Bilbao BBK Live jaialdian 100.000 lagun baino gehiago espero dira aurten
2016-07-01 13:36 MusikeaOraindino sarrerak geratzen dira saltzeko, baina antolatzaileak pozik dagoz, uriari onura handia ekarten deutsan jaialdia dalako. Aurtengo edizinoko kartela sendoa eta koherentea dala azpimarratu dabe.
Garagarrilaren 7an, 8an eta 9an egingo da, Kobeta mendiko landetan, Bilbao BBK Live musika-jaialdiaren 11. edizinoa. Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomikoko zinegotziak dinoanez, dagoeneko ondo finkatutako hitzordua da, musikazaleek zein ostalariek gogo handiz itxaroten dabena. Uria egiteko proiektua da jaialdia, ganera publiko eta pribaduaren arteko alkarlanetik sortua, adierazo dau Otxandianok.
Hiru egunez, nazinoarteko musika talde entzutetsuen eta gorako bidean datozan banda barrien doinuak entzuteko aukerea egongo da Kobetan. Bost eszenatokitan, 60 taldek baino gehiagok joko dabe. Arcade Fire, Pixies, Foals, Tame Impala eta abar dagoz kartelburuen artean. Kartel sendoa da eta, aurreko urteetakoakaz alderatuta, hau koherenteagoa da, azaldu dau Alfonso Santiago Last Tour International enpresa antolatzaileko zuzendariak. Pixies moduko beteranoak dagozan arren, talde gehienak gazteak dirala dino.
Bigarren eta laugarren eszenatokiak handiagoak izango dira aurtengo edizinoan eta talde ospetsuagoak eroango ditue bertara, Alfonso Santiagok aurreratu dauenez. Sarbideak eta komunen gunea be hobetuko ditue, publikoaren erosotasuna eta segurtasuna hobetzeko. Urtetik urtera Kobetako eremu hau hobetzen goaz, dino Santiagok.
Nobedade nagusia, dana dala, Basoa izeneko gune barria izango da. Izenak dinoan legez, Kobetako landen alboko basotxuan ipiniko dabe. Bertan, jantzarako musikea izango da protagonista bakarra, kontzertuetara doan jenteak jantzan egiteko txokoa euki daian. Jantzan egiteko aproposa dan edozein musika sartuko dogu hor, bardin bosanovea zein dancea, dino Alfonso Santiagok. Telefono mobilak ahaztu eta musikeagaz disfrutetako gunea izango da, musikearen oinarrietara bueltau eta ondo pasetako.
Aurtengo beste barritasun nagusia Bereziak programea da, orain dala egun batzuk aurkeztutakoa. Bilboko kaleetan musikeagaz lotutako dobako egitaraua martxan ipiniko dabe, Bilbao BBK Liveren doinuak uri guztira zabaltzeko eta jente guztiak parte hartu ahal izan daian. Ganera, kontzertuetara datozan kanpotarrak uria ezagutzera bultzatu nahi dituela zehaztu dau Santiagok.
Eskaintza zabala preparau daben arren, oraindino ez dira sarrera guztiak saldu. Aurreko edizino bietan, jaialdia hasi baino lehen agortu ziran. Dana dala, Alfonso Santiagok dino horrek ez dituala kezkatzen, urtero-urtero sarrera guztiak saltzea utopia litzatekeelako. Ganera, ia guztiak saldu diranez, 100.000 lagun baino gehiago egongo dira Kobetako landetan. Bilboren pareko uri batentzat, asko da hori.
Musika-zaleei ez eze, ostalari eta merkatariei eragiten deutsen hitzordua da Bilbao BBK Live. Sarrerea erosita daukien 100.000 persona horreetatik, 8.000 inguruk Kobetan atondutako kanpinean egingo dabe lo. Hotelen okupazinoa % 80tik gorakoa izango da eta gazteen aterpeetan leku guztiak beteta izatea aurreikusi dabe.
Atzerrian gero eta oihartzun handiagoa dauka jaialdiak eta, horren lekuko, munduko hainbat txokotatik etorriko diran kazetari espezializaduak. Alfonso Santiagok azaldu dauenez, kritikariek eskertzen dabe jaialdiek talde barriak kartelburu ipintea, betiko izenen moltsora haize freskoa ekarteko. Foals taldeagaz Bilbon egindako apustua nabarmendu dau. Era berean, Arcade Fireren Europako bira laburreko geldialdietako bat Bilbon izatea be lagungarria izan da, nazinoarteko hedabideen arretea erakarri dauelako.
Xabier Otxandianok azaldu dauenez, igazko jaialdiak 20 miloe euroko eragin ekonomikoa sortu eban Bilbon. Jaialdia hasi zanetik, guztira 136 miloetik gorako eragina egon dala ganeratu dau. Horregaitik, arlo ekonomikoan be, Bilbao BBK Live urteko hitzordurik garrantzitsuenetako bat dala uste dau zinegotziak.
Jaialdiaren egitaraua, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!