Jarduera ugari Santimamiñeko kobazuloa topau ebenetik ehun urte bete dirala ospatzeko
2016-07-08 09:47 KultureaBFAk jarduera ugari dakarz Santimamiñeko kobazuloa topau ebenetik ehun urte bete dirala ospatu eta herritarrek Santimamiñera joan eta Bizkaiko ondareko altxor hori ikusi eta ezagutu deien.
Santimamiñeko (Kortezubi) kobazuloko irudiak topau zituenetik 100 urte bete dira eta Bizkaiko Foru Aldundiak urrira arteko egitarau oparoa antolatu dau mendeurrena ospatzeko: jardunaldiak, erakusketak, lantegiak eta beste jarduera berezi batzuk.
Garagarrilean, egitarauan hiru egunetarako antolatu dira jarduerak. Hilaren 10ean, eguerdiko 12:00etan, Santimamiñe zentzumenen bidez lantegia egingo da Santimamiñen bertan. Eta garagarrilaren 23an, egun osoko jardunaldia egingo da, 100 urte Santimamiñeko ondareaz gozatzen izenekoa: zinemea koban eta bisita gidatuak 12:00etan, eta aldi berean Kobaren bila arrasto-jokoa umeentzat; iluntzean, 20:00etan, sua egiteko teknikearen erakustaldia; 21:15ean, kobara igotea zuziakaz; eta amaitzeko, 21:30ean kontzertua kobako atarian: Historiaurreko soinuak.
Zinema emonaldian film bi proiektauko ditue; lehenengoak, Historiaurrera bidaia izenekoak, 31 minutu irauten dau. Bidasoako Nazinoarteko Zinemaldi Arkeologikoan aurkeztu eben. Begoña Zubiak zuzendutako film horrek EHUren ikerketa proiektu berezi bat erakusten deusku: Santimamiñeko aztarnategitik jasotako giza fosiletako DNA mitokondriala Kortezubiko bizilagunen DNAgaz konparauta, inguruko Historiaurreko populazinoaren eta egungoaren arteko loturak bilatu ditu.
Bigarren filmak Haitzuloetako artea dau izena, 8 minutuko iraupena dauka, eta Maximina Espesok zuzendu dau, Arkeologi Museoan orain ikusgai dagoan Haitzuloetako artea, arte garaikidea aldi baterako erakusketarako. Film horretan, Diego Garate, arkeologoa eta Atxurrako irudiak topau zituana, eta Juan María Apellaniz, Bizkaiko hainbat belaunalditako arkeologoen maisua, gogoetan agertuko jakuz Paleolitoko arteari buruz ezagutzen dogunaren ganean eta analisi geometrikoan eta esperimentazinoan oinarritutako metodologia barriak erabilita ezagutza horreek gainditu beharraz.
Helduak filmak ikusten dagozan bitartean umeek ondo pasauko dabe Kobaren bila lantegian, arrastoen joko horrek Santimamiñeko sekretuak ezagutarazoko deutsez eta.
Iluntzeko zortzietan Mikel Agirre Ruiz de Gopegui arkeologoak Historiaurrean sua pizteko erabili ziran teknikak erakutsiko ditu, eta gero (09:30ean) Mixel Etxekopar musikariak Aspaldian ikuskizuna eskainiko dau kobazuloko atarian, abentura zientifiko, musikal, artistiko eta gizatiarra, Historiaurreko musika tresnak joko baititu, indusketa arkeologikoetan topautako hondarretatik birsortuak, esate baterako Nafarroa Behereko Isturizko leizean topautako flautak, xirula, ttunttuna eta abar.
Asteburua amaitzeko, garagarrilaren 24an, domekan, 12:00etan, umeentzako lantegia egingo da musika tresnen birziklapenari buruz, Jesus Guridi musikagileak Santimamiñeko kobaren aurkikuntzan zelan parte hartu eban gogoratzeko.
Ospakizun horreen bitartez Foru Aldundiak Santimamiñeko kobaren balioa nabarmendu nahi dau eta Bizkaiko ondarearen garrantzia erakutsi nahi deutse herritarrei. Euskera eta Kulturako diputadu Lorea Bilbaok gune horren garrantzia azpimarratu dau: Santimamiñe Euskal Herriko arkeologiaren erreferentziako aztarnategi paleolitikoa izan da XX. mendearen zati handi batean. Garrantzi horren jakitun, Bizkaiko Foru Aldundiak ikerketa lanak finantzau ditu. Azken batean, gure memoria kolektiboan sakontzera garoazan jakintzaren sorrerea sustatu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!