Administrazinoan euskerearen erabilerea gora, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzearen arabera

Bizkaie! 2016-06-30 08:53   Euskerea berbagai

Herri administrazinoetan euskerea bultzatzeko 5. Plangintzaldiaren (2013-2017) tarteko ebaluazinoa aurkeztu dau Patxi Baztarrika sailburuordeak Legebiltzarrean. Erakundeetan, euskerearen ezagutzea eta erabilerea gora doaz, baina oraindino asko dago egiteko.

Patxi Baztarrika Legebiltzarrean, aurreko beste agerraldi baten (argazkia: Eusko Legebiltzarra) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrikagaz batera, Herri Administrazinoetan Hizkuntzea Normalizetako zuzendari Joseba Lozano agertu da Eusko Legebiltzarrean. Bien artean, 5. Plangintzaldiko tarteko txostena aurkeztu dabe. Izan be, legeak bost urteko plangintzak eskatzen ditu, eta bide erdian balorazino orokorra egitea. 2013tik 2017rakoa da oraingo plana.

Euskal Erkidego Autonomoko erakunde publikoek betetako galdetegian oinarritzen da tarteko ebaluazinoa. Jentaurreko zerbitzuetan euskerea erabilten dan, lanerako hizkuntzea zein dan, administrazinoen artean zelan komuniketan diran, hizkuntza eskakizunak beteten diran eta abar neurtzen da ikerketa horretan.

Eusko Legebiltzarreko agerraldian, Baztarrikak eta Lozanok ondorio ugari aurkeztu ditue. Batetik, azpimarratu dabe, herri administrazinoetan gora egin dauela euskerearen ezagutzeak eta erabilereak, aurreko neurketeagaz alderatuta. Administrazinoaren eta arloaren arabera aldatu egiten da datua, baina jokera orokorra goranzkoa da. Batez be, herritarrakaz ahozko eta idatzizko hartu-emona egiteko orduan, euskerazko agiriak sortzen eta beharginen hizkuntza gaitasunean nabaritu da igoerea.

Halandabe, oraindino bide luzea dago egiteko, Baztarrikak eta Lozanok ganeratu dabenez. Esate baterako, herritarrei euskerazko ahozko arretea eskaintzeko orduan, gabezia nabarmenak dagoz oraindino, txostenean jasoten danez.

Datuek agirian lagatzen dabe erabilera planen garrantzia, Baztarrikaren eta Lozanoren arabera. Erakunde bakotxaren indarguneak eta makalguneak ezagutzeko aukera ona emoten dabe plangintzek eta normalizazinoan sakontzeko tresnea dira. Horren ondorioz, administrazinoa inoz baino prestatuago dago euskeraz lan egiteko eta herritarrei zerbitzua euskeraz emoteko. Bidean aurrera doaz erakunde publikoak, egiteko asko dagoan arren.

Amaitzeko, aurrera begirako barrikuntzak be aitatu ditue Hizkuntza Politikako arduradunek. Kanpoko ebaluazinoaren alde egingo dabe hurrengo neurketetan, Bikain ziurtagiriaren bidez. Modu horretara, erakunde publiko eta pribadu guztietan ebaluazinoak egiteko metodologia bateratuko da.

Beste alde batetik, Patxi Baztarrika sailburuak Eusko Legebiltzarreko agerraldia erabili dau hizkuntza eskakizunen ganeko proposamen barria aurkezteko. Administrazino publikoetako beharginei eskatzen jakezan hizkuntza gaitasunetan gorabehera batzuk topau ditue eta horreek zuzentzeko asmoz egin dau proposamena Jaurlaritzeak.

Lanpostu bakotxean eskatzen dan euskerazko mailea, lanbide horren beharretara eta kontestura hobeto egokitu nahi dabe. Jaurlaritzeak ikusi dauenez, postu batzuetan beharrezkoa ez dan gehiegizko ezagutzea eskatzen da (adibidez, C4 titulua administrari normal batentzat), beste batzuetan gitxiegi (Lehen Hizkuntza Eskakizuna arduradun batentzat, esaterako). Ganera, lanpostu bererako hiru hizkuntza eskakizun dagoz kasu batzuetan eta erespideak bateratu nahi ditue.

Erkidegoko lanpostu publiko guztiak banan-bana aztertzea ezinezkoa danez, funtzino komunikatiboen araberako 42 moltsotan banatu ditue. Bakotxari jagokozan gaitasunak aztertu, hobetzeko moduak bilatu eta proposamena HAKOBAn aurkeztu dau Jaurlaritzeak, hau da, erkidegoko erakunde publikoak batzen dituan erakundean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu