Ines Bermejok egindako XVIII. BAD jaialdiaren irudiak jantzea aldarrikatu dau

Bizkaie! 2016-07-07 12:13   Kulturea

Mobiduten ez dan irudia, jantza momentu bat da Inés Bermejo euskal artisteak Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen hurrengo edizinorako aurkeztutako irudiaren oinarria.

Mobiduten ez dan irudia, Bilbo Zaharreko txoko batean izoztuta dagoan jantza momentu bat da Inés Bermejo euskal artista eta diseinugileak Bilboko Udalak antolatu dauen BADen, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen hurrengo edizinorako aurkeztutako irudiaren oinarria. Jaialdia Bilboko sei agertokitan egingo da, urriaren 20tik 29ra.

Bilbo Zaharreko kaleetan inspirauta, BAD iragarten dauen kartelak, alde intimoenean sartuta, jantza pieza baten instante bat jasoten dauen agertokia sortzen dau. Holan, jantzeak, Bilboko antzerki garaikide jaialdian beteten dauen lekua aldarrikatzen dau, barriro be. 'Bizitzeak mobidu egiten zaitu, bizitzeak dantzatu egiten zaitu' da artisteak berak instante iradokigarri horretarako egiten dauen deskribapena.

Arte Ederretan lizentziatua eta Arte Eszenikoetako eta Ikus Kulturako Masterra UPV/EHUn, Inés Bermejo Bilbo, Milano, Berlin eta Innsbruck artean bizi izan da azken urteetan. Orain 10 urtetik arte eta kultura ekitaldien eta erakusketen komisariotzea, zuzendaritzea, antolakuntzea eta produkzino munduan dabil lanean. Bere argazkiek eta bideo-sorkuntza lanek sariak jaso ditue Europa mailako hainbat jaialditan, eta indarra hartzen dagoan arteari buruzko zenbait azokatan eta Arte experimental – Incubarte lako jaialdietan, Valentziako bideo-sorkuntza sariketan edo Italian egiten dan Palermoko Accademia di Belle Arti izenekoan parte hartzeko aukeratu dabe.

Artista legez asko gustetan jakoz jantza eta bideo-sorkuntzea, eta diziplina biak performanceakaz buztartzen ditu. Bere sorkuntza lanek, argazkiek, collageek, bideoek, eszena esku-hartzeek edo piezek, irudia eta mobimentua nahastetan ditue, ikusten dana eta izaera fisikoa aztertzen dabe eta horreen artean gertatzen diran konekzinoetatik ibilbidea egiten dabe. Bere artelan bakotxaren ostean bilaketak, prozesuak eta konekzinoak dagoz. Hori dala eta, jantzea haren laneko funtsezko elementua da, lengoaia legez.


XVIII. BAD

BADen hurrengo edizinoaren programazinoak, Adrian Schvarsteinek zuzendutako Lurrak zirku garaikideko ikuskizunaren aretoko bersinoaren aurkezpena jasoko dau Bilbon, kalean estreinau ondoren, Gasteizko Kaldearte eta Bilboko Kalealdia jaialdietan.

BADen ikusi ahal izango dan beste proposamen bat, urriaren 24an, hain zuzen be, Albert Quesadaren ACME konpainia katalanaren UnDosTresUnDos koreografia izango da. Orain denpora gitxi aukeratu dabe Circula! 2016 proiektuaren barruan (Jantza sorkuntza eta prestakuntza trena), jantzako profesionalen mobikortasuna errazteko estadu mailako ekimenean. Ekimena Kataluniako, Madrilgo, Valentziako Erkidegoko eta Euskadiko profesionalen alkarteek bultzatu dabe.

Beste alde batetik, BilbaoEszenaren – Bilboko Udaleko Baliabide Eszenikoen Zentroaren Artistak egoitzan ekimenean parte hartzeko aukeratuak izan diran lau artista gaztek euren sorkuntza prozesuak jente guztiaren edo sektoreko profesionalen aurrean aurkeztu ahal izango ditue, jaialdiaren hurrengo edizinoaren barruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu