Sigourney Weaverrek jasoko dau 64. Donostia Zinemaldiaren Donostia saria
2016-07-19 12:53 ZinemeaDonostia sariak 30 urte beteko dituan edizino honetan, hogeigarren aldia izango da emakumezko aktore batek saria jasoten dauena.
Donostia saria jasotera etorrita, hirugarrenez bisitauko dau Sigourney Weaverrek Zinemaldia, Alien (1979) eta A Map Of The World (1999) aurkeztu ondoren. Aurten, Donostia sariak 30 urte beteko dituan edizino honetan, hogeigarren aldia izango da emakumezko aktore batek saria jasoten dauena.
Bien bitartean, Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean, J.A. Bayonaren azken lanaren Europako estreinaldia egingo da, lehiaketaz kanpo: Un monstruo viene a verme (A Monster Calls). Antzezle-taldean dira Sigourney Weaver, Felicity Jones, Lewis MacDougall eta Liam Neeson. Filmaren gala-pasea irailaren 21ean izango da, Kursaal auditoriumean, eta bertan Donostia saria jasoko dau Weaverrek. Zinemaldiak emoten dauen ohorezko sari garrantzitsuena da Donostia saria, eta aurten estadubatuar aktorearen ibilbideari egingo deutso autortza. Haren izena azken lau hamarkadetako produkzino-lanik garrantzitsuenetan agiri da, besteak beste, Ridley Scott, Peter Weir, James Cameron, Mike Nichols, Roman Polanski, Ang Lee eta David Fincher zinemagileek zuzenduta.
Un monstruo viene a verme (A Monster Calls) –Apaches Entertainment, Telecinco Cinema eta Películas La Trini etxeek produzidutakoa eta Universal Pictures International Spainek banatua– aurten ikusmin handiena piztu daben filmetako bat da. Filma izen bereko eleberrian oinarrituta dago; liburu hau Erresuma Batuan gazteentzako liburu onena hautatua izan da. Eleberriaren egilea dan Patrick Ness-ek idatzi dau gidoia. Filman Conorrek, 12 urteko ume batek, bere amaren gaixotasunari aurre egiten deutso gauero bisitetan dauen munstro baten laguntzinoagaz.
Bayonaren (Bartzelona, 1975) ibilbide arrakastatsuko hirugarren film luzea da hau, eta gehienbat amen eta seme-alaben arteko loturak protagonista dituen kontakizun indartsuen trilogia bat zarratuko dau. Bere lehenengo filma, El orfanato (2007), Canneseko Kritikaren Astean estreinau eben eta zazpi Goya eskuratu zituan; besteak beste, zuzendari barri onenarena. Bigarrena, Lo imposible (2012), Donostia Zinemaldian aurkeztu eben lehiaketaz kanpo, Sail Ofizialean, eta bost Goya irabazi zituan, zuzendari onenarena barne; horrezaz gan, Oscar sarietarako eta Urrezko Globoetarako be izentau eben, Naomi Watts aktorearen interpretazinoagaitik.
2013an, Espainiako Zinematografia saria jaso eban Bayonak, Zinemaldiaren barruan. Bere hurrengo proiektua Jurassic World lanaren jarraipena zuzentzea izango da.
Sigourney Weaver
Oscar sarietarako izentapenak jaso dituan eta Urrezko Globoa irabazi dauen Sigourney Weaver aktoreak personaia gogoangarri askori emon deutse bizia; esate baterako, Alien filmeko Ripley tenienteari eta Gorillas in the Mist filmeko Dian Fossey zoologoari. Urte luzez liluratu egin ditu ikus-entzuleak, eta munduko aktorerik estimauenetakoa da gaur egun, bai antzerkian bai eta zineman be.
New Yorken jaio zan Weaver. Stanfordeko Unibersidadean graduau eta gero, Master bat egin eban Yaleko drama-eskolan. Ordezko lez egin eban bere lehen lan profesionala; hain zuzen be, sir John Gielgud-ek zuzendutako The Constant Wife antzezlanean, Ingrid Bergman zala antzezle nagusi.
Sigourney Weaverrek Ridley Scott zuzendariaren Alien film arrakastatsuaren bidez egin eban debuta pantaila handian. Gero, barriro bete eban Ripley tenientearen papela, James Cameron-ek zuzendutako Aliens sekuelan. Lan horri esker, Oscarretarako eta Urrezko Globoen emakumezko aktore onenaren sarirako izentapenak lortu zituan Weaverrek. Hirugarrenez be hazurmamitu eban Ripley, David Fincher-ek zuzendu eta Weaverrek berak koproduzidutako Aliens 3 filman, bai eta laugarrenez be, Jean-Pierre Jeunet zuzendariaren Alien Resurrection produkzinoan.
Alien egin eta gero, hiru film arrakastatsu protagonizau zituan Weaverrek: Gorillas in the Mist, Dian Fossey primatologoaren papela betez; Mike Nichols-en Working Girl komedia; eta Ghostbusters II. Weaverrek Oscarretarako bere bigarren eta hirugarren izentapenak lortu zituan, eta Urrezko Globo bana irabazi eban Gorillas in the Mist eta Working Girl filmetan egindako lanagaitik. Bere beste film batzuk: Copycat thrillerra; Paul Rudnick-en Jeffrey komedia; Roman Polanskik zuzendutako Death and the Maiden antzezlanaren film-moldaketea; Half Moon Street, Michael Caine aktoreagaz; Ridley Scotten 1492; One Woman or Two, Gerard Depardieu-gaz; Eyewitness, William Hurt ebala ondoan, eta Showtime katearen Snow White filma, Grimm anaien ipuin originalean oinarritutakoa. Azken horregaz, Emmy sarietarako izentapena eta Screen Actors Guild alkartearen izentapen bat eskuratu zituan.
1997an, Ang Lee zuzendariaren The Ice Storm film bikainean parte hartu eban, ondoan Kevin Kline, Joan Allen, Elijah Wood eta Christina Ricci zituala. Film horretan egindako lanari esker, BAFTA saria irabazi eban, Urrezko Globoetarako izentau eben, eta Screen Actors Guild alkarteak Emakumezko Bigarren Aktorerik Onenaren sarirako izentau eban. Geroago, bikain ibili zan A Map of The World filman. Jane Hamilton-en eleberri batean oinarritutako film hori Scott Elliott-ek zuzendu eban, eta kritikari guztiek Weaverren lan aparta goraipatu eben. Ganera, emakumezko aktore onenaren Urrezko Globorako izentapena lortu eban. Tim Allen eta Alan Rickman aktoreakaz batera Galaxy Quest zientzia-fikzinozko komedian, benetan pozik itxi zituan Weaverrek ikus-entzuleak, barrea eragiteko eban doeagaz. Dean Parisot zuzendariaren film horrek sekulako arrakastea izan eban 1999an. Horren ondoren, Heartbreakers komedia ospetsuan parte hartu eban, Gene Hackman eta Jennifer Love-Hewittegaz batera.
Weaver A Monster Calls filman ikusiko dogu laster, Liam Neeson eta Felicity Jones aktoreen ondoan. Orain dala gitxi, Tomboy, a Revenger's Tale filmako lana amaitu dau. Udagoien honetan, Avatar filmaren hiru sekuelatan hasiko da lanean, James Cameron-en zuzendaritzapean, baita oraingoz izenik ez dauen Neill Blomkamp-en Alien serieko proiektuan be.
Filmetan ez eze, antzokietan be distira egiteko abagunea izan dau Sigourney Weaverrek. Weaver oso antzoki txikietan hasi zan New Yorken, Christopher Durang-en The Nature and Purpose of the Universe, Titanic eta Das Lusitania Songsipel lanetan. Azken antzezlan horren testua Durangegaz batera idatzi eban, eta Drama Desk sarirako izentau zituen biak. Broadwaytik kanpo, antzezlan askotan parte hartu dau, eta John Guare, Albert Innaurato, Richard Nelson edo Len Jenkin antzerki-idazleakaz ibili da lanean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!