Garagarrilaren 6tik 13ra egingo da Kaleka, Lekeitioko 27. Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdia

Bizkaie! 2016-07-01 09:53   Kulturea

Kaleka indartuta dator, ondoko tokiko ekimen kulturalei esker: Euskal Zine Bilerea, Arropaineko Arragua, Lekittoko Deabruak, San Pedro Arrantzaleen Kofradia, Hitza, Erabil, Traola, Kiñuka, eta Lekeitioko Alkarte Errekreatiboa.

Hemen da Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren edizino barri bat. Jakina danez, 1989an sortu zan eta Euskal Herriko kale-arteen eremuan aurrendaria izan da. Hasieratik, badira 27 urte, tokiko sorkuntza bultzatzeagaitik, beste lurraldeakaz hartu-emonak sustatzeagaitik eta bost kontinenteetatik etorritako konpainiak konbidauta beste herrialdeakaz loturak edegiteagaitik apustu egin da.

Jaialdirako lehentasunezkoak diran kontu horreek alde batera itxi barik, 27. edizinoa 2015ekoaren ondoren hasitako gogoeta-espazio batek eraginda dator. Eta honek, lan hilebete bizi batzuk eta gero, apurka emongo dan transformazino prozesu bat hastearen beharra izan dau ondorio lez.

Garai barri hau, garatzen dagoan egoera kultural bateruntz doan garai lez hartu daiteke. Esangura horretan, Lekeitioko Udalak apustu egin dau egokitzapen prozesu malgu baten bidez udalerrian kultur ekintza garrantzitsuenetakoa dan kale antzerki jaialdia aurrera eroateko.

Aurten, beraz, egitaraua indartuta dator, ondoko tokiko ekimen kulturalei esker: Euskal Zine Bilerea, Arropaineko Arragua, Lekittoko Deabruak, San Pedro Arrantzaleen Kofradia, Hitza, Erabil, Traola, Kiñuka, eta Lekeitioko Alkarte Errekreatiboa.

Edizio honek irudi eta izen barria dakarz, Kaleka. Lekeitioko Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdia.

Aurtengo konpainiak eta artistak Kataluniatik, Balear Uharteetatik, Murtziatik, Andaluziatik, Gaztela eta Leondik, Madrildik, Singapurretik, Berlindik eta Txiletik datoz.

2016ko egitarauan honako aukerak topau doguz: Basurama kolektiboaren esku-hartzea, Toc de Fusta-ren instalazino interaktiboa, Zurrunka, Bigolis Teatre, Deabru Beltzak eta Hortzmugaren proposamen ibiltariak, Murmuyok, Maiya Murphyk eta Thomas Prattkik profesionalentzat eskainiko dituen tailerrak, Euskal Zine Bilerako proiekzinoak, Murmuyo, 13 días, Gorka y Cia., Lapso Produkzinoak, Trócola Circus, Lekittoko Deabruak, Colapse eta Circ Bover-en ikuskizunez gan.

Kalekaren lehenengo egunean, garagarrilaren 6an, ondoko lanak izango dira ikusgai: Zaborra puztu (BASURAMA): garagarrilaren 6, 7 eta 10ean, Lekeitioko plazan; espazio publikoan esku-hartze interaktibo bat planteetan dau. Instalazinoa udalerriko edo Lea-Artibai eskualdeko hondakinen materialaz (plastikoz) eginda egongo da batez be. Hondakinakaz lotzeko eta olgetako modu eta momentu ez ohiko bat izango da. Basurama burbuilearen eraikuntzan parte hartu nahi dozu? Etxean pilotutako plastiko poltsak behar dira bola erraldoi bat eregi eta puzteko garagarrilaren 10ean (instalazinoa Uribarren parkean, 11:00etatik aurrera).

Beste alde batetik, Gazing eastwards (MAIYA MURPHY): garagarrilaren 6an, 16:00retatik 20:00retara, Arropaineko Arraguan. Ekialderantz begiratuz: mendebaldeko antzerki artistak eta Asiako inspirazinoko teoria eta praktika ikastaroa Maiya Murphyren (artista, irakaslea, eta ikertzailea Singapur Unibersidadean) eskutik.

Jaialdiaren ganeko gorabeharak eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu