Txorierriko udalek eta kirol alkarteek futbolean euskerea sustatzeko akordioak sinatu ditue

Bizkaie! 2016-07-13 09:45   Euskerea berbagai

Lehen aldia da eskualde bereko bost udal eta bost kirol alkartek holako akordio bat sinatzen dabela.

Txorierriko bost udal eta bost kirol alkartek futbolean jokatzean euskerearen erabilerea sustatzeko akordioak sinatu ditue Txorierriko Mankomunidadearen egoitzan, Derion. Udaletako alkateek eta alkarteetako presidenteek hartutako konpromisoak azaldu ditue ekitaldian.

Ekimenaren helburu nagusia umezaroan eta gaztaroan euskerearen presentzia areagotzea da, eta akordioak 2016-1017 denporaldi barriari begirakoak dira. Akordiora batutako udalerriak Larrabetzu, Zamudio, Lezama, Derio eta Sondika dira, eta kirol alkarteak, barriz, Uritarra, Zamudio KE, Bizia, Arteaga eskola eta Sondika KE.

Ager Sardui kazetariak zuzendutatako agerraldian, Txorierriko Mankomunidadeko buru dan Igotz Lopezek eta Eusport enpresako kide eta Txorierri Futbola Oinarritik Euskeraz proiektuaren koordinatzailea dan Koikili Lertxundik be parte hartu dabe.

Txorierriko Mankomunidadeko buruak aparteko garrantzia emon deutso eskolaz kanpoko kirol jardueretan euskerea indartzeari eta euskereari berari ospea emoteari. Lehen aldia da eskualde bereko bost udal eta bost kirol alkartek holako akordio bat sinatzen dabela.

Era berean, Koikili Lertxundik orain arteko lana balorau dau eta akordio honeekaz aurrerapausu nabarmena egingo dala azpimarratu dau, euskerea udal eta kirol alkarteen estrategiaren barruan txertatuko dalako.

Azkenik, Lertxundik akordioaren zazpi puntuak jakinarazo ditu: proiektuan parte hartuko daben taldeetako arduradun koordinatzaile euskaldunak ibiliko dirala, kirol alkarteetako komunikazino euskarrietan euskerearen presentzia ugarituko dala, udal, alkarte eta Eusporteko kiden arteko koordinazinoa hobetuko dala, gurasoek proiektuaren barri jaso eta bertara batzeko saiakerea egingo dala, eta 2017ko bagilaren 30a baino lehen hurrengo denporaldiko hitzarmena sinatuko dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu