Leire Berasaluze: 'Entseguak eta kontzertuak alkarregaz egoteko atxakiak izan dira guretzat'
2016-06-27 09:10 BarriketanLain taldeko abeslari eta musikaria
Zortzi urteko ibilbidearen ostean, Lain taldeak desegin egingo dala iragarri dau. Agurreko mezuan dinoenez, gure lanbide eta proiektuek ezinezko bihurtu dabe aurrera jarraitzea. Ia ezustean hasi eban Lainek ibilbidea, Youtuben ipinitako bideo batek eta Gaztea Maketa Lehiaketan irabazi izanak bultzatuta. Hiru disko argitaratu eta kontzertu gogoangarri asko emon ditu Villabonako taldeak urteotan. Zemendira bitartean, zuzeneko kontzertuak emoten ibiliko da Lain, oholtzeari aho zapore gozoagaz agur esateko asmoz.
Kristina Aranzabe, Jon Altuna, Javi Rivero, Mikel Benito eta Joseba de Arribagaz batera, Leire Berasaluze btaldeko kideetako bat da. Lain familia baten modukoa dala dino baina euren ibilbidea amaitzea beste aukerarik ez dauela ikusten. Dana dala, doktoretzea lortzeko zereginari ekingo deutson arren, musikearen mundua ez dau guztiz alboratuko.
1.- Lain taldearen proiektua eta zuen beste zereginak ezin dozuezala bateratu azaldu dozue. Zelan konturatu zarie ezinezkoa dala aurrera segidutea?
Egia esan, apurka-apurka etorri da erabagia. Lainen 15-16 urtegaz hasi ginan baina orain 24-25 bueltan gabilz eta orain dala urte batzuk sartu ziran gitarrista biek 33tik gora daukiez. Bizitzea asko aldatzen da, ez gara umeak. Joseba gure taldekidea lanera bialdu eben Estadu Batuetara eta hor hasi ginan konturatzen aldaketaz. Sei hilerako joan zan eta tarte horretan kontzertu bi geunkazan berbatuta. Biak bertan behera itxi eta atsedentxu bat hartzea erabagi genduan. Baina gero, gauza gehiago pilotu ziran: Javik enpresa bat sortu dau, Jonek gauez lan egiten dau, ni doktoretzea egiten nabil eta hiru hilerako kanpora joan behar dot... Entseguetarako be ezin ginan batu. Holan ibilteak merezidu ete dauen pentsetan ibili ginan, gure artean hasarreak sortzeko arriskua be ikusten genduan. Gure arteko maitasuna eta adiskidetasuna askoz indartsuagoa da beste guztia baino eta nahiago izan dugu Lain bertan behera itxi. Ondo amaitzeko, ia kontzertu txukun batzuk emoten doguzan eta gustura geratzen garen!
2.- Horrenbeste urte eta gero, gogorra izango da holako erabagi bat hartu behar izatea, ezta?
Bai, baina ez dogu beste aukerarik ikusi. Pena izugarria da, ze familia bat gara, entseguak eta kontzertuak alkarregaz egoteko atxakia izan dira guretzat. Orain beste bide bat topau beharko dogu alkarregaz egoteko.
3.- Zuen iragarpenaren harira, ezagunen mezurik jaso dozue?
Bai, pilo bat. Adibidez, Hesian, Vendetta, Humus, Ze Esatek, Glaukoma eta beste talde batzuetako kideek mezuak bialdu deuskuez, zelanbait esatearren 'doluminak' emoteko. Egia esan, pilo bat eskertzen da. Zaleen mezuak ere jaso doguz Facebooken, sakelako telefonoan... alderdi guztietatik heldu jakuz bai.
4.- Atzera egingo dogu: 2008an sortu zan taldea, Kristina Aranzaberen eta zure ahotsek bat eginda. Zelakoa izan zan hasikerea?
Egia esan, horregaz gogoratu eta pentsetan dot zelan dan posible hori guztia guri pasau izana. Nik 15 urte baino ez neukazan eta Kristinak 16. Youtube plataformara bideo bat igon genduan eta hilebetean 3.000 bisita izan zituan. Gero igoten joan zan, 15.000, gero 30.000. Gaur egun 500.000 baino gehiago daukaz. Ezin genduan sinistu. Ganera, Gaztearen Maketa Lehiaketea irabazi genduan, horrek be badauka istorio xelebrea: Abesti batzuk grabau genduzan, baina ganora handi barik eta taldekoei proponidu neutsenean lehiaketara bialtzeko, ezetz esan eben. Inori ezer esan barik bialdu nituan eta, halako baten, deitu egin eusten antolatzaileek, irabazi egin genduala. Horregaitik, dana izan zan sorpresa baten modukoa, ez zan ezer planifikatua izan.
5.- Agurreko mezuan dinozuenez, umeak ziniela hasitako proiektua da Lain. Zortzi urte eta gero, uste dozu heldutasunerako bidaia bat izan dala zuretzat?
Bai, duda barik, nire bizitzako puntu garrantzitsu bat da, nire nortasuna edo nire autonomia finkatzeko. Niri bakarrik ez, uste dot taldekide guztioi lagundu deuskula Lainek arlo horretan.
6.- Horrezaz gan, zer emon deutsu zuri Lainek?
Musikarako zaletasuna handia neukan lehendik be, aita musikaria dodalako [Xabier Berasaluze, Leturia], Tapia eta Leturiaren kontzertu askotan egonda nago ni. Baina ez da bardin musika kanpotik ikustea edo gustuko dozun proiektu bat sortu eta barru-barrutik bizi izatea. Nik benetan nahi izan dodana egiteko kemena emon deust Lainek. Lagun handiak be egin dodaz, nire lagunik minenak emon deustaz Lainek. Behin taldea deseginda, aurrera jarraitzeko indarra be bai. Bakotxa geure bidetik goaz orain baina, nork daki, beharbada egunen baten barriro alkartuko gara beste proiekturen baten.
7.- Taldean aldaketa batzuk egon dira urteotan, kide batzuk be aldatu dozuez. Hasikerako Lainetik gaur egungora, ze garapen nabaritu dozu taldean?
Batez be, nik uste dot edadeak izugarrizko garrantzia daukala. Itxaropen hautsien kaxa edo Aukera berri bat konposatu nituanean 15-16 urte neukazan eta gaur egun, seguruenez, ez nituan holan egingo. Heldutasun musikal bat daukagu orain. Bost taldekide izatetik sei izatera pasau ginan, ze Imanol Texasera joan zan eta haren ordez herriko beste bi ekarri genduzan. Horrek be heldutasun handia emon euskun, ze Imanol gure edadekoa da eta taldekide barriak gu baino zortzi bat urte zaharragoak dira. Heavy-metal erako taldeetan ibilitakoak ziran eta beste aire bat emon eutsien Laini.
8.- Euskal musikearen panoraman, zer ekarpen egin dau Lainek?
Nik uste dot, hasikeran freskotasun bat aportau gendula, ez zan ohikoa neska abeslari bi egotea talde baten, Maixa eta Ixiarren eta Alaitz eta Maiderren sasoietatik. Neskei eszenatokietara igoteko ilusino puntu bat sortzeko gai izan ginala uste dot.
9.- Gaur egun, ohikoa da euskal musika taldeetako abeslariak neskak izatea, modan dagoan jokerea dala esan leiteke. Beraz, zuek bidea zabaldu zenduen.
Nik uste dot, gugaz abiapuntu moduko bat egon zala, guk nahita bilatu barik. Neskak animatzeko balio izan eban.
10.- Zuen ibilbidean, aldatuko zeunkien zeozer badago? Damuren bat badozu?
Damurik ez, baina garbi dago hasikerako urteetan egindako gauza batzuk orain beste era batera egingo geunkezala. Beti esaten jake gazteei, zure edadea euki nahi neuke, baina orain dakidan guztiagaz. Niri hori pasetan jat, hasikerara bueltau nahi neuke, baina orain dakidan guztia eroanda. Zoritxarrez, ezinezkoa da.
11.- Lain taldearen ibilbidea amaitzear dago. Ikusten dozu zuen bideari segiduko deutsan talderik Euskal Herrian? Hau da, oinordeko musikalik izango dozue?
Ba, egia esan, euskal musikan gehien maite neban taldea Kerobia zan eta hareek be agur esan eben orain dala urte bat edo bi. Euskal panoraman gaur egun gustukoen dodan taldea, eta uste dot Laineko beste kideak bat etorriko dirala, Skakeitan da, Donostiako talde bat da eta urrunera helduko dala pentsetan dot. Beste alde batetik, Kometa be oso indartsu datorrela esango neuke.
12.- Zemendira bitartean, agurreko kontzertuak emongo dozuez. Lainen azkenak izango dirala kontuan hartuta, zelako kontzertuak izatea nahi dozu?
Publikoak ez dakit zelan jasoko dauen, baina, gure partetik behintzat, uste dot oso hunkigarriak izango dirala, oso sakonak. Tolosako Bonbereneako arduradunakaz berba egin dogu eta egun bat adostuko dogu behin betiko agurreko kontzertua han antolatzeko, Bonberenea guretzat hartuko dogu egun horretan.
13.- Agurreko kontzertu sorta hau gordeteko asmorik badozue, disko berezi baten edo bideoan?
Bai, bai. Azkenaldion Hodei Esnaolagaz egin izan doguz bideoklipak, Villabonako lagun bat da. Berba egin dogu beragaz, baina ez dogu guztiz zehaztu zer egin. Beharbada kontzertu guztien zatiak grabauko doguz edo, bestela, azken kontzertua osorik. Gero dokumental txiki bat egin nahi geunke, behintzat guretzat, guk gomuta hori eukiteko. Ez dakiguna da, publiko egingo dogun ala ez, ia zelan geratzen dan.
14.- Musikeagaz lotuta segiduteko asmorik badozu?
Orain, momentu honetan bertan, beste proiektu bitan be banago. Batetik, Iker Laurobari bere bakarkako proiektuan laguntzen deutsat, bere kontzertu guztietan abesten dot. Bestetik, Euskal Barrokensemble taldean Euskel Antiqva diskoa lantzen gabilz, horrek ez dauka zerikusirik orain arte egin dodanagaz. 1400 edo 1500 buelta horretako euskal kantak abesten doguz, oso diskoetxe indartsu bategaz atera genduan diskoa eta asko gabilz mobiduten, atzerrian be emonaldiak egiten doguz. Proiektu biokaz segiduteko asmoa dot eta, ganera, nik beti euki dot gogoa neure-neurea izango dan zeozer sortzeko. Atea edegita itxiko dot, egunen baten izan leiteke bakarkako egitasmoren baten hastea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!