1,7 miloe euro Ipar Euskal Herrian euskerea sustatzeko
2016-07-05 13:44 Euskerea berbagaiEusko Jaurlaritzeak eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoak 2016ko diru-laguntzen ebazpena aurkeztu dabe.
Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Mathieu Bergék, Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoaren presidenteak bi erakundeon arteko lankidetza hitzarmenean aurreikusitako diru-laguntzen ebazpena aurkeztu dabe bart Baionan.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esan dau: 10 urte bete ditu eta bizirik dago EEPren eta Eusko Jaurlaritzearen arteko lankidetzea. Bizirik eta indartsu. Uste dot bi aldeon arteko lankidetzearen fruitua ezinbesteko arnasa eta babesa dala Iparraldean euskerearen erabilerea sustatzeko lanean dabizan eragile askorentzat. Eta gehitu dau: EAEn bizpahiru belaunalditara begira ez dago jokoan euskerearen biziraupena, jokoan dagoana euskerearen bizi-indarra da, hau da, ohikotasunez eta naturaltasunez eremu desbardinetan erabilia dan hizkuntza bizia izatea. Esan nahi dot: EAEn, gaur-gaurkoz ez dago arriskuan euskerearen biziraupena, bizi-indarra da jokoan daukaguna, hizkuntza bizia eta erabilia izatea. Ezin dot, ostera, gauza bera esan Iparraldeaz. Hemen iparraldean, biziraupena bera da, gaur oraindino, euskerearen erronkea. Euskereak urtetan zehar izan dauen etenbako galerearen ondorioz, gaur oraindino galera horri langa eta hesi sendoak jarri beharra dago, ezinbestez. Amaitu behar da galereagaz. Dagoeneko badira argi-izpiak gazteen artean, sortu diralako eta sortzen dagozalako gazte euskaldun barriak. Badago, beraz, itxaropenerako motiborik. Argi-izpi horreek argitasun zabal bihurtzea da kontua, horregaitik da biziraupena euskerearen erronka hemen iparraldean. Gaur hemen Euskerearen Erakunde Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzearen lankidetzeari esker ezagutzera emoten doguzan diru-laguntza honeen helburua, beren apaltasunean, hain zuzen be euskerearen biziraupenaren erronkeari aurre egiten laguntzea da, gehitu dau sailburuordeak.
Baina euskereak biziraupenaren erronkea irabaziko dau, baldin eta iparraldeko herritarren gogoa, nahia eta borondatea hori baldin bada. Herritarren gogoa eta nahia ez da nahikoa, horregaitik emoten dira diru-laguntzinoak. Baina alperrekoak izango dira diru-laguntzak edo honeek baino handiagoak, ez bada herritarren euskerragazko gogoa eta nahia gero eta handiago egiten. Orduan bakarrik irabaziko dogu biziraupenaren erronkea, esan dau Baztarrikak.
Hizkuntza gaietan, instituzio publikoen arteko mugaz gaindiko lehen lankidetza lau urtez eroan ondoren, eta 2007-2010 epealdirako bi partaideek ebaluaketa baikorra eginda, Euskerearen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, bi erakundeen arteko lankidetza estuago bat finkatzen dauen bigarren hitzarmen-markoa izenpetu eben 2011. urteko urtarrilaren 31n, 2011-2016 hitzarmen-markoa, hain zuzen. Esangura horretan, partaide biek ontzat jo eben euskerearen transmisinoa eta erabilerea garatzeko helburua eben eragileek aurkeztutako proiektuak sustatzen segidu behar zala, partaide biek eratutako lankidetza fondo bat sortuz. Beraz, diru-laguntzen helburua da Ipar Euskal Herriko gizarte eragileek euskerearen sustapena eta garapena bultzatzeko aurkeztutako proiektuak diruz laguntzea. Alde bien ekarpenaz osotzen dan lankidetzarako fondoa, danetara, 1.730.000 eurokoa izan da aurten (igaz baino 100.000 euro gehiago). Fondo honetan, Eusko Jaurlaritzaek 400.000 euro jarri ditu.
Diru-laguntza honeek multzo bitan banatzen dira: hitzarmenen bidez adostutakoak (Iparraldeko 8 eragile nagusiak) eta Proiektu Deialdiaren bidez lagundu diranak (89 proiektu aurkeztu dira eta, horreetatik, 71 diruz lagunduko dira).
Hitzarmen bidez, irakaskuntza alorreko hainbat erakunderen jarduna laguntzen da: Seaska Federazinoa (Iparraldeko ikastolak); Ikas-bi eta Biga Bai (biak eskola publikoko eredu elebidunaren aldeko guraso alkarteak) eta Euskal Hazia (kristau eskoletan eredu elebiduna sustatzeko guraso alkartea). Alor horreez gan, eta eragile nagusien multzoan betibe, beste erakunde batzuen jarduera laguntzen da: AEK, Euskal Irratiak, Bertsularien Lagunak eta Uda Leku (azken biek, gazteentzako aisialdirako euskerazko egitasmoak kudeatzen ditue).
Proiektu Deialdian, barriz, multzo nagusi bitan sailkatzen dira egitasmoak: transmisinoan eta erabileran. Erabilerearen multzoan, aisialdia, bizitza soziala, hedabideak eta argitalpenak bereizten dira. Atal honetan, eta diru-laguntzinoaren kopuruaren arabera, hedabideen multzoa da lehenetsi dana. Bestalde, transmisinoaren multzoan, familia bidezko transmisinoaren, helduen euskalduntzearen eta lehen umezaroaren ganeko proiektuak sustatu dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!