Euskerearen Txantxangorriak abestia be badauka

Bizkaie! 2016-07-14 09:57   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritzeak Euskerearen Txantxangorriaren kanpaina barria aurkeztu dau, abesti barri eta guzti, herritarrei euskerea erabilteko konbita eginez.

Eusko Jaurlaritzeak Euskerearen Txantxangorriaren kanpaina barria aurkeztu dau, abesti barri eta guzti, Bilboko Bizkaia Aretoan emondako prentsaurrekoan,  herritarrei euskerea erabilteko konbita eginez. Telebistarako spot barria ezagutarazoteaz gan, irratietan entzungo diran iragarki laburrak entzun dira eta interneten erabiliko diran bannerrak ezagutu dira.

Ekimen hau HAKOBAk bideratu dau, Eusko Jaurlaritzeak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek, eta Eudel Euskadiko Udalen Alkarteak osotutako erakundeak. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak egin dau aurkezpena, eta abestiaren egileak diran Dani Venegas eta Sorotan Bele taldeko Urbil Artola eta Gorka Sarriegi be bertan izan dira.

Baztarrikak adierazo dauenez, ekimenaren helburu nagusia herritarrei euskerea erabilteko konbita egitea da, eta horregaitik sortu dabe Txantxangorriaren abestia, Txantxangorria euskerearen sinbolo bilakatzeko. Hizkuntza Politikarako sailburuordeak autortu dauenez, euskerea kalean gehiago entzutea lortu nahi da, euskereak kalean lekua irabazteko. Mobiduten dana, bizirik dago; beraz, euskerea berba egiten bada, bizirik jarraituko dau, gaineratu dau.

Bestalde, abestiaren egileek adierazi dabe abestia egitearen arrazoi nagusia eta motibazinoa lantzen dauen gaia izan dala, euskerea, hain zuzen. Dani Venegasek esan dauenez, abestiaren letrea ikaragarria da:

Sortaldeko argi berriari
ari zaio aspaldi
arratseko azken izpiari
egun eta gizaldi

Bular gorri, hegakada arin
Lur hauetan da emari Erreka eta ibai zabalaren, Itsasoaren egarri

Lau haizetara hegan
Bera dabil airean
Ahotan, belarritan
Su epelean
Kalearen bizia
Herri honen irria
Euskararen txantxangorria

Haizearen magal leunean Hedatu da oihua Bihotzaren taupadetan, hitzak Sortu du doinua

Olatuek beren solasean
Aukeratutako harria
Denboran zehar dute jolasean
Eten ez dadin haria

Lau haizetara hegan
Bera dabil airean
Ahotan, belarritan
Su epelean
Kalearen bizia
Herri honen irria
Euskararen txantxangorria

Lau haizetara hegan
Bera dabil airean
Ahotan, belarritan
Su epelean
Kalearen bizia
Herri honen irria
Euskararen txantxangorria

Aurkezpenean HAKOBAko kideak be izan dira: Arabako Euskera, Kultura eta Kiroletako foru diputadua dan Igone Martinez, Bizkaiko Euskera zuzendari Ana de Castro, Bilboko Udaleko Euskera zinegotzi Koldo Narbaiza eta Gasteizko Udaleko Euskera zinegotzi Iñaki Prusilla, hain zuzen be.

Ana de Castrok ziurtatu dau Bizkaian euskerea gero eta leku gehiago hartzen dagoala eta euskerea lau haizeetara zabaldu behar dala. Ganera, euskereari lekua emon behar jakola adierazo dau.

Kontuak kontu, Euskerearen Txantxangoarriaren ekimenakaz eta abesti barriaren aurkezpenagaz, herritarrei konbita egin nahi jake, euskaraz ondo dakitenei, zein euskaraz ulertu bakarrik egiten dabenei, eta herri erakundeetako bulegoetan, era guztietako eraikin publikoetan, garraio zerbitzuetan, osasun zerbitzuetan zein unibersidadean euskerea presente egon daiten.

Sorotan Bele musika taldean ibilitako musikariak, Urbil Artola eta Gorka Sarriegi, Dani Venegas musikariaren lankidetzeagaz sortutako abestia dagoeneko www.euskararentxantxangorria.eus helbidean deskargetako aukerea dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu