Maria Fernanda Di Giacobbek irabazi dau Basque Culinary World Prize
2016-07-12 13:19 Jan edanakSariaren helburua gastronomia indar eraldatzailea bihur daitekeela frogatzen dituen adibideak autortu eta bikaintasun-bokazinoa daben ekintzaileen lana azpimarratzea da.
Maria Fernanda Di Giacobbe izentau dabe Basque Culinary World Prize sariaren irabazle. Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzeak sustatutako sari horrek ekimen eraldatzaileak bultzatzen dituen chefak autortzen ditu, Euskadi Basque Country estrategiaren esparruan.
Mariaren lanak era nabarmenean jarten dau agirian gastronomiak izan dauen bilakaerea, chef belaunaldi batek bere lanbidearen dimensinoa biderkatu eta, sukaldaritzaz harago, gizartea garatzen laguntzeko aukerea ebala ulertu ondoren.
Di Giacobbe Venezuelako txokolatearen sustatzaile ospetsua izanik, Kakao eta Cacao de Origen lako proiektuakaitik aukeratu dabe saridun. Proiektu horreen bidez, hezkuntza, trebakuntza, ekintzailetza, ikerkuntza eta garapena sustatzen dituan sarea sortu dau kakao kreolea produziduten daben komunidadeetan, horixe baita euren nortasunaren, kulturearen eta aberastasun ekonomikoaren iturria. Venezuelako egoera politikoa gogorra bada be, egoera ekonomiko ahulean dagozan emakumeei aukerak eskaintzen saiatzen da; esangura horretan, emakume horreek trebatu eta txokolatearen mikroenpresari bihurtzen ditu.
Horrenbestez, 100.000 € jasoko ditu, berak aukeratzen dauen proiektu bati emoteko, kontuan hartuta proiektu horrek sukaldaritzearen botere eraldatzailea adierazo behar dauela.
Erabagia gaur jakinarazo dabe Balentziaga Museoan, Getarian, joan dan domekan, munduko chefik garrantzitsuenetako batzuek eta elikagaien alorrari lotutako adituek osotutako epaimahaia batu eta gero. Celler de Can Rocako (Espainia) Joan Rocaren lehendakaritzapean, epaimahaiak ospe handiko hainbat chef batu ditu: Ferran Adrià (Espainia), Dominique Crenn (AEB), Heston Blumenthal (Erresuma Batua), Massimo Bottura (Italia), Michel Bras (Frantzia), Yoshihiro Narisawa (Japonia) eta Enrique Olvera (Mexiko). Horreez gan, baina, elikagaien alorreko nazinoarteko adituak be izan dira epaimahaian, besteak beste, Harold McGee idazle eta ikertzaile iparramerikarra eta Massimo Montari elikadurearen historiako aditua. Eta, ganera, Laura Esquivel idazle mexikarra, Como Agua para chocolate liburu ospetsuaren egilea eta Cristina Franchini, Nazinoarteko Legean eta Ekintza Humanitarioan aditua eta ACNUR Igeslarientzako Nazino Batuen goi komisarioa.
Basque Culinary World Prize saria 2016ko zezeilean jarri zan abian, gastronomia indar eraldatzailea bihur daitekeela frogatzen dituen adibideak autortu eta bikaintasun-bokazinoa daben ekintzaileen lana azpimarratzeko helburuagaz: jente barritzaile eta sortzailea, ekinekoa, jokera nagusiez kanpo ibilten eta arriskuak hartzen be badakiana; baina, batez be, gizarteagaz konprometidutako personak. Izan be, aitzindariek jorratutako bidea ospatzeko be sortu zan: besteak beste, Alice Waters eta Dan Barber AEBetan, Claus Mayer eta René Redzepi Danimarkan, Jamie Oliver eta Heston Blumenthal Erresuma Batuan, Gastón Acurio Perun eta Massimo Bottura Italian.
Irabazleak agirian jarri dau sukaldaritzeak pausua emon leikela zientziatik kontzientziara. Kakaoa lako sinbolo gastronomiko baten inguruan ahaleginak egituratzen ditu, eta horreek eragin positiboa dabe txokolatearen produkzino-kate osoan. Testuingurua gatxa bada bere, gastronomiak izan leiken boterea islatzen dauen adibide eredugarria da. Izan be, chefek eragin handia izan leikie, adierazo dau Joan Rocak, epaimahaiko lehendakariak.
Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuorde Bittor Orozek esan dauenez, Euskadiko gastronomiaren ezaugarriek argi erakusten dabe munduan zer izan nahi dogun eta Euskadi Basque Country lez zer proiektau nahi dogun. Hain zuzen be, nortasuna, barrikuntzea, ekintzailetzea, tradizinoa, egiten jakitea eta, zelan ez, kalidadeko produktuak bereizgarri dituan herrialdea.
Bestalde, Joxe Mari Aizegaren, Basque Culinary Centerreko zuzendariaren, arabera, Ekitaldi honen bidez gastronomiak gizartea garatzen lagun leikiela erakusten deuskuezan lekukotasun inspiratzaileak eskaini nahi genduzan. Irabazlea horren adibide argia da, gaur egun sukaldari izateak ekarri leiken ardurearen eta zentzuaren eredua. Munduan dagozan sari ugarien artean, Basque Culinary World Prizek ekintza zehatz eta eraldatzaileak saritzen ditu, chefaren maila edo ospea kontuan izan barik. Horregatik izan da hain zirraragarria.
Zezeila eta apirila bitartean, 30 herrialde inguruko 110 hautagaitik gora izentau ditue Basque Culinary World Prizerako, sariketearen webgunearen bidez. Ondoren, Arzak jatetxeko Elena Arzak chefak zuzendu eta hainbat unibersidadeko adituek osotutako batzorde teknikoak 20 finalista izentau zituan, epaimahaiak horreen artean aukeratzeko sariduna:
Alberto Crisci (Erresuma Batua), Alicia Gironella (Mexiko), Ángel León (Espainia), Ann Cooper (Estatu Batuak), Carlos Zamora (Espainia), Daniel Boulud (Frantzia/AEB), David Hertz (Brasil), Gabriel Garza (Mexiko), Jessamyn Rodriguez (Kanada / AEB), José Andrés (Espainia/AEB), Joshna Maharaj (Hegoafrika/Kanada), Leonor Espinosa (Kolonbia), Manoela Buffara (Brasil), Margot Janse (Holanda), Maria Fernanda Di Giacobbe (Venezuela), Massimiliano Alajmo (Italia), Nani Moré (Espainia), Rodolfo Guzmán, (Txile), Teresa Corçao (Brasil). Eta, azkenik, Kamilla Seidler (Danimarka) eta Michelangelo Cestari (Venezuela) hautagaitza bakarrean), Alkarrekin Bolivian egindako lanagaItik.
Saria Basque Culinary Centerrek (BCC) eta Eusko Jaurlaritzeak antolatu dabe Euskadi-Basque Country Estrategiaren esparruan. Herrialde-marka horrek EAEko erakundeen babesa eta partaidetzea dauka eta Euskadi sustatzea dau helburu, berezkoak dituan balioetan oinarrituta: ahaleginaren kulturea, konpromisoa, gainditzeko gaitasuna, eraldaketarako bokazinoa eta emakume eta gizonen arteko aukera-bardintasuna.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!