'Los tremendos de Kanala', 80 urte igaro ondoren antolatutako erakusketearen protagonista

Bizkaie! 2016-07-05 09:30   Kulturea

Erakusketea Ipiña margolariaren semea dan Mikel Ipiñak eta Anton Gandariasek antolatu dabe, eta garagarrilaren 31 arte ikusgai egongo da Kanalako Gizarte Etxean.

Bart, Kanalako Gizarte Etxean Los tremendos de Kanala erakusketearen inaugurazioa izan da. Erakusketea izen bardina dauen Juan de Irigoyen Guerricabeitia idazleak idatzitako liburuaren argitalpenaren 80. urteurrenaren harian antolatu da. Erakusketan Ignacio Ipiña margolari bilbotarraren 13 margolan, antxinako mapak, edizino desbardinetako azalak eta liburua argitaratu zan 1936 urteko egunkari-zatiak ikusgai egongo dira.

Liburuagaz zeozelako loturea daben margolan bakotxagaz batera liburutik ateratako eta euskeratuak izan diran testu laburrak be egongo dira.

Bizkaiko antxinako mapak Foru Liburutegiak emondakoak dira. Azalak liburuaren edizino desbardinetakoak dira; liburua lehen aldiz Bilbon argitaratu eban Gráficas Grijelmo-k 1936an, 1500 aleko tiradea izan zan. 1958an, Editorial Vizcaina-k argitaratu eban, eta 1993an, barriz, Ediciones Mariachi-k.

Bestalde, 1936. urtean liburuaren barri emoten daben egunkari-zatiak ikusteko aukerea izango dabe bisitariek, eta Kanalako antxinako argazkiak.  

Erakusketea Ipiña margolariaren semea dan Mikel Ipiñak eta Anton Gandariasek antolatu dabe, eta garagarrilaren 31 arte ikusgai egongo da Gizarte Etxean. Erakusketeak sortutako interesa eta arrakastearen arabera Busturialdeko beste herrietan antolatzeko aukerea planteauko dabe antolatzaileek.

Los tremendos de Kanala, Juan de Irigoyen Guerricabeitiak 1936ko garagarrilaren 8an argitaratutako ohitura-nobelea da; nobela honek egungo garapen urbanistikotik kanpo dagoan Bizkaiko kostaldea erakusten deusku. Liburuan Mortero, Mastranga eta Muskullu itsasgizonen abenturak azaltzen jakuz, Cuba eta Filipinasen itsaslapurretak egin ondoren etxera itzuli ondoren. Bertan, Don Nicolás de Arrotegui eta Gaztañaga, El Diablo bizkaino-ren aginduei jaramon eginez nabegau eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu