'Viva'
2016-07-19 08:25 Zinema kritikakPuntako interpretazinoak agertzen dira, bai protagonisten eta bai bigarrenen mailako aktoreen aldetik; benetan nabarmentzekoa aktore kubatarren maila bikaina.
- Zuzendaria: Paddy Breathnach.
- Gidoia: Mark O'Halloran.
- Aktoreak: Héctor Medina, Jorge Perugorría, Luis Alberto García, Renata Maikel Machín Blanco, Luis Manuel Álvarez.
- Produktora: Treasure Entertainment.
- Generoa: dramea.
- Iraupena: 100 minutu.
- Herrialdea: Irlanda / Kuba.
- Balorazinoa: 2/5
Habana zahar, txiro eta dekadentean kokatuta dago film hau, zinemagile irlandar batek zuzendua. Jesus (Héctor Medina) ule-apaintzaile gazte eta bakarti baten bizitzea kontetan deusku. Abestea asko gustetan jako Jesusi eta bere bokazinoari bide emoteko aukerea ikusten dau trabesti klub batean. Baina orduan agertzen da bere bizitzan urteetan desagertuta egon dan aita (Jorge Perugorria). Horreen arteko hartu-emonetan oinarritzen da pelikulea: bihotz oneko gazte homosexual baten eta hilzorian dagoan gizon adoretsuaren arteko bizimodu gatxa. Nortasun antagonikoak dituen gizaki bi horreek talka egingo dabe hasieran, baina apurka-apurka maitasuna indarra hartzen joango da.
Aurrez ikus daitekeen gidoia aspergarria subertetan da. Topikoz betea, sorpresa gitxi topauko dogu hasieratik asmetan edo igarten dogun amaieran. Horregaitik, nahiz eta saiakera handia egin, zuzendariak ez dau lortzen ikuslea hunkitzea.
Dana dala, esan behar da puntako interpretazinoak agertzen dirala, bai protagonisten eta bai bigarrenen mailako aktoreen aldetik; benetan nabarmentzekoa aktore kubatarren maila bikaina.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!