'Zerua gris dago' albumak irabazi dau Etxepare saria
2016-07-05 10:32 KultureaIsaak Martínezen eta Liébana Goñiren Zerua gris dago albumak irabazi dau 2016ko Etxepare saria. Aurten, 23 lan aurkeztu dira. Album irabazlea Pamiela argitaletxeak argitaratuko dau udagoienean.
Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osotu dabe epaimahaia eta euren ustez, irabazle izentautako lanean adiskidetasun baten sorrerea kontetan bajaku be, generoak eragindako aurreretxien kontrako aldarri isila eskaintzen jaku, laguntasunaren aldeko proposamen sotila.
Epaimahaikideen esanetan, 'Zerua gris dago' lanak zeru grisaren azpiko zelai zurian topau daitekeen bizitzari gorazarre egiten deutso. Testuaren eta irudiaren orekea nabarmendu nahi dogu, apenas aditzik dauen testu finaren eta finezia handiz eregitako paisaia eta pertsonaien artean; emoten dau isiltasuna entzun egiten dala, edur giroak koloreak indartu egiten dituala. Zerua gris dago lanak edurraren isiltasun mutuan sartzen gaitu, ganerako doinuak entzun ahal izateko.
Irudiak oso aberatsak dirala adierazo dabe epaimahaikideek eta berba solteak, esaldi laburrak, onomatopeia esanguratsuak, orriz orri, irudiak lagun eta erritmo pausatuan, bi protagonisten jokoan parte hartzeko.
Isaak Martínezen eta Liébana Goñik 5.000 euroko saria jaso dabe, egile eskubideen aurrerapen moduan.
Isaak Martinez Ortíz
Hondarribian jaio zan 1975ean. Haur Hezkuntzako maisua da gaur egun eta Uharten bizi da. Bere lanak idazteagaz zerikusi handirik ez badau be, txikitatik gustau jako idaztea eta aspaldidanik lagunentzako edo bere buruarentzako ipuinak edo olerkiak egiten ditu.
Liébana Goñi Yárnoz
Iruñean jaio zan 1986ean. 2009an Arte Ederretan lizentziau ondoren, Diseinu Grafikoan eta Publizidade Artistikoko Zuzendaritzan espezializau zan. Ilustrazinoagaz zerikusia daben jardueretan parte hartu dau, bai bakarka edota Y Peluda kolektiboaren partaide legez. 2015ean, Ilunean Argi argitaratu eban (Denonartean Argitaletxea), berak idatzitako eta ilustrautako umeentzako bere lehenengo album ilustratua. Urte horretan bertan, bere bigarren albuma aurkeztu eban Malko izenburukoa. Gaur egun ilustrazinoagaz lotutako proiektuetan dabil.
Etxepare saria
Nafarroako Udaletako Euskera Zerbitzuek, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea egoala ikusita eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izateko sariak sortzeko asmoagaz, Etxepare sariak emoten hasi ziran 2004an.
2006tik aurrera, Etxepare umeentzako albumak sortzeko beka bihurtu zan, euskeraz sortutako albumen produkzinoa sustatzeko helburuagaz, izan be, euskeraz argitaratzen diran album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskeraz sortuak. Euskerazko album sorrerea bultzatzen dauen beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen barritzailea da hau. 2009tik, barriz, Etxepare beka izateari itxi eta sariak sortu zituen. Baldintzen artean, lehiatuko diran albumak amaituta aurkeztu behar ditue lehiakideek.
Bestalde, albumak dituan ezaugarriakaitik karua da bere produkzinoa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare sariaren helburuak beteteko ez da nahikoa saria emoteagaz, lanak argitaratzen be lagundu behar da eta, esangura horretan, saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!