatzen dabenei izan ezik; urtean zehar emoten diran zerbitzu bereziak (errenta autorpenaren kanpainea, esaterako) euskeraz izan daitezan, beharrezkoak diran baliabideak jarriko dira langileen zein herritarren eskura; finantza Erakundeek, kanpainen bidez, euren zerbitzuak euskeraz erabilteko deia egingo deutsee bezeroei. Horretarako, urtero sustapen lana egingo dabe; kutxazainen pantailetan azaltzen dan sarrerako mezua euskeraz izango da; udalerri horreetako kartelen % 75 gitxienez euskeraz jarriko dira, bai barrura eta bai kanpoaldera begira. Bulegoek bestelako argitalpenetan egiten daben publizidadea euskeraz jarriko da, betibe euskerearen kalidadea zainduz. Esku orriak elebitan egongo dira, euskereari lehentasuna emonda; bulegoetan bertan idatzitako dokumentuak euskeraz egongo dira bezeroak berariaz kontrakoa ez badau esaten; Laboral Kutxa eta Kutxabank, hitzarmen honen epe amaierea heltzen danerako, UEMAko udalerrietan, 30 urtetik beherako bezeroei komunikazinoak euskera hutsean bialtzen hasiko dira, eta kontrakoa adierazten dabenei elebietan, euskereari lehentasuna emonez, orain arte lez. Prozedura hau txertatu egingo da bezero barriak hartzeko protokoloan.
Hitzarmena bost urterako sinatu dabe, eta epe hori beste bost urtez luzatuko da, aldeetakoren batek hitzarmena bertan behera ixteko borondatea azaltzen ez badau.
Hitzarmena eraginkorra izan daiten, barriz, Jarraipen Batzordea sortuko dabe sinatzaileek, zehaztutako helburuak lortu eta emoitzak aztertzeko.
Honakoak dira hitzarmena sinatu daben udalerri euskaldunak:
Laboral Kutxagaz eta UEMAGAZ: Bera, Etxarri-Aranatz, Leitza.
Kutxabank-egaz eta UEMAgaz: Otxandio, Atxondo, Aulesti, Berriatua, Busturia, Dima, Ea, Alegia, Anoeta, Elgeta, Legorreta, Segura, Zaldibia, Zestoa, Amezketa, Berastegi eta Lizartza.
Laboral Kutxagaz, Kutxabank-egaz eta UEMAgaz: Aramaio, Lekeitio, Ondarroa, Markin-Xemein, Bermeo, Bergara, Azpeitia, Antzuola, Deba, Getaria, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Orio, Usurbil, Zarautz, Zumaia eta Tolosa.
Danetara: UEMAko 38 udalerri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!