Euskharategia, artearen bidez euskerea ikasteko proiektua, Okela lantegian
2016-06-29 07:42 Euskerea berbagaiArtista erdaldunek euskerea ikasteko aukerea eukiko dabe datorren ikasturtean, Bilboko Okela sormen lantegian. Gramatika liburuen ordez, artea erabiliko dabe horretarako.
Euskereak mundu-ikuskera desbardin bat emoten deutse kolektiboei zein artistei, kultura diferente bat, azken finean mundua ikusteko beste modu bat, azaldu dabe Okela sormen lantegikoek. Euskeraz jakitea artistentzat interesgarria dala uste dabe. Horregaitik ipini dabe martxan Euskharategia.
Urriaren 5ean hasi eta 2017ko bagilaren 5era bitartean, astelehen eta eguazten iluntzeetan batuko dira Euskharategiko ikasleak. Hizkuntzea ikasiko dogu, baina ez modu tradizionalean, azaldu dabe antolatzaileek, aditzak eta deklinabideak albo batera itxi eta artearen bidez sartuko gara euskerearen munduan. Horretarako, euskerea erakusten urteak daroazan eta era berean artearen eta sorkuntzearen alorretan jarduten dauen persona bat izango da irakasle.
Izena emoten dabenek artearen ikuspegitik ikasiko dabe, beraz, euskerea. Sorkuntzarako euskereak emoten dituan aukerak ezagutuko ditue eta, bide batez, euskaldundu egingo dira, neurri bateraino behinik behin. Okela sormen lantegiak ekitaldi artistiko txiki bat antolatuko dau kurso amaieran ikasleakaz batera. Taldearen ezaugarrien arabera erabagiko dabe zelako ekintzea izango dan.
Euskeraz ez dakien (0 mailea) Euskal Herriko edozein artistak emon leike izena ikastaroan. Aurrematrikula epea zabalik dago, irailaren 5era arte. Ikastaroak 300 euroko prezioa izango dau. Informazino gehiago lortzeko edo aurrematrikulea egiteko, helbide honetara idatzi behar da: euskharategia@gmail.com
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!