Bakioko Ados Basarte upategiko txakolin bi saritu ditue Londresen
2016-06-29 08:35 Jan edanakDecanter Awards sariketea ardaoen arloko garrantzitsuenetako bat da munduan. Ados Basarteko txakolin baltzak lehenengoz irabazi dau saria bere kategorian eta zuriak, bigarrenez.
Dona Basarte txakolin baltza, bertoko Hondarrabi Beltza mahatsa bakarrik erabilita egindako lehenengoa da Bakioko Ados Basarte upategian. Txakolin baltzaren inguruan Bakion betidanik egon dan tradizinoa berreskuratu nahi izan dabe. Basarte baserrian bertan, gitxienez 1898tik egin izan da txakolin baltza.
Decanter Awardseko saria irabazi dauen beste txakolina Ados Basarte zuria izan da. Kasu horretan be, bertoko mahatsagaz bakarrik eginda dago. Izan be, Ados Basarte upategiaren ezaugarrietako bat da, etxeko mahastietako mahatsa baino ez dabela erabilten. Kanpoko lehengai barik, eguraldiaren menpe dagoz baina produkzino guztia kontrolpean eukiteko modua emoten deutse, Ados Basarteko arduradun Maria Jose eta Arantza Zabalak azaldu dabenez. Lau hektarea eta erdiko lursailak, urtean 7.500 litro txakolin inguru emoten deutsie.
Londresen saria jasota, aurrera begira konfiantza handiagoz lan egingo dabela ziurtatu dabe Zabala ahiztek. Dona Basarteren 2015eko uztea upategiaren lehenengo txakolin baltza izan da eta, beraz, lehenengo ahaleginean irabazi dau saria. Txakolin zuriaren kasuan, igaz be Decanter Bronze izendapena jaso eban.
Nazinoarteko sariketa garrantzitsuenetako bat da Decanter Awards, mundu guztiko upategiak lehiatzen dira. Parte-hartzaileak modu zorrotzean aukeratzen ditue, dastaketa zehatzak eginaz. Aurtengo edizinoan, 69 herrialdetako 16.000 ardaok parte hartu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!