Helena Goñik irabazi dau I. Baffest

Bizkaie! 2016-07-05 08:47   Kulturea

Argazkilari bilbotarrak Behind Blue Eyes erakusketeagaz irabazi dau hurrengo edizinorako artista konbidaduaren plazea.

Helena Goñi artista bilbotarra da Barakaldo Foto Festival (BAFFEST) ekimeneko irabazlea. Behind Blue Eyes izeneko proiektuagaz hartu dau parte. Argazkilaritzako adituez eta profesionalez osotutako epaimahaiak hiru finalistek aurkeztu dituen lanen kalidadea azpimarratu dau. Atzo, domekea, amaitu zan hiru astean zehar erakusketa eta jarduera ugari, bai eta jentearen parte-hartze handia be izan dauen Baffesten lehenengo edizinoa. Barakaldoko Udalak sustatutako Baffest ekimena bagilaren 12tik garagarrilaren 3ra arte zortzi emakume argazkilariren lanak 6 gunetan ikusgai jarri dituan argazkien uri-jaialdia da. Atal bi izan ditu: Nagusia eta Lehiaketea. Azpimarratu behar da Barakaldoko herritarrek obren aurrean adierazotako errespetua, bai eta jaialdiaren, uri-esparruaren eta herritarren arteko bizikidetza bikaina be azaldu dau Kulturako zinegotzi Nerea Canterok. Atal Nagusiak Cristina García Rodero, Lurdes R. Basoli, Cristina de Middel eta Miren Pastor artisten argazkiak erakusteaz gan, jaialdien zirkuituan be jarri dau Barakaldo.

Bizkaiko eta probintzia mugakideetako leku guztietatik etorri jakuz bisitak. Beraz, oso pozik gagoz jaialdiak izan dauen erantzuna oso ona izan dalako Barakaldorako adierazo dau jaialdiko zuzendari David de Harok. Lehiaketa atalean hiru euskal sortzaile aurkeztu dira: Helena Goñi, Ainhoa Resano eta Inma Barrio (Bilbo). Cristina de Middel eta Miren Pastor argazkilariek, David de Haro Baffesteko zuzendariak eta Roberto Villalon (Clavoardiendo aldizkariko zuzendaria) eta Erika Goyarrola (komisario independentea) adituek osotutako epaimahaiak erakusketa proposamen bakotxaren kalidade artistikoa eta diseinua balorau dau. Helena Goñi (Bilbo, 1990), Arte Ederretan lizentziatua Euskal Herriko Unibersidadean (UPV-EHU) eta Photoespaña argazki festibalean egon da eta Behind Blue Eyes argazki-liburua aurkeztu dau bertan, Argazkilaritzaren Genero eta Irudiaren 1. deialdian saritutako proiektua. Musikeak eta nerabezaroan izan zituan esperientziek eragin handia izan dabe aurkeztutako lanean. Holan, Baffesten hurrengo edizinorako argazkilari konbidatuaren plazea irabazi dau Goñik, aurten, Marina Gondra artista barakaldarrak izan dauena.

Parte-hartzea eta alkartasuna Baffesten lehenengo edizinoak herritarren parte-hartze handia izan dau erakusketakaz batera egin diran zenbait jardueratan. Jardueren artean, aitatzekoa da Argazki Solidarioen azokea, ordu bi eskasetan 750 euro lortu baitziran. Oraindino zehaztu barik dago zein erakunderi emongo jakon batutakoa. Danetara, 400 marko jarri zituen salgai, zenbait profesionalek eta zaletuk emondako argazkiez. Barakaldarrek dohaintza baten truke eskuratzeko aukerea izan eben. Baffestek ibilbide laburra badau be, herritarrakan enpatia eragin, eta parte hartze handia lortu dau, kulturea uriaren egunerokotasunean txertatuz esan dau Canterok. Txiki-argazkia eta Argazki Rallya edizino honetan egin diran ekintza ospetsuenetakoak dira. Baffest inaugurau eben egunean, familia ugari batu ziran Eskulturen parkean, zenbait jardueraz eta Instagram gizarte-sarearen bidezko argazki-lehiaketaz gozetako. Lehiaketan hiru argazki onenek jaso dabe saria. Era berean, Denbora alkarteak 60 zale erakarri zituan, euren argazki-kamerak aldean zituela, Baffesteko erakusketab guztiak, bai eta Errekatxo be bisitau eta argazkirik onenak ateratzeko. Helduen kategorian hiru sari banatu dira, eta umeen kategorian, bi.

Argazkilaritza munduan sartuta dagoan jentearentzat Clara Campoamor Zentro Zibikoan egin ziran jarduera espezializatuek erantzun ona izan eben, bai parte-hartze aldetik, bai eduki aldetik. Jaialdiak Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa, Madril, Kantabria eta Gironatik etorritako 150 profesional eta zaletu inguru batu zituan jardueretan. Parte-hartzaileen asebetetze-maila altuak ospea emoten deutso Baffesti jaialdien zirkuituan. Lehenengo edizino honetan estadu osoko argazkilarientzako foro interesgarria izatea lortu dogunez, bigarren edizinoa antolatzen hasteko bultzadea emoten deusku azaldu dau David de Harok.

Argazki Jardunaldietan ehun bat lagun batu ziran eta egun osoan izan ziran jarduerez gozau eben: berbaldiak, BoockJockey... Goizean egin zan Emakumeak Argazkilaritzan gaiari buruzko mahai-inguruak erakarri eban jente gehien; bertan, Erika Goyarrola, Miren Pastor, Cristina de Middel eta Roberto Villalón izan ziran. Arratsaldean, Cristina de Middel argazkilari espainiarrak argitaratutako argazki-liburuak atalka aztertuz bereganatu eban jentearen arretea. Izan be, pasa dan zapatuan, Miren Pastor argazkilari nafarrak hogei bat zaleri emondako Argazki liburua ezagutzen tailerrean interes handia eragin eban gero eta arreta handiagoa erakarten dauen formatuak, hau da, argazki-liburuak. Tailerrean parte hartzeko leku guztiak bete egin ziran, horrek esan nahi dau interes handia sortzen dauen diziplinea dala esan dau De Harok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu