Astronomiaren arloko 350 profesional baino gehiago batuko dira Bilbon

Bizkaie! 2016-07-12 13:19   Kulturea

Garagarrilaren 18tik 22ra Bilbon egingo dan Espainiako Astronomia Alkartearen Bilera Zientifikoa tarteko dala, Bilbo maila goreneko astronomiagune bihurtuko da.

SEA, Espainiako Astronomia Alkarteak bi urtean behin egiten dauen XII. Bilera Zientifikoa Euskal Herriko Unibersidadeko Bizkaia Aretoa eraikinean (Abandoibarra 3, Bilbo) egingo da. Astronomiaren arloko 350 profesional baino gehiago batuko ditu: espainiarrak zein atzerritik etorritakoak.

Egungo astronomiaren arloan, azken zientzia eta teknologia lorpenak eta erronkak aztertuko ditue: kosmologia eta grabitazino uhinetatik Eguzki Sistemearen esplorazinoraino, espazio eta lurreko behatokien garapenetik igaroz bere.

SEAren XII. Bilera Zientifikoaren egitarauak saio berezi bat aurreikusia dauka, Espainia ESOn sartu zanetik hamar urte bete dirala ospatzeko. Europako Behatoki Australak 15 kide europar hartzen ditu egun eta zenbait behatoki ditu Txilen, horreen artean bere proiektu nagusia dan E-ELT Europako Teleskopio Erraldoia: 39 metrokoa, eraikuntza fasean dago egun eta martxan jartea 2024. urterako aurreikusita dago. ESOKo zuzendari nagusi Tim de Zeeuwek saioan parte hartuko dau.

Nabarmentzekoa dan beste saio batek James Webb Space Telescope (JWST) dalakoa aztertuko dau, Hubblearen oinorde dan eta 2018n jaurtiko dan espazio teleskopioa. Europako Espazio Agentziako (ESA, ingelesez) zientzialari eta proiektu horren buru Pierre Ferruitek saioan parte hartuko dau. Inoz eregi dan irrati-teleskopiorik handiena dan Square Kilometre Array (SKA) Australian eta Hegoafrikan instalauko dana be izango dabe berbagai. Philip Diamond bere zuzendaria gure artean egongo da.

Azpimarratzeko beste berbaldi bat da Jupiterreko orbitan sartu barri dan Juno NASAren misinoari buruzkoa. NASAren Jet Propulsion Laboratory laborategiko kide, Lurretik Junora bialtzen diran laguntza jakinarazpenen koordinatzaile eta JunoCam instrumentuaren taldeko kide dan Glenn Orton izango da hizlaria. ESAren Gaia misinoaren azken barritasunak be aurkeztuko ditue; bere lehen emoitza ofizialak irailean argitaratuko dira.

Beste berbaldi batzuetan ondoko gaiak jorratuko ditue: 2026n abiarazoko dan Europako Eguzki Teleskopioa (EST, ingelesez) edo Rosettaren behaketak.


Brasil, herrialde gonbidatua

Brasilgo Astronomia Alkartea izango da aurtengo konbidadua eta, ondorioz, bi herrialdeen arteko zientzia lankidetza oparoa eta historikoa jorratuko dauen saio bat egongo da. Brasilgo Astronomia Alkarteko presidente Marcos Diaz eta Río Grandeko (Porto Alegre, Brasil) UnibersiDaDe Federaleko Thaisa Storchi Bergmann astrofisikaria (nazinoartean ospetsuenetakoa, emakumezko zientzialari apartekoei emoten jaken L’Oreal-UNESCO saria jaso dau, besteak beste) izango dira Brasilgo ordezkariak.


Edade guztietarako jarduerak

Saio zientifikoez gan, Espainiako Astronomia Alkartearen XII. Bilera Zientifikoak edade guztietarako hiru jarduera antolatu ditu. Hasteko, Bizkaiko Astronomia Alkartearen laguntzinoagaz, garagarrilaren 19an, martitzenean, behaketa astronomikoa antolatu da Guggenheimeko Zabalgunean, 22:00etatik aurrera.

Hilaren 20an, eguaztenean, Universitat de les Illes Balears-eko irakasle eta LIGO taldeko kide Alicia Sintesek grabitazino uhinen inguruko berbaldia eskainiko dau edade guztientako entzuleentzat. Bizkaia Aretoan egingo da. Sarrerea librea eta dobakoa izango da, leku guztiak bete arte.

Azkenik, garagarrilaren 22an, barikuan, Espainiako Astronomia Alkarteko presidente Javier Gorgasek Cervantes izarraren eta bere exoplaneten inguruko berbaldia eskainiko dau. Bidebarrietako Liburutegian (Bidebarrieta kl., 4) izango da eta, oraingoan be, sarrerea librea eta dobakoa izango da leku guztiak bete arte.

Informazino gehiago eta egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu